BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK 11.300 IKUS-ENTZULEREKIN ITXI DU BERE 25. EDIZIOA, AZKEN URTEETAKO GORAKO JOERARI EUTSIZ, IAZ BAINO %5 IKUS-ENTZULE GEHIAGOREKIN

11.236 pertsona hurbildu dira zine emanaldietara eta jarduera paraleloetara, aurten programatu diren zazpi erakusketetara joan direnak zenbatu barik. FANT 25ek ez dagoela txartelik dioen kartela jarri behar izan du Sekzio Ofiziala irabazi duen Lee Croninen “The Hole in the Ground” film luzean, eta doako sarrerako 2. Aretoak %75etik gorako batez besteko asistentziari eutsi dio.

Horrez gain, zinemaldiaren 25. edizio hau dela eta, PREFANT barruan urtarriletik maiatzera antolatu diren eta aurre-estreinaldiak, liburuen aurkezpenak eta topaketa profesionalak jaso dituzten jarduera berezietan beste 2.700 pertsona baino gehiagok hartu dute parte.

 

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, 11.236 ikus-entzulerekin itxi du bere 25. edizioa, hau da, 2018an, Bilboko Udalak antolatzen duen zinemaldiaren historian orain arteko ikus-entzule gehieneko urtean, baino %5 gehiago –ospakizuneko erakusketetara joandakoak zenbatu barik–. Zinemaldiak zortzi urte daramatza etengabe hazten, programatutako zine orduei zein aretoetara doan ikus-entzule kopuruari dagokienez.

Programatutako 60 emanaldi baino gehiagoetatik, aretoa beteta zegoela zioen kartela jarri behar izan zen Estatuan estreinatzen zen eta Sekzio Ofiziala irabazi zuen Lee Croninen “The Hole in The Ground” film luzean, eta aretoa ia bete egin zen Sekzio Ofizialeko lehiaketako David Martín Porrasen “The Chain” lanaren munduko premierean. Ohikoa denez, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldiak, nazioarteko film laburren saioak eta Guggenheim – Bilbao Museoko auditorioan egin zen amaiera ekitaldiak, J.A. Bayona, FANTeko edizio honetako FANTastikoaren Izarra sariduna bertan zela, sarreren %95 inguru bete zuten.

Baina FANT 25eko asistentzia finkatuta badago eta azken urteetako zifrari aldaketa garrantzitsuegirik gabe eusten bazaio, edizio honetako jauzi nagusia PREFANT barruko jardueretako partaidetzan eman da. 25. edizioa zela eta, urtarrilean hasi ziren filmen aurre-estreinaldiak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, emanaldi bereziak eta zinegileekin izandako topaketak. Horrela, 2.700 pertsona baino gehiagok hartu dute parte urtarriletik maiatzera aurrera eramandako jardueretan, hau da, aurreko edizioetan baino hiru bider gehiago.

Horrela, azpimarragarria da Koldo Serraren “70 Binladens” filmaren aurre-estreinaldia, 512 ikus-entzulerekin –Golem – Alhondigako hiru aretotan–, eta “Destroyer” lanaren aurre-estreinaldiak ere “beteta” kartela eskegi zuen. Jarduera horietako batzuk beste jaialdi (Loraldia, Animakom, Zinegoak…) eta Hiriko erakunde batzuekin (Caostica, Azkuna Zentroa…) lankidetzan egiten dira, ikus-entzule gehiagorengana eta anitzagoengana heltzeko xedez.

Horrela, euren filmak aurkeztu gura izan dituzten eta horretara Bilbora etorri den zinegile eta antzezle kopuruak ere gora egin du. Batzuk aipatzearren, Lee Cronin, David Martín Porras, Jon Mikel Caballero, Joe Penna edo Carolina Hellsgärd aretoan egon ziren prentsarekin eta ikus-entzuleekin, eta baita euren film luzeekin Panorama Fantastikoan lehiatu ziren zinegile guztiak, zenbait antzezle, Itziar Castro edo Hanna Arterton, besteak beste, eta edizio honetan zinemaldiko ohorezko sariak jaso dituztenak ere: Jack Taylor, Guillermo de Oliveira, Fred Dekker eta J.A. Bayona.