BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANT 23K, “MONEY”, MARTÍN ROSETE MADRILDARRAREN LEHENENGO FILM LUZEA, ESKAINIKO DU PANORAMA SEKZIOAREN BARRUAN

Zinegileak gaur goizean aurkeztu du Bilbon komunikabideen aurrean gaur bertan arratsaldeko 19:50ean Golem – Alhondiga zine aretoetako 2. aretoan –doako sarrerakoa– Bilboko ikus-entzuleek ikusi ahal izango duten film luzea.

Estatu Batuetan bizi den Martín Rosete zinegile madrildarrak, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen Panorama Sekzioan lehiatuko den “Money” (EEBB, 2016) bere lehenengo film luzea aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Zine aretoetara ostiral honetan helduko den filma GAUR ARRATSALDEAN eskainiko da, 19:50etik aurrera, Golem – Alhóndiga zine aretoetako doako sarrerako 2. aretoan, zuzendariaren presentziarekin.

“Money” 2015eko udan errodatu zen New Yorkeko eta New Jerseyko hainbat lekutan, baina postprodukzioa estatuan egin zen, eta 2016ko apirilean amaitu zen. “Money” OSTIRAL honetan, maiatzaren 12an, estreinatuko da estatu osoko zine aretoetan, RossCamm-en eta Seven Films-en eskutik. Red Sea Media da nazioarteko salmenta agentzia, eta 20th Century Fox Home Entertainment-ek nazioarteko eskubideak erosi ditu eta filma herrialde askotan banatuko du uda honetan.

Filma 30 zinemaldi baino gehiagotan parte hartzeko aukeratu dute, eta 14 sari lortu ditu: Big Apple Film Festival-eko Film Hoberena, Estatu Batuetako Long Beach International Film Festival-eko Film Hoberena, Emakume Antzezle Hoberena Txinako Silk Road Film Festival-ean, eta Los Angeles Highland Park Film Festival-eko ikus-entzuleen saria, besteak beste.

“Money” filma, goi mailako gazte bikote biren egonaldi atseginarekin hasiko da. Diruz betetako bi maletatxoren agerpenak eta kide bakoitzaren alderik ilunena argitara aterako duen bizikide misteriotsu batek giroa aztoratuko dute. Martin Rosete (Madril, 1980) New Yorken bizi da une honetan. 2013an Goya sarietarako izendapena jaso zuen, eta Melies d’Or saria lortu zuen “Voice Over” film laburrari esker.

Biharko, maiatzaren 11ko, FANT programazioaren barruan, Jackson Stewartek zuzendu duen “Beyond the Gates” filmaren emanaldia dago aurreikusita, arratsaldeko 20:00etan, 1. aretoan. Barbara Cramptonek (New York, 1958) orain arte egin duen azken filma da. Lehen aldiz, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek FANTastikoaren Izarra saria banatuko du. Ohorezko sari horrek genero fantastikoan egindako ibilbide osoa aintzatetsi nahi du, eta Barbara Cramptonek jasoko du.

Telebistako hainbat saiotan lan egin ondoren, Crampton Brian de Palmaren esanetara aritu zen 1984an “Doble cuerpo” lanean. Baina generoko zine zaleen artean ezagun bilakatu zuen lana, “Re-animator” (1985) filmean Stuart Gordonen esanetara egin zuena izan zen. Beldurrezko zinearen klasiko moderno horren ondoren, generoari oso lotuta jarraitu zuen, “Re-sonator” (1986), “Trancers 2” (1991), “Robot Wars” (1993) edo “Space Truckers” (1996), bezalako lanekin, bere aurkitzailea izan zen Stuart Gordonen esanetara, berriro ere. 2011n “You’re Next” lanean aritu ondoren, Rob Zombie, Adam Wingard edo Ti West bezalako zinegile belaunaldi berriak antzezlea berreskuratu du, eta beldurrezko zinearen gorengo mailara eraman du berriro ere.

MONEY
Espainia, EE.UU. / 2016 / 86 min.
Zuzendaria: Martín Rosete.
Gidoia: Josep Ciutat.
Ekoizpena: Atit Shah, Martín Rosete.
Musika: Alfonso González Aguilar.
Muntaketa: Alex Lora, Fernando Franco.
Antzezleak: Kellan Lutz, Jesse Williams, Jamie Bamber, Jess Weixler, Lucía Guerrero.

“MONEY” TRAILERRA: https://vimeo.com/215130051
FANT23ri buruzko informazio guztia: www.fantbilbao.eus