BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANT 23K, “LA NOCHE DEL VIRGEN”, ROBERTO SAN SEBASTIÁN BILBOTARRAREN LEHENENGO FILM LUZEA, ESKAINIKO DU GAUR GAUEAN, SEKZIO OFIZIALAREN BARRUAN

Gaur gaueko 22:15ean Azkuna Zentroko Auditorioan eskainiko den filma, zuzendariak eta antzezle taldeko zenbait kidek, horien artean Javier Bódalo eta Miriam Martín protagonista biek, aurkeztu dute gaur goizean Bilbon.

Bi euskal film luze lehen aldiz lehiatuko dira FANTeko Sekzio Ofizialean: “La Noche del Virgen” eta ikus-entzuleek bihar ikusi ahal izango duten Haritz Zubillagaren “El ataúd de cristal”.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen 23. edizioa martxan dago jada, eta nazioarteko 16 film luze jasotzen dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu du. Lehiaketan parte hartuko duten filmen artean bi euskal film egongo dira lehen aldiz, Roberto San Sebastiánen “La Noche del Virgen” eta Haritz Zubillagaren “El ataúd de cristal”.

Dagoeneko 14 herrialdetan eskaini den eta mundu osoko zinemaldietan hamabi sari jaso dituen “La Noche del Virgen” filma izango da gaur gauean, 22:15etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan, Sekzio Ofizialari hasiera emango dion lana. Roberto San Sebastián bilbotarraren lehen lan luzea den film independentea gaur goizean aurkeztu da Bilbon, zuzendaria, Kevin Iglesias ekoizlea eta antzezle taldeko zenbait kide, horien artean Javier Bódalo, Victor Amilibia eta Miriam Martín, bertan zirela, Justo Ezenarro FANT Bilbaoko zuzendariak lagunduta.

Ia bi orduko iraupena duen “La noche del Virgen” (Espainia, 2016) lanak odol eta izerdi zurrunbiloa proposatzen die ikus-entzuleei, komediaren eta izuaren arteko nahasketa eszentrikoarekin. Horrela, filmak bi generoekin jolastu eta genero horiek perbertitu egiten ditu, egileen esanetan “American Pie filmeko pertsonaia bat, akatsen baten ondorioz, Cronenbergen film batean sartuko balitz” gertatuko litzatekeena erakusten duen lanean. Horrela, komedia erromantikoa dirudiena okertu eta 80ko beldurrezko lanetatik eta 90eko komediatik edaten duen zurrunbilo eskatologiko bilakatzen da.

Bilboko PLATANOBOLÍGRAFO ekoiztetxeak ekoiztu duen “La Noche del Virgen” film erabat independentea da, industriatik aparte egindakoa, hiru astetan errodatutakoa Zorrotzaurreko pabiloi batean, oso aurrekontu urriarekin. Muturreko edukia eta ekoizpen independentea izan arren, filma benetako fenomeno bilakatu da generoko zinemaldien zirkuituan, mundu osoko jaialdi garrantzitsuenetako batzuetarako aukeratua izan ondoren. Zinemaldi horietan, aurrekontua biderkatu egiten zuten nazioarteko lanekin lehiatu da, eta oso kritika onak jaso ditu prentsa espezializatuaren eta zinegileen artean, filmari buruzko iritzia eman duen Eli Roth estatubatuarrarena, besteak beste.

Gaur gauean Bilbon ikusi ahal izango den filma bost kontinenteetako 14 herrialdetan ikusi ahal izan da jadanik, eta nazio eta nazioarte mailako 12 sari jaso ditu, horien artean, Spotlight kritikari eta zinemaldi elkarteak emandako Generoko Film Hoberena; Nightmares-eko (EEBB) eta C-FEMeko (Espainia) Film Hoberenaren Saria; A Night of Horror jaialdian Ingelesa Ez den Beste Hizkuntza batean egindako Film Hoberenaren Saria; edo Epaimahaiaren Aipamen Berezia Mexikoko Mórbido Film Fest ospetsuan.

“La Noche del Virgen” filmak Nicoren, modu batera edo bestera gau horretan birjintasuna galtzeko asmoz irtengo den hogei urte inguruko gazte xaloaren, istorioa kontatzen du. Medea pikaroa ezagutzen duenean, gaua okertu egingo da… odol, izerdi… eta mota guztietako isuri zurrunbiloa bilakatzeko. Filmaren Protagonistak Javier Bódalo (Cuéntame, El espinazo del Diablo, Promoción Fantasma) eta Miriam Martín eta Victor Amilibia bilbotarrak dira, baina kameo ospetsuak ere baditu, Ignatius Farray komiko ezagunarena, besteak beste.

1987an Bilbon jaio zen Roberto San Sebastiánek 2010ean hasi zuen zuzendari ibilbidea, lehenengo film laburra egin zuenean zuzendari eta gidoilari gisa, “Cumpleaños feliz”. 2011n bigarren film laburra zuzendu zuen, “Agujero”, eta 2013an “Yayos”. Azken biak FANTen ikusi ahal izan dira.

LA NOCHE DEL VIRGEN
Espainia / 2016 / 118 min.
Zuzendaria: Roberto San Sebastián.
Gidoia: Guillermo Guerrero.
Ekoizpena: Kevin Iglesias.
Musika: Jorge Granda.
Muntaketa: Ibon Belandia Juaristi.
Antzezleak: Javier Bódalo, Miriam Martín, Victor Amilibia, Ignatius Farray, Rocio Suárez.

PRESSKIT, ARGAZKIAK, TRAILERRA “LA NOCHE DEL VIRGEN:
https://www.dropbox.com/sh/jfexg4pb5z4jw58/AACc0jU3hxjOAqyoJy-2qNE2a/Poster_Artwork?dl=0

PRENTSA BULEGOA
IRMA CERRO
T: 94 435 63 30 M: 628 538 215
Mail: [email protected]