Programak “Arty Walks” jarduera jasoko du aurten ere, auzoaren eraldaketa zuzenean ezagutzeko eta arte eta sorkuntza espazioen arduradunekin elkarrekintzan aritzeko; ekainaren 10ean, 11n eta 12an izango da. Izen emateak: www.kulturabarrutik.eus
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren BLV-Art programak IGANDEAN zabalduko du Bilbo Zaharreko arte eta sorkuntza espazioetara egiten diren bisita gidatuetan izena emateko epea. Arty Walks ekimena ekainaren 10ean, 11n eta 12an izango da, goizez eta arratsaldez (11:20an eta 17:50ean), eta saio bakoitzak bi ordu inguruko iraupena izango du. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez, kontuan izanik pertsona bakoitzak bisita bakarrerako baino ezin izango duela izenik eman.
Partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Bisita bakoitzean auzoa bizitzen ari den eraldaketa eta eraldaketa horrek inguruan finkatzen ari den arte erkidegoaren garapenean izan duen eragina azalduko da. Beste alde batetik, galerietako jendeak euren espazioen ezaugarri bereziak azalduko dizkie bisitariei, eta artistekin hitz egin ahal izango da euren artelanei buruz, erakusketen kasuan.
Aurten espazio berriak gehitu dira bisita programan, inguru horretan erreferentziazkoak diren artistak eta lekuak gehituz: Ana Capilla, Chiara Vallini, DibujaTolrato, Fausto Grossi, Ganboa Jewellery, Ignacio Sáez, Junitamakina, Mongolia gunea, Pedro Tejada, Ruben Castillejo, Sarean edo Tania Blanco, besteak beste.
Edizio honetan ezagutu ahal izango diren espazio eta artista berrien artean, etengabe esperimentatzen ari den Ana Capilla ikus-sortzailea edo, jakin-mina pizteko helburuz ikus-entzule bakarrari zuzendutako performancea sortu duen Chiara Vallini bezalako artistak azpimarratu behar dira.
Beste alde batetik, DibujaTolrato bezalako kolektiboen lana ezagutzeko aukera izango da. Talde ireki eta autokudeatutako hori, marrazketarekiko grina konpartitzen duten pertsonek osatzen dute. Ganboa Jewellery ere aipatu behar da, bere tailerrean eskuz egiten dituen egile harribitxiak erakusteko Maitena Ganboak erabiltzen duen showrooma. Abando kalean dagoen Pedro Tejada nabea ardo eta olio biltegia izan zen. Gaur egun, hainbat taldek partekatzen duten gunea da. Horien artean dago zenbait artistak euren lana ekoizteko erabiltzen duten Pedro Tejada Sorlekua.
BLV-ART programak kulturaren aldeko apustua egiten du, aipatutako auzoen garapenerako eta erabateko birgaitzerako elementu bultzatzaileetakoa baita. Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen ekimen horren helburua gune horren kultur espezializazioa da, bertako biztanleen eta bisitarien beharrei erantzun ahal izateko.
Ibilbideen zerrenda:
I (Lurra): 2016/06/10 (Gaztelaniaz)
Irteera: 17:50ean – Pedro Tejada (Abando kalea, 3)
II (Airea) = 2016/06/10 (Euskaraz)
Irteera: 17:50ean – Sarean (Mariaren Bihotzaren Plaza, 4)
III (Sua) = 2016/06/11 (Gaztelaniaz)
Irteera: 11:20an – Sarean (Mariaren Bihotzaren Plaza, 4)
IV (Ura) = 2016/06/11 (Euskaraz)
Irteera: 17:50ean – Sarean (Mariaren Bihotzaren Plaza, 4)
V (Metala) = 2016/06/12 (Gaztelaniaz)
Irteera: 11:20an Sarean (Mariaren Bihotzaren Plaza, 4)