Ziklo honen bederatzigarren edizioa azaroko ostiraletan eta larunbatetan izango da, arratsaldeko 19:30ean, Bertendona institutuan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
“Mila musika haria” ostiral honetan hasiko da, blues-aren, roots-blues-aren, country-aren, folk amerikarraren eta rock klasikoaren artean mugitzen den Getxoko “Ou Mama!” taldearekin.
Gitarraren eta harizko musika tresnen zaletuek eta jarraitzaileek, gitarraren eta harizko musika tresnen inguruan sortzen diren musikei eskainita dagoen “Mila Musika Haria” zikloaren zazpigarren edizioaz gozatu ahal izango dute OSTIRALETIK aurrera. Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako ekimenak bost kontzertu jasoko ditu –ostiralez eta larunbatez– azaroaren 30era arte, Bertendona institutuan.
Beste behin, gitarrarekin eta harizko musika-tresnekin egiten diren topaketek kalitatezko errepertorio anitza eskainiko dute. Edizio honetan harpa eta zortzi harizko gitarra ere izango ditugu. Egitaraua ostiral honetan, AZAROAREN 16an, hasiko da, blues-aren, roots-blues-aren, country-aren, folk amerikarraren eta rock klasikoaren artean mugitzen den Getxoko “Ou Mama!” taldearekin. Horrela, ingelesezko, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioz osatutako errepertorioa euren estilo berezira moldatzen dute, umorez, beti ere.
“Mila Musika Haria” programako bigarren kontzertua hurrengo egunean, larunbat honetan, izango da, Ana Crismánen eta Concha Medinaren “El arpa se hace flamenca” ikuskizunarekin. Harparen 37 hariek ahots kordekin bat egingo dute kontzertu bitxian. Musika-tresnaren birtuosoa den Ana Crismán bakarlari, eta, aldi berean, Concha Medinaren ahotsaren laguntzaile gisa arituko da, flamenkoaren musika paisaietatik egindako ibilaldian. Ana Crismánek askatasunez aztertzen ditu musika-tresna horren aukerak, eta flamenko estilo tradizionaleko errepertorioari ekiten dio. Harpa jotzaileak modu autodidaktan daramatza aurrera harpa flamenkoko musika-tresna bilakatzen duten teknika berriak. Tentuak, tangoak, soleák, alegríak, buleriak, seguiriyak, rondeñak, granainak… Estilo guztiek adierazkortasun berezia aurkituko dute harpan.
AZAROAREN 23an Robert Rodrigoren txanda izango da. Kontzertua, Barakaldoko gitarra jotzaile horren lau diskoetatik egingo den ibilbide musikala izango da, gehi musika klasikoko piezaren bat. Gitarra elektrikoaren handiekin aritu da agertokietan, eta Metal panoramako gitarra jotzaile handienetakoa da. Hurrengo egunean, azaroaren 24an, Julio Lazcanok “Distancias” lana eskainiko die ikus-entzuleei. Hainbat bidek egiten dute bat Julio Lazcanoren lanean: bere jatorrizko Argentinan sortutako musika-tresnaren inguruko teknika landua, bat-batekotasun eta konposizio lan handia, eta munduko hainbat lekutako musikarien ondoan aurrera eramandako nazioarteko jarduera artistikoa. Hori guztia argi eta garbi islatzen da “Distancias” lanean.
“Mila Musika Haria” egitarauaren edizio hau AZAROAREN 30ean amaituko da, Livio Gianola musikari italiarraren oso kontzertu bereziarekin. Ez ohiko talentua eta sentsibilitatea dituen Bergamoko (Italia) musikariak erraztasun sinestezinarekin jotzen du zortzi hariko gitarra, kontzertu bakoitzean interpretazio beroa, dinamikoa eta birtuosoa lortuz. Bere konposizioen artean Espainiako Ballet Nazionalerako egindako lana azpimarratu behar da.
Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean
AGENDA
AZAROAK 16
19:30. Bertendona institutua
Ou Mama!
Oier Garamendi: ahotsa, gitarra
Iñigo Mentxaka “Mentxi”: kaxoia, ahotsa.
Aitor Karrasko: baxua.
David Pereiro: perkusioa, ahotsa
AZAROAK 17
19:30. Bertendona institutua
“El arpa se hace flamenca”
Ana Crisman, harpa
Concha Medina, ahotsa
AZAROAK 23
19:30. Bertendona institutua
Robert Rodrigo, gitarra
AZAROAK 24
19:30. Bertendona institutua
Julio Lazcano
“Distancias”
AZAROAK 30
19:30. Bertendona institutua
Livio Gianola, gitarra
“Solo a Poniente”
Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira Bertendona Institutuan (Bertendona, 5), eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.