BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK-ZINEBIK ETA ARTE EDERREN MUSEOAK, GUADALUPE ECHEVARRÍA KOMISARIOA IZANGO DUEN BIDEO ZIKLOA AURKEZTU DUTE

Denboraren artea izenburua duen zikloa hiru saiok –ikus-entzunezko 16 pieza– osatzen dute, eta Bilboko Arte Ederren Museoak, joan den azaroaren 7an inauguratu zen 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketa dela eta antolatu dituen ekitaldien barruan dago. Emanaldiak gaur, bihar eta asteazkenean izango dira Arte Ederren Museoan, 19:00etan.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 60k, Denboraren artea izeneko bideo-zikloa aurkeztuko du edizio honetan, Guadalupe Echevarría komisarioa duena, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketa dela eta Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu dituen ekitaldien barruan.

Horrela, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, Museoarekin duen lankidetza estutu gura du, eta 60. edizioan azken garaietan Euskadin egin den ikus-entzunezko ekoizpenaren inguruko proposamena aberastu. Zikloa, ikus-entzunezko 16 piezez osatutako hiru saiotan dago antolatuta, eta, horrekin batera, Guadalupe Echevarríak berak moderatutako topaketa ere jasoko du, euskal artista bisualen presentziarekin.

Programa gaur goizean aurkeztu da Arte Ederren Museoan, eta bertan egon dira Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendaria, Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendaria eta Guadalupe Echevarría komisarioa.

68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 erakusketa Gaur taldea sortu eta bi urte geroago hasten da, 1968. urte enblematikoan. Urte horretan, berrogeiko hamarkadan jaiotako euskal artisten belaunaldia eszena artistikoan sartu zen, eta Euskal Eskolako taldeetako kide beteranoekin batera aritu ziren. Ibilbidea bost hamarkada geroago amaitu da, azkenaldiko esperientzia artistikoekin. Azken garai honetan, emakumeek egindako arteak gero eta protagonismo handiagoa hartu du.

Ia 150 artelanez –pintura, eskultura, argazkiak, bideo-artea eta paper gaineko lanak– eta hainbat belaunaldiko 100 artista inguruz osatutako aukeraketa zabalak, agertoki berezi honetan azken mende aldaketan izandako artea modernizatzeko moduak ezagutzeko aukera emango du, eta baita bertan sortutako norbanako eta taldeko ibilbideek estatuko eta nazioarteko panoraman izan duten garrantzia baloratzeko ere. Atzera begirako horren barruan dago bideo ziklo hau. Beste batzuen artean Josu Zabala, Isabel Herguera, Pablo Marte, Lorea Alfaro edo Ainize Sarasola artisten ikus-entzunezko 16 piezez osatutako hiru saio ditu.

Denboraren artea zikloko emanaldiak Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira gaur, bihar eta asteazkenean, 19:00etatik aurrera. Zikloa, Euskadiko ikus-entzunezko artistek parte hartuko duten topaketarekin osatuko da.

Guadalupe Echevarria Bordeleko Arte Goi Irakaskuntza Eskolako zuzendaria izan da, eta arte ekoizpenaren moduetara dago lotuta, haren hainbat formatan. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko eta Gasteizko Bideo Musika Jaialdiko bideo-arte jaialdiak zuzendu ditu; Bostoneko Contemporary Art Television Fund izenekoan eta Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean egin du lan. Horrez gain, kultur zentroen aholkulari izan da eta arte irakaskuntza zentroetako proiektuetan aritu da Miamin eta Bartzelonan.

EGITARAUA:

HASIERAK
Jose Luis Iglesias Fernández-Berridi (Donostia, 1961-Madril 1988)
Lo ofrecido III (1984)
10’21”
Iñigo Salaberria (Donostia, 1961)
Quai de Javel, 1984
10’19”
Josu Zabala (Otxandio, Bizkaia, 1949)
Mata a tu viejo, 1985
3’48”
Juan Crego (Salamanca, 1962)
La familia del artista no le comprende, 1986
3’07”
Isabel Herguera (Donostia, 1961)
Spain Loves You, 1988
5’52”
Marcelo Expósito (Puertollano, Ciudad Real, 1966)
Los demonios familiares, 1990
18’52”

LAS DOS MIL, LEHEN PARTEA
Erreakzioa/Reacción (Estibaliz Sadaba (Bilbo, 1963) eta Azucena Vieites (Hernani, Gipuzkoa, 1967))
La lucha por la liberación del cuerpo de las mujeres, 2007
10’13”
Marion Cruza (Bilbo, 1982) eta Nadia Barkate (Bilbo, 1980)
Red River/Rio Tinto, 2009
19’17”
Usue Arrieta (Arrasate, 1979) eta Vicente Vazquez (Tarragona, 1976)
R5, 2011
6’12”
Pablo Marte (Cadiz, 1975)
Dialéctica de la Felicidad a comienzos del siglo XXI, 2010-2012
23’42”
Maider López (Donostia, 1975)
Polder Cup, 2011
15’59”

LAS DOS MIL, BIGARREN PARTEA
Ainara Elgoibar (Mungia, Bizkaia, 1975)
Rodar y rodear, 2011-2012
2’40”
Ainize Sarasola (Orio, Gipuzkoa, 1984)
The News, 2014
19′
Jorge Núñez de la Visitación (Santurtzi, Bizkaia, 1983)
Materia oscura, 2014-2015
10’34”
Daniel Llaría (Logroño, 1985)
You are no better at swimming than you were at the beginning, 2016
5’15”
Lorea Alfaro (Lizarra, Nafarroa,1982)
Tú, re-post, 2017
16’45”