BILBOKO UDALAK IBILBIDEA PROPOSATZEN DU GAUR EGUN ERE ORAINDIK GERRA ZIBILAREN AZTARNAK GORDETZEN DITUEN HIRITIK, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAREN BITARTEZ

Ekainaren 1etik 28ra, Ercilla kalean hasiko den eta Zabalgunea hartuko duen ibilbidea proposatuko zaio jendeari, euren jardueran Gerra Zibilaren eragina jasan zuten hainbat leku ezagutzeko, altxatutako indar armatuak Bilbora sartu zirenetik 80 urte laster beteko diren honetan.

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Erreserbak datorren ASTELEHENETIK, maiatzaren 22tik, aurrera egin ahal izango dira.

Bilboko Udalak maiatzean ekin die berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan, azken gerrak eta beste borrokaldi historiko batzuek hirian utzi zuten aztarnan eta historian zentratuko da. Maiatzean, gerra zibilaren eragina jasan zuten Santutxuko leku batzuk ezagutu ziren, eta orain lehenengo horren jarraipena izango den beste bisita bat proposatzen da, baina Zabalgune ingurura.

Horrela, ekainean Ercilla kalean hasiko den eta Bilboko Zabalgunea hartuko duen oinezko ibilbidea proposatuko zaio jendeari, euren eguneroko jardunean Gerra Zibilaren eragina jasan zuten hainbat leku ezagutzeko, altxatutako indar armatuak Bilbora sartu zirenetik 80 urte laster beteko direnean –ekainaren 19an–. Tokiko ondarea ezagutarazteko bisita gidatu horiek 2005ean jarri ziren martxan, eta bisita kopuruak gora egin du, jendearen aldetik jaso duten harrera bikaina dela eta.

Gerra Zibila ekarri zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, Bilbok Bigarren Errepublikarekiko leial izaten jarraitu zuen. Eusko Jaurlaritzaren behin behineko egoitza bilakatu zen, altxatutako armadaren esanetara ari ziren hegazkin alemanek eta italiarrek bonbardatzen zuten bitartean. Burdinazko Gerrikoaren lerro gotortuak babesten zuen hiria, baina, azkenean, Francoren indarrek Bilbon sartzea lortu zuten 1937ko ekainaren 19an. Bonbardaketaz, une gogorrez eta bizirik irauteko borrokaz betetako urte horietan, Bilboko eraikin asko ospitale, presondegi, hainbat gobernu sailen egoitza, kuartel, ihes egindakoentzako ostatu, umezurztegi edo babesleku bilakatu ziren.

Zabalgune ingurua goitik behera aldatu zen hilabete haietan: hotel bat Eusko Jaurlaritzaren egoitza bilakatu zen, anarkistak goi burgesiaren aretoetatik ari ziren atzera eta aurrera, kafetegi bateko sotoa aireko erasoen aurkako babesleku bilakatu zen, Club Deportivo elkartea ospitale bilakatuta, itsasontzi-presondegiak… Une zail haietan, Bilboko inguru horretako eraikinek euren erabilera zelan aldatzen zen ikusi zuten, bando baten edo bestearen helburuak betetzeko. Eraikin horien bitartez, garai gorabeheratsu hartako Bilbori buruz gehiago jakin ahal izango du jendeak.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), datorren ASTELEHENETIK, maiatzaren 22tik, aurrera. Bisitarako topalekua, Ercilla kaleko 24a izango da.

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamabi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan eta gertakarietan jarriz.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK “Gerra Zibila II”

Ekainaren 1etik 28ra
Astearteetan eta asteazkenetan: 16:00etan eta 18:00etan
Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 17:00etan (euskaraz)
Larunbatetan: 10:00etan eta 12:00etan
Doakoa. Erreserba zabalik apirilaren 18tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Youtube eta flickr: bilbao kultura