BILBOKO UDALAK, BILBAOESZENAREN – BALIABIDE ESZENIKOEN ZENTROAREN BITARTEZ, SORKUNTZA ESZENIKOARI LAGUNTZEKO “ARTISTAK EGOITZAN” PROGRAMAREN HAMARGARREN EDIZIOA DEITU DU

Deialdira aurkeztu nahi diren euskal konpainiek eta artistek 2018ko MARTXOAREN 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak, eta BilbaoEszenak 4.000 euroko diru-laguntza eta laguntza artistikoa eta teknikoa jasoko duten hiru egitasmoak aukeratuko ditu. Egoitzetako bat, euskaraz aurrera eraman beharreko egitasmo hoberenerako erreserbatuko da.

“Artistak egoitzan” Bilboko Udalaren programa da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza bultzatzea da, euren sorkuntza proiektua aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak, instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.

Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, “Artistak Egoitzan” programaren 2018ko deialdia ireki du. Ekimen hori, duela bederatzi urte, gure Hiribilduan arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedez martxan jarritako ekimen berritzailea da.

Deialdira aurkeztu nahi duten euskal konpainiek edo artistek 2018ko MARTXOAREN 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren sorkuntza proposamenak. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.bilbao.eus edo www.badbilbao.eus web orrietan aurkitu daitekeen deialdiaren inprimaki ofiziala betetzea. Ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurbilduz aurkezten den proposamenik.

BilbaoEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu. Horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskarazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat edozein hizkuntzatan.

“Artistak Egoitzan” programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eramateko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.) eta batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik, diziplina tradizionalagoekin, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin, adibidez, erlazionatutako proiektuak baztertu barik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntza sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusia izanik. Halaber, hirugarren helburua ere aipatu behar da, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratutakoa, ekoizpen garapen prozesurako sarrera erraztuz.

EUSKAL ARTISTAK
18 urtetik gorako Euskal Herriko artistek, bakarka edo taldean aurkez ditzakete deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenarekin parte hartu nahi badute.

Egoitza bakoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta gure hiriko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez ere uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakoitzerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da. Horrez gain, aukeratutakoek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.