Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko da helbide honetan: www.kulturguneatb.eus
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei buruzko “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloari berrekingo dio ostegun honetan, urtarrilaren 8an. Hitzordu berri honek, Madre de leche y miel (Ed. Destino) bere azken eleberria aurkeztuko duen marokoar jatorriko Najat El Hachmi egilea izango du protagonista. Eleberri feministak lekua eta ahotsa errebindikatzen ditu emakumeentzat.
Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Idoia Jauregi kazetariak gidatutako “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik arrakasta lortu duten literatura garaikideko emakume egileengan zentratzeko helburuz. Orain arte Dolores Redondok, Eva García Saenz de Urturik, María Oruñak, Almudena Grandesek eta Alicia Giménezek hartu dute parte topaketa horietan.
Programaren edizio hau zabalduko duen idazlea Najat El Hachmi (Maroko, 1979) da. Filologia arabiarrean lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatetik, zortzi urte zituela heldu zen bertara, eta hamaika urterekin hasi zen idazten, hasieran denbora pasatzeko, baina pixkanaka, idaztea, aldi berean bi lekutakoa sentitzeak sortzen zion jakin-mina bideratzeko bide eta bera partaide den bi mundu horiek hurbiltzeko modu bilakatu zen.
2004an Yo también soy catalana liburua argitaratu zuen. Halaber, irratietako solasaldietan hartzen du parte eta artikuluak argitaratzen ditu prentsa idatzian. El último patriarca lanak Ramon Llull Saria jaso zuen 2008an eta lehenengo eleberriari ematen zaion Prix Ulysse izenekoa 2009an, eta Prix Méditerranée Étranger 2009 lehiaketaren finalista izan zen; hainbat hizkuntzara itzuli da, ingelesera, frantsesera, italierara, portugesera, turkierara, errumanierara eta arabierara.
Madre de leche y miel bere azken eleberriak, lehen pertsonan kontatzen du Rifeko emakume musulman baten historia. Fatimak, heldua jadanik, ezkondua eta ama, atzean utziko ditu familia eta beti bizi izan den herria, alabarekin Kataluniara emigratzeko. Bertan bizitza aurrera ateratzeko borrokatuko da. Istorio horretan etorkin horren zailtasunen berri ematen da, eta baita orain arte bizi izan duenaren eta aurkitzea uste zuenaren eta mundu berri honen artean dagoen bat ez etortzea ere.
Fatima, urteak igaro ondoren familiaren etxera itzultzen den eta bere zazpi ahizpei bizi izan duen guztia kontatzen dien ahozko kontakizun gisa egituratutako Madre de leche y miel lanak inmigrazioaren esperientziaren ikuspegi sakona eta sinesgarria eskaintzen du, bakarrik, senarraren laguntzarik gabe, bizi den emakume eta ama musulmanaren ikuspuntutik. Halaber, gaur egun landa gune musulmanean emakume izatea denari buruzko irudi osoa ematen die irakurleei.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.