BILBOKO UDALAK BIDEBARRIETA KULTURGUNEAN OSPATUKO DU ASTELEHENEAN LIBURUAREN EGUNA, MARCOS XALABARDERREK ZUZENDUKO DUEN IDAZKETA “JAM” BATEKIN

Musika eta literatura ekitaldi bitxia da, eta idazleek euren testuak inprobisatzen dituzte, musikak eta proiektatutako irudiek inspiratuta. Ikus-entzuleek, sortzen diren une berean irakur ditzakete testuak, eta idazketarekin bat egiteko gonbidapena jasotzen dute. 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

 

Bilboko Udalak Liburuaren Eguna ospatuko du astelehenean Bidebarrietako liburutegian, idazketa jam batekin; literatur ekitaldi berritzaile horretan zuzeneko idazketa eta musika elkartu egiten dira, egileen eta zuzenean parte hartzeko aukera ere baduten ikus-entzuleen arteko sinbiosia sortzeko. Saioa 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin.

Idazketa jam-a musika eta literatura ekitaldi bitxia da, eta idazleek euren testuak inprobisatzen dituzte, musikak eta proiektatutako irudiek inspiratuta. Horrela, ikus-entzuleek, sortzen diren une berean irakur ditzakete testuak, eta gura badute, idazketarekin bat egin dezakete.

Marcos Xalabarderrek zuzendutako jam-ak Dimensound musika bikotearen laguntza izango du, euren soinuekin partaideen hitzak inspiratzeko. Zenbait dinamikaren bitartez, ekitaldiak soinu, ikusmen eta buru bidaia proposatzen die ikus-entzuleei irudimenaren lurraldeetatik, literatur esperientzia paregabe eta errepikaezinaren bitartez.

Idazketa jam-a Argentinan sortu zen ekitaldi gisa, Adrián Haidukowski idazlearen eskutik, 2006an, eta gaur egun edizioak ditu Argentinan, Mexikon, Venezuelan, Kolonbian eta Estatuan. Marcos Xalabarderri dagokionez, Escritura en Vivo egitasmoaren sortzailea da. Kontakizun laburren egilea eta Pidemeuncuento.com egitasmoaren sortzailea, duela ia hamarkada bat hasi zen zuzenean inprobisatzen.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena dituen gunea da.