BILBOKO UDALAK, AUZOETAN ESKAINIKO DIREN 58 IKUSKIZUNEKIN INAUGURATUKO DU MAIATZAREN 1EAN EUSKADIKO KALEKO ANTZERKI ETA ARTE ZIRKUITU NAGUSIA DEN “ESZENA KALERA” PROGRAMAZIOA

Ikus-entzule guztiei zuzendutako zirku garaikide, clown, magia, partaidetzan oinarritutako ekintza eta kaleko antzerki ikuskizunak jasotzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, barruti guztietako auzoetara helduz, Euskal Herriko 24 konpainiaren eskutik, maiatzetik irailera.

Udalaren ekimenaren helburua hainbat motatako proposamen eszenikoak auzoetara hurbiltzea, bertako kaleak animatzea eta auzokideen eta artisten arteko harreman zuzena bultzatzea da, kaleko arte eszenikoetan aritzen diren bertako taldeei bultzada eta laguntza emateaz gain.

 

Datorren maiatzaren 1ean, Bilboko Udalak “Eszena Kalera” programa inauguratuko du. Maiatzean eta ekainean, eta aurten baita uztailean eta irailean ere, Hiriko Barruti guztietara kaleko arteen Euskadiko zirkuitu handiena eramango du. Bertan 24 euskal konpainiak hartuko dute parte. Programazioak, ikus-entzule guztiei zuzendutako 58 emanaldi jasotzen ditu –euskaraz, gaztelaniaz eta testu barik–, zirku garaikidea, clowna, magia, partaidetzan oinarritutako ekintzak eta kaleko antzerki ikuskizunak, besteak beste.

Kultura Sailaren ekimenaren helburua, zenbait proposamen eszeniko auzoetara hurbiltzea, bertako kaleak animatzea eta auzokideen partaidetza eta horrelako ikuskizunekiko harremana bultzatzea da, arte eszenikoetako bertako taldeei, batez ere, euren lanak ikus-entzuleei hurbiltzeko aukera eskaintzez gain. “Eszena Kalera” ekimenak “Bilboko Zirkuitua” programaren –areto barruko emanaldiak– lekua hartu du, eta Bilboko Udalak kultur programazio deszentralizatuaren eta arte eszenikoei ematen zaien bultzadaren alde egiten duen apustua indartzen du.

“Eszena Kalera” programan 24 konpainiak hartuko dute parte, ikus-entzuleei kalerako pentsatutako ikuskizunak eskainiz, 60 minutu edo gutxiagoak, eta ezaugarri gisa kalitatea, eta umorea dutenak. Sarritan, ikus-entzuleen partaidetza ere sustatuko dute, abestuz edo dantza eginez. Hauek izango dira programan parte hartuko dutenak: Aimar & Cía, Ameztu Produkzioak, Eidabe, El Gran Rufus, El Mono habitado, Hortzmuga, Kantu Kolore, Malicia Cía, Nimú Cía, Nogusano Cía, Oihukari Klown, Pantzart Antzerkia, Shakti Olaizola, Sudurkeriak, Trapu Zaharra, Txaloka Antzerki Taldea, Zirika Zirkus eta Zirkozaurre, magiaren alorrean espezializatuta dauden David Blanco, Dramagia y Toni la Sal, Tor Magoa, Jon Zabal, Txan Magoa eta Hodei Magoa artistez gain. .

Auzoetako kaleko zirkuitua inauguratzeaz arduratuko den artista Shakti Olaizola izango da, “Baldin bada” ikuskizunarekin, Elorrietako plazan, maiatzaren 1ean, 18:00etatik aurrera. Antzerkia, zirku garaikidea, arte plastikoak eta txotxongiloak fusionatzen dituen ikuskizuna da, eta Bilboko Udalaren partaidetza duen “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” programaren laguntza deialdiaren azken aukeraketaraino heldu zen proiektuetako bat izan zen, eta Kaleko Antzerkiaren eta Artearen Jaialdiko, Bilboko Kalealdiko, aurreko edizioan hartu zuen parte.

Programatutako 58 emanaldien artean poetikaz betetako lanak azpimarratu behar dira, eta horien ezaugarri nagusiak kalitatea, originaltasuna eta berrikuntza dira. Horrela, beste proposamen batzuen artean, Ameztu Produkzioak taldeak “PAC-MAN” bideo-joku ezagunean jolastea proposatuko die ikus-entzuleei, dantza eginez; Eidabe taldea ere umeak eta nagusiak dantzan jartzen ahaleginduko da; Hiriburuko kaleko antzerki konpainia esanguratsuenetako batzuen ikuskizunak programatu dira, Hortzmuga edo Trapu Zaharra, besteak beste, eta baita zirku garaikide emanaldiak ere, Zirika Zirkus eta Zirkozaurre, adibidez, mago ospetsu talde zabala ahaztu barik.

“Eszena Kalera” ekimenaren programazioari esker, urteko gainerakoan alor horretako eskaintza urria duten auzo batzuetan kaleko arte eszeniko ikuskizunez gozatu ahal izango dute, Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda eta Atxuri auzoetan, adibidez.

Ordutegiei, lekuei eta egunei buruzko informazio guztia eskura dago jadanik www.kulturabarrutik.eus helbidean.