BILBOKO UDALAK BAT EGINGO DU, BESTE URTEBETEZ, IKERTZAILEEN EUROPAKO GAUAREKIN, DEUSTUKO BARRUTIAN TAILERRAK ETA HITZALDIAK JASOKO DITUEN ZIENTZIAREN HEDAPENERAKO PROGRAMAREKIN

Gazteei eta helduei zuzendutako sei hitzaldi programatu dira, egunerokotasuna duten zenbait gairi buruzkoak, hainbat adituren eskutik, Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko Ikerbasque ikerlaria, Marta Macho matematikaria edo Donostia International Physics Centerreko Aitor Bergara, besteak beste.

Euskaraz eta gaztelaniaz izango diren jardunaldiak ostiralean, irailaren 28an eta larunbatean, 29an, izango dira, 18:00etatik aurrera, Deustuko Udaltegian, sarrera librearekin, tailerretarako aurretik izena eman behar den arren, webgune honetan: www.kulturabarrutik.eus

 

Aurten ere, Bilboko Udalak bat egingo du Ikertzaileen Europako Gauarekin, jende guztiarentzako tailerrak eta hitzaldiak jasotzen dituen zientziaren hedapenerako programarekin, datozen ostiral eta larunbatean –irailaren 28an eta 29an–, arratsaldez, Deustuko Udaltegian. Europako 300 hiri baino gehiagotan aldi berean ospatzen den ekitaldia da, herritarrei ikerketa eta horren protagonistak hurbiltzeko helburuz, euren lana, gizarteari ekartzen dizkioten onurak, eta eguneroko bizitzan duten eragina ezagutu ditzaten.

Euskaraz eta gaztelaniaz izango diren jarduerak 18:00etan hasiko dira, ostiralean zein larunbatean, umeei eta gazteei zuzendutako tailerrekin. 3 eta 7 urte arteko umeei zuzendutako jarduera espezifikoa programatu da. Umeek ipuin-kontalariarekin parte hartuko dute, horren ondoren, misio bat izango duen taldekako dinamikarekin jarraitzeko: etorkizuneko materiala aurkitzea. Erronka horien bitartez soluzioa aurkitu beharko dute, Nanozientziaren oinarrizko kontzeptuak ikasten dituzten bitartean.

8 eta 13 urte artean dituztenek, etorkizunean horretan aritzeko gehien gustatzen zaien zientzia-adarrean esperimentatzeko aukera emango dien espazio-tailerra izango dute. Bost maletatxo, bakoitza lanbide baterako –bioteknologia, arkitektura, astronomia, arkeologia eta artea–. Taldetan antolatu beharko dira, bakoitzean planteatzen zaien esperimentuaren soluzioa aurkitzeko.

14 urtetik gorakoei ihes jolas bat proposatuko zaie. Bertan, euren asmamena eta Nanozientzia ezagutzak erabili beharko dituzte Titana erreskatatzeko. Lapur batek mikroskopio elektroniko hori ohostu du eta kupula batean gorde du. Bertara kode sekretu batez baino ezin daiteke sartu. Neuronei eragin beharko dizkiete parte-hartzaileek 40 minutuan lapurrak bere lagunari utzi dizkion pistak argitzeko. Tailer horiek guztiak hainbat emanalditan egingo dira, ostiralean eta larunbatean, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez.

Tailerrez gain, adin guztietako ikus-entzuleek “Zaldun zientifikoak” ikuskizunaz gozatu ahal izango dute 20:15etik aurrera. Cervantesen lanaren kapitulu eta pasarte batzuk berrikusiko dira ikuskizun horretan. On Kixotek bertaratutako ikusleei lagunduko die XXI. mendeko benetako zaldun ibiltari bihurtzen. On Kixotek ez daki berak ere gauza asko ikasiko dituela zientziaren aurrerapenei esker. Zenbait erakustaldi eta esperimentu tartean, aho zabalik geratuko da On Kixote.

HITZALDIAK
Tailerrez gain, Deustuko udaltegiak jende guztiari zuzendutako hedapen zientifikoko hiru hitzaldi jasoko ditu egunero, 18:45ean, 19:15ean eta 20:00etan. Ostiralekoak zientziaren eta artearen arteko erlazioari buruzkoak izango dira, eta sarritan ahaztuta geratu diren historiako emakume zientzialari handiak eta 2016an hautemandako grabitazio-uhin iraultzaileak aztertuko dira, UPV/EHUko hiru irakaslerekin: Oskar González Kimika Analitiko Saileko irakaslea, Marta Macho Matematika Saileko irakaslea, eta Raül Vera Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakaslea.

Larunbaterako programatutako hitzaldiak Adimen Artifizialean zentratuko dira, Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko MORElab – Envisioning Future Internet taldeko irakaslearen eskutik. Minbiziak zentratuko du Arkaitz Carracedoren hitzaldia. Arlo horretako euskal ikertzaile garrantzitsuenetakoa da, CIC bioGUNEko Ikerbasque ikerlaria eta UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekular saileko irakaslea. Azken hitzaldia Aitor Bergara Donostia International Physics Centerreko ikerlariaren eskutik etorriko da, eta Fisikaren oinarrizko legeetan eta gizadian gertatzen ari diren aldaketetan horiek duten eraginean zentratuko da. Hitzaldi horiek barrutiko zenbait ikastetxetan ere emango dira aste honetan zehar.

Programazioa larunbatean itxiko da, gaueko 21:15ean, The Walk On Project egitasmoaren sortzaile izan zen Mikel Renteriak eskainiko duen kontzertu akustikoarekin. Egitasmo horrek artearekin, gizartearekin, kirolarekin eta kulturarekin erlazionatutako hainbat jarduera daramatza aurrera, gaixotasun neurodegeneratiboen errealitatea ezagutarazteko eta ikerketaren eta zientziaren aldeko gizarte kontzientzia indartzeko. Mikel Renteriak, bere jarduera ezagutarazteko erabiltzen dituen bere abestietako batzuk aurkeztuko ditu.

AGENDA

IRAILAK 28
18:00 – 18:30, 18:45 – 19:15, 19:30 – 20:00: Nanoelia (3-7 urte). Euskaraz
18:00 – 18:30, 18:45 – 19:15, 19:30 – 20:00: Bihurtu…! (8-13 urte). Euskaraz
18:00 – 20:00: Titanaren erreskatea + Hologramak. Etengabeko emanaldia. (14 urtetik aurrera) (Euskaraz eta gaztelaniaz)
18:45 – 19:15: Hitzaldia: “Kimika Mihisean”. Oskar González, UPV/EHUko Kimika Analitiko Irakaslea. Gazteentzat eta helduentzat.
19:15 – 20:00: Hitzaldia: “Érase una vez… ciencia hecha por mujeres”. Marta Macho, UPV/EHUko Matematika Saileko irakaslea. Gazteentzat eta helduentzat.
20:00 – 20:45: Hitzaldia: “Las ondas gravitacionales y el misterio de las ráfagas de rayos gamma”. Raül Vera, UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakaslea. Gazteentzat eta helduentzat.
20:15 – 21:00: Zientzia ikuskizuna: “Zaldun Zientifikoak” (Gaztelaniaz)

IRAILAK 29
18:00 – 18:30, 18:45 – 19:15, 19:30 – 20:00: Nanoelia (3-7 urte). Euskaraz
18:00 – 18:30, 18:45 – 19:15, 19:30 – 20:00: Bihurtu…! (8-13 urte). Euskaraz
18:00 – 20:00: Titanaren erreskatea + Hologramak. Etengabeko emanaldia. (14 urtetik aurrera) (Euskaraz eta gaztelaniaz)
18:45 – 19:15: Hitzaldia: “Makinen ikasketa gaitasun harrogarria”. Gorka Azkune, irakaslea Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko MORElab – Envisioning Future Internet taldean.
19:15 – 20:00: Hitzaldia: “El pasado, presente y futuro del cáncer en nuestra sociedad”. Arkaitz Carracedo, CIC bioGUNEko ikerlaria eta UPV/EHUko irakaslea. Gazteentzat eta helduentzat.
20:00 – 20:45: Hitzaldia: “Garabatos que revolucionaron la humanidad”. Aitor Bergara, UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko irakaslea eta Donostia International Physics Center-eko eta Materialen Fisika Zentroko ikertzaile kidetua. Gazteentzat eta helduentzat.
20:15 – 21:00: Zientzia ikuskizuna: “Zaldun Zientifikoak” (Gaztelaniaz)
21:15 – 22:15: Kontzertu akustikoa eta solasaldia: Mikel Rentería (Gaztelaniaz)

Hitzaldietarako sarrera librea izango da. Tailerrek aurretik izena ematea eskatzen dute, webgunearen bitartez: www.kulturabarrutik.eus. Jarduera guztiak Deustuko udaltegian izango dira. (Agirre Lehendakaria Etorbidea, 42, Bidarte jauregia)