Ekimena, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan dago, eta bisitak izango ditu euskaraz eta gaztelaniaz, irail osoan, goizez eta arratsaldez. Erreserbak 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakian.
Bilboko Udalak Hiriko eraikin berezietara egiten diren bisiten edizio berria jarri zuen martxan joan den maiatzean. Ekimen hori, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan sartzen da. Oraingo honetan, bere egunean ingeniaritzaren alorrean erreferente izan ziren industria instalazioetan zentratuko da.
Elorrietako Ponpa Etxea izenez ezagutzen denera –Bilboko lehenengo saneamendu sistema– eta Atxuriko tren geltokira egindako bisiten ondoren, irailean ikus-entzuleek Artxandako funikularra bisitatzeko aukera izango dute, gidariaren laguntzaz, instalazio horrek ehun urte betetzen dituen urte honetan, hain zuzen ere. Dagoeneko zabalik dago plazak erreserbatzeko epea, 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakietan.
XIX. mendearen amaieran, bilbotar askok aisiarako eta ondo pasatzeko leku gisa erabiltzen zuten Artxanda mendia. Inguru hartan kasino bat eta hainbat “txakolindegi” sortu ziren, jendeak bere aisiaz goza zezan. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik, baloratu egin zen Bernardo Jiménezek, hiriaren erdialdea Artxanda mendiarekin lotuko zuen kremailera tren bat eraikitzeko, prestatutako proiektua.
Ekimen horrek ez zuen aurrera egin, finantzaketa faltaren ondorioz, baina pixka bat geroago, 1915ean, Evaristo San Martín y Garazen proiektua onetsi zen. Makineria, horrelako mendiko trenetan espezialista zen enpresa suitzar batek diseinatu zuen, eta 488.407,30 pezetako inbertsioa behar izan zen, gaur egungo 2.935,39 euro, hain zuzen ere. Horrela, 2015eko urriaren 7an funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Benito Marco Gardoqui Hiriko alkate zela.
Gerra Zibilean Bilbok jasan zuen setioan, trenbideak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten eta, ondorioz zerbitzua eten egin behar izan zen, 1938ko uztailaren 18an, Mariano del Corralen proiektuan oinarrituz egindako behin behineko konponketa lanei esker, berriro ere zerbitzua ematen hasi ahal izan zen arte. 1976ko ekainaren 25ean, hainbat langile zauritu zituen istripua gertatu zen, eta, ondorioz, zerbitzua eten egin zen denbora luzez.
Horrela, zazpi urtez geldik egon ostean, 1983an goitik behera berriztatu ziren instalazio guztiak, trenbideak, kotxeak eta geltokiak, eta urte horretako apirilaren 30ean inauguratu zen berriro. Goiko geltokian, eraikuntza eta muntaketa lan guztiak erakusten dituzten argazkiak daude. Zoritxarrez, urte horretako udan izandako uholde larriek funikularrean ere izan zuten eragina. Ur, lokatz eta harkaitz asko erori ziren beheko geltokira, eta horrek guztiak hartutako altuera nasaraino eta kotxeen erdiraino heltzen zen.
Ohikoa denez, bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, irailaren 1etik aurrera, astearteetan eta asteazkenetan 17:00etan eta 18:45ean; ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan, eta larunbatetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren irailaren 29ra arte (Topalekua: Funikularraren plaza). Ostiral arratsaldetako bisitak euskaraz izango dira norbanakoentzat, eta taldeek, jarduera euskaraz egiteko eskaria egin dezakete. Talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 010 / 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).
BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamar urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen garatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz.
AGENDA:
Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK ARTXANDAKO FUNIKULARRERA
Irailaren 1etik 26ra
Astearteetan eta asteazkenetan: 17:00etan eta 18:45ean
Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 18:00etan (ostiral arratsaldetan norbanakoentzat euskaraz)
Larunbatetan: 10:00etan eta 11:45ean
Erreserba zabalik: 94 401 00 10 / 010 (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).