BILBOKO UDALAK “ARTISTAK EGOITZAN” PROGRAMAREN BESTE DEIALDI BAT IREKI DU, GEHIENEZ SEI PROIEKTU ESZENIKORI LAGUNTZA EMATEKO

  • Udalak, BilbaoEszenaren – Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, euskal artista eta konpainientzako proposamenak aurkezteko epea zabaldu du apirilaren 5ra arte.

  • Bi laguntza-mota egongo dira: hasierako fasean dauden proiektuetarako 2.000 euroko laguntzak eta garatzeko fasean dauden proiektuetarako 4.000 euroko laguntzak.

  • Artistak Egoitzan” Bilboko Udalaren programa bat da, hirian arte eszenikoen arloan ikerketa eta berrikuntza sustatzeko.

(Bilbo, 2023ko martxoaren 1).- Bilboko Udalak, Bilboko Udalaren esku dagoen Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, “Artistak Egoitzan” programaren XV. edizioaren deialdi berri bat jarri du abian. Edizio honetan parte hartu nahi duten euskal konpainiek eta artistek apirilaren 5era arte, asteazkena, dute zabalik proposamenak aurkezteko epea.

BilbaoEszenak sei arte-proiektu aukeratuko ditu gehienez, proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzeko. Deialdi hau Euskadiko artista eta konpainientzat bakarrik da (Iparralde eta Hegoalde), eta bi laguntza mota bereizten ditu: batetik, hasierako fasean dauden 2.000 euroko proiektuetarako, eta, bestetik, garatzeko fasean dauden 4.000 euroko proiektuetarako.

Aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoaren arabera, gehienez ere 25 eguneko iraupena izango duten egoitzak hiriko eremu eszenikoetan garatuko dira, ahal bada uztailean, abuztuan, irailean eta urrian.

Gainera, hautatutako pertsona edo konpainiek beren sormen-prozesuak aurkezteko aukera izango dute publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean, bai Bilbao Antzerki Dantza (BAD) Jaialdiaren hurrengo edizioaren esparruan, bai Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailaren beste programa batzuen barruan.

  • Parte hartu nahi duten pertsona edo konpainia guztiek BAD jaialdiaren web orrian aurkituko duten formularioa bete behar dute eta proiektuaren dossierra erantsi, pdf formatuan.

ARTISTAK EGOITZAN

Artistak Egoitzan” programaren helburu nagusia laguntza ematea da, baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak eta akonpainamendukoak, etab.), eremu eszenikoetan sormen- edo ikerketa-prozesu bat garatu nahi duten banakako arte-erakunde edo artista guztiei, bereziki eszena berriekin lotura handiena dutenei, interes espezifikoa eta jakintza-alor anitzekoa dutenei, ardatz nagusitzat antzerkia eta/edo dantza izanik, betiko diziplinekin lotutako proiektuak baztertu gabe, hala nola kaleko antzerkia edo zirkoa.

Programa honen bidez, Bilboko Udalak sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak erraztu eta lagundu nahi ditu, baita eremu eszenikoa bektore nagusi duten ikerketa- eta garapen-prozesuak bultzatu ere, batez ere dramaturgia berriekin zerikusia dutenak. Halaber, hirugarren helburu bat jarri beharko litzateke, talentu sortzailea aurkitu eta hari eusteko, eta, hartara, ekoizpen-garapenerako prozesurako sarbidea errazteko.

AURREKO DEIALDIAK

2022an, aukeratutako proiektuak garapen-fasean zeuden bi proiektu izan ziren– “La fragilidad de mi pene” (antzerki fisikoa)  Atic Heredia Debarena; eta “365” (dantza)  Denis Martínez artistarena. Hasierako fasean zeuden bi proiektu ere aukeratu ziren. – “Ultra Violet”(dantza) Almudena Pérezena; eta “Parábola” (dantza) Dácil Wijkströmena.

SARE SOZIALAK:

         BILBAO UDALA:          YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM      

         BILBAO KULTURA:     YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

www.bilbaokultura.eus