BILBOKO UDALAK ARTE ESZENIKOEN ETORKIZUNAREN ALDEKO APUSTUARI EUSTEN DIO, “BILBON ESKOLATIK ANTZERKIRA” PROGRAMAREKIN ETA ESKOLAKO ANTZERKI LEHIAKETAREKIN

Apirilaren amaierara arte, batez ere haur hezkuntzara eta lehen hezkuntzara zuzenduta egongo diren 26 emanaldi eskainiko dituen “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programari esker, joan den ikasturtean 5.000 ume eta gazte baino gehiagok harremana izan zuten Arte Eszenikoekin, ikus-entzule gisa.

Horrez gain, gure hiriko ikastetxeek, Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berrian parte hartzeko aukera izango dute. 21. urteurrena betetzen duen lehiaketaren helburu nagusia, umeen eta gazteen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzea da.

Horrez gain, berrikuntza gisa, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren, hurrengo edizioak, umeei eta gazteei berariaz zuzendutako zenbait proposamen jasoko ditu.

Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten dio, hezkuntzarako tresna gisa, eta ikasturte honetan ere aurrera jarraitzen du “Bilbon Eskolatik antzerkira” programarekin. Jada ohikoa den Eskola Antzerki Lehiaketarekin batera, bi ekimenek 21. urteurrena beteko dute, hasierako helburu berberekin: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Ekimen horietan, alde batetik, konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanen emanaldiak sartzen dira, eta, bestetik, sorkuntza bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagoen eta muntaketak aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eta teknikoa duten antzerki ikastaroen eta lehiaketaren bitartez.

Joan den ikasturtean, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren programazioari esker, Hiriko 5.000 ikus-entzule baino gehiagok (30 ikastetxe) harremana izan zuten Arte Eszenikoekin, euskal artista eta konpainiekin, baina baita Estatuko gainerako lekuetakoekin ere, mota guztietako gaiak lantzen dituzten eta eszenan jartze anitzak erakusten dituzten ikuskizunen bitartez. Ikasturte berri honetarako 26 emanaldi programatu dira (euskaraz eta gaztelaniaz), zazpi konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Pabellón 6 izenekoan, Bilborocken, Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko dituzte euren lanak. Eskolako antzerki denboraldia azaroaren 11n inauguratuko da, Pabellón 6 izenekoan, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Teatro Mohicano” antzezlanarekin.

Emanaldietara joateko aukera eskaintzeaz gain –aurretik ikastetxeek erreserba egin ondoren–, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren barruan, Kultura Sailak material didaktikoak ere jarriko ditu irakasleen esku, taldeekin lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule berrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

ANTZERKI LEHIAKETA
Era berean, Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berria antolatuko du 2015/2016 ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Horrela, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emanaldien lehiaketa dela esan daiteke. Ondorioz, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programaren osagarri egokiena da, izan ere, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera pasatzen baitira.

Irabazten duten taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatzen den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszenikorik hoberena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emandako soluziorik onena, interpretaziorik hoberena, partaideen adinaren arabera egindako egokitzapenik onena edo modalitate eszenikoen berreskuratze lanik hoberena. Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute. Iaz, Bilboko 23 ikastetxek hartu zuten parte, 41 lan aurkeztuz. Lan horietan 674 ikaslek hartu zuten parte.

IKUS ENTZULE BERRIAK
Aurten, Berrikuntza gisa, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, BAD-ek, umeei eta gazteei berariaz zuzendutako hiru lan jasoko ditu lehen aldiz, izan ere, umeak eta gazteak dira arte eszenikoen etorkizuna, ikus-entzule zein sortzaile gisa.

“La naturaleza y su temblor” lanak, performance motako ibilbidea proposatuko du Idoia Zabaleta koreografo arabarraren eskutik, Tomas Aragayk eta Sofia Asenciok osatutako Societat Doctor Alonso konpainia katalanarekin elkarlanean. 8 eta 14 urte arteko umeei zuzendutako ibilbide gidatu horretan partaide bakoitzak, kasko batzuen bitartez, zenbait soinu-input (testuak, musikak eta errealitatetik jasotako soinu zuzena) jasoko ditu, eta horiek errealitatea sentitzeko duten modua eraldatzen joango dira.

Macarena Recuerda artistak, bere aldetik, “Collage” tailerra proposatzen du umeentzat. Jarduera, 7 urtetik gorako ikus-entzule guztiei zuzenduta eta izen bereko pieza artistikoari lotuta egongo da. Proiektu horrek eta Idoia Zabaletarenak, BilbaoEszenaren, Bilboko Udalaren Baliabide Eszenikoen Zentroaren, Artistak Egoitzan deialdiaren laguntza jaso dute.

Amaitzeko, urriaren 31n, Bilborockek Casabranca konpainia portugesaren lanaren estreinaldia jasoko du. Oraingo honetan, Bilboko nerabeekin eta BAD-ekin berarekin lankidetzan egindako lana proposatzen du. Ana Borralhok eta João Galantek zuzendutako pieza eszenikoaren protagonista Ibarrekolanda institutuko Batxilergo Artistikoko ikasle talde bat izango da. Artistek BAD jaialdirako zuzenduko duten tailerrean hartuko dute parte, urriaren 25etik 30era.