BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK–ZINEBIK MARCO BELLOCCHIO ZINEGILE ITALIARRARI EMANGO DIO OHOREZKO MIKELDIA, EUROPAKO ZINE GARAIKIDEKO ZUZENDARI HANDIETAKO BATEN FILMOGRAFIA ZABALA AINTZATETSIZ

ZINEBIren 59. edizioa azaroaren 10etik 17ra egingo da, eta saria amaiera ekitaldian emango da, Bilboko Arriaga Antzokiko agertoki nagusian.

Jaialdiak zinegilearen La colpa e la pena (1961) eta Per una rosa (2017) –azken hori Amaiera Ekitaldian– film laburrak eta I pugni in tasca (1965), Sorelle mai (2010) eta duela denbora gutxiko Fai bei sogni (2016) film luzeak eskainiko ditu.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Marco Bellocchio zinegile italiarrari emango dio bere 59. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia, Europako zine garaikide zuzendari handienetako baten filmografia zabala aintzatetsiz. Jaialdiaren omenaldia amaiera ekitaldian jasoko du, azaroaren 17an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian.

Marco Bellocchiok originaltasun artistikoz eta konpromiso etiko eta politiko sutsuz betetako lana egin du, eta, ondorioz, zinegile deserosoa eta ez oso erraz sailkatzekoa izan da, begirada sarkorra, amorratua eta inolaz ere amore eman ez duena, eta, hori dela eta, sarritan zinegile errebelde gisa definitua izan da. 1939an jaio zen Bobbion, Emilia-Romagna lurraldeko herri txiki batean, Italia iparraldean. Errebeldia hori, bere lehen ikasketak egin zituen aita salestarren ikastetxean agertu zen lehen aldiz, eta leku berean sortu zitzaion zinegile bokazio goiztiarra.

Bi film labur –Abasso il zio eta La colpa e la pena, 1961ean– eta Ginepro fatto uomo (1962) film ertaina egin ondoren, 1965ean bere lehenengo film luzea zuzentzea lortu zuen, I pugni in tasca, opera prima bikaina, dagoeneko bere ondorengo zine guztiaren leit-motivak izango diren ezaugarrietako batzuk erakusten zituen lana: ezkerreko jarrera politiko nabarmena eta begirada kritikoa eta konformagaitza. Horien bitartez norbanakoak, gizartean duen izaera osatzen duten erakundeekin dituen harremanen kontraesanak erakutsi ditu, familiarekin, erlijioarekin eta Italiako –mendebalde guztirako balio dezake– Estatuaren aparatu ideologiko eta errepresiboekin, batez ere.

Jarrera borrokalari berberari eusten dio bere bigarren filmean, La Cina è vicina (1967). Bertan, umore garratzeko une batzuk tarteko, oso jarrera politiko desberdinak dituzten bi anaien arteko harreman zaila kontatzen da. Film horrek Veneziako Nazioarteko Zinemaldiaren Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Zine Kazetarien Sindikatu Nazionalak Gidoi Hoberenari ematen dioten Nastro d’Argento saria lortu zituen. 1969an, Italiako Komunisten Batasunak (UCI) ekoiztutako Il popolo calabrese ha rialzato la testa (Paola) dokumentala zuzendu zuen. 1969an, baita ere, Amore e rabbia talde-filmeko ataletako bat zuzendu zuen, Discutiamo, discutiamo izenekoa. Film horretan Pier Paolo Pasolinik, Bernardo Bertoluccik, Carlo Lizzanik eta Jean-Luc Godardek ere hartu zuten parte.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan egin zituen film garrantzitsuenen artean, Nel Nome del padre (1971), Nessuno o tutti. Matti da slegare (1975) dokumentala eta Marcia trionfale (1976) daude, eta baita Gian Maria Volonté protagonista izan zuen Sbatti il mostro in prima pagina (1972) eta Anton Txejoven La gaviota lanaren bertsioa (1977) ere. 1982an Gli occhi, la bocca filma zuzendu zuen, Ángela Molina protagonista zela, eta 1984an Marcello Mastroianni izan zuen Enrico IV laneko antzezle taldean, Siziliako Luigi Pirandello dramaturgo handiaren izen bereko lanaren bertsioan.

2002an bere lan arrakastatsuenetakoa zuzendu zuen, L’ora de la religione, erlijio sinesmenei, fedeari eta martirioari buruzko beste azterketa bat. Lan horri esker beste Nastro d’Argento sari bat lortu zuen, oraingo honetan Zuzendari Hoberenarena. 2003an, Buongiorno, notte lanaren bitartez, Brigada Gorriek burututako Aldo Moro politikari demokristauaren bahiketa eta hilketa berreraiki zuen, humanismo handia eta bere herrialdeko terrorismoaren kontrako alegatu hunkigarria erakutsi zituen eszenan jartze beldurgarri eta klaustrofobikoa. Film horri esker Epaimahaiaren beste Sari Berezi bat irabazi zuen 2003ko Veneziako Zinemaldian.

Filmatzeari utzi gabe, 2012an, Bella addormentata izeneko lanaren errodatze lana hasi zuen. Oraingoan ere, ekoizpen lan polemikoa eta gatazkatsua izan zen, bere lurraldearen barruan Vatikanoa hartzen duen herrialdean aitarentzat eutanasia lortzeko borrokatzen den emakume baten kasuari buruzkoa. Michael Mann zuzendari estatubatuarra buru zuen Veneziako Zinemaldiko epaimahaiak filma Urrezko lehoia lortzeko borrokatik kanpo utzi zuen, eta horrek zinegile beteranoaren erreakzio sutsua eragin zuen. Orain arte egin duen azken film luzea, 2016an egindako Fai bei sogni da.

Aurten bertan, jaialdiaren amaiera ekitaldian eskainiko den Per una rosa film laburra egin du. ZINEBI 59an La colpa e la pena (1961) film laburra eta I pugni in tasca (1965), Sorelle mai (2010) eta duela denbora gutxi egindako Fai bei sogni (2016) film luzeak ikusi ahal izango dira.