BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK–ZINEBIK JAIME CHÁVARRI ZINEGILEARI EMANGO DIO OHOREZKO MIKELDIA, ZINE DOKUMENTALAREN LAN KAPITALA DEN “EL DESENCANTO” 1976AN ESTREINATU ZENETIK 40 URTE BETE DIRENEAN

Mikeldia emateko ekitaldia jaialdiaren inaugurazio galan izango da, AZAROAREN 18an, Arriaga Antzokian.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 18tik 25era ospatuko du bere hurrengo edizioa, 58. zenbakia egiten duena.

Bilboko Udalak antolatu duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Jaime Chávarri zuzendari, gidoilari, antzezle eta zine kritikariari emango dio Ohorezko Mikeldia, erabat pertsonala den zinegilearen obra osoa aintzatetsiz, izan ere, bera barik, gaur egungo ikus-entzuleek ez lituzkete ulertuko Espainiako zine garaikidearen bilakaeraren funtsezko zenbait alderdi. Mikeldia emateko ekitaldia jaialdiaren inaugurazio galan izango da, azaroaren 18an, Arriaga Antzokian.

Bere 58. edizioan, ZINEBIK Jaime Chávarrirekin ospatu nahi du bere zinean funtsezkoa den eta Espainiako dokumentalari ordura arte ikusi gabeko ikuspegiak zabaldu eta ibili gabeko bideak eman zizkion “El desencanto” lanaren estreinaldiaren 40. urteurrena. Baina, beste ezer baino lehen, Jaialdiak zinegilearen lan zabala omendu nahi du bere Ohorezko Mikeldiarekin, izan ere, horren bitartez, sorkuntzarako askatasun paregabearekin, ondo eta txarto egindako gauzen aurrean erakutsi duen argitasunarekin eta begirada irribarretsu eta eszeptikoarekin, giza izaeraren eta haren pultsio intimoenen txoko emozional ezkutuenak aztertzen jakin izan du.

1943an Madrilen jaiotako Jaime Chávarri Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilen, Iván Zulueta adiskidearekin bi urte egin zituen Escuela Oficial de Cinematografía (EOC) izenekoan eta Film Ideal aldizkarian zine kritikak idazten hasi zen garai hartan. Oso gaztetatik, Super8 kamera batekin, lehen pausoak eman zituen film laburren zuzendari gisa, begirada bereziarekin eta sarritan nahaslearekin. EOC Eskolan egin zuen lehenengo praktiketako bat, protagonista trabesti bat zuen eta Eskolako zuzendaritzak zentsuratu zuen “El asesinato de Sharon Tate” izan zen. Zentsura hark ikasleen greba eragin zuen. 1971n “Estado de sitio” film laburrak Urrezko Mikeldia irabazi zuen garai hartan Certamen Internacional de Cine Documental y Cortometraje de Bilbao izena zeraman jaialdiaren 13. edizioan.

“Los viajes escolares” (1973), lan kontzeptuala eta formaren aldetik konplexua, erreferentzia autobiografikoz betea, izan zen zine komertzialerako egin zuen lehenengo lana. Urte batzuk geroago sekuela bitxia izan zuen “El río de oro” (1985) lanean. Halaber, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Jaime Chávarri zuzendari artistiko gisa aritu zen Carlos Sauraren (“Ana y los lobos”, 1972) eta Víctor Ericeren (“El espíritu de la colmena”, 1973) esanetara. Gainera, hainbat unetan, agerpen laburrak izan ditu antzezle gisa Luis García Berlangaren, Fernando Fernán Gómezen eta Pedro Almodóvarren filmetan, besteak beste.

1976 eta 1980 artean Elías Querejeta ekoizlearekin izan zuen lankidetzak erakusten du, inolako zalantzarik gabe, bere filmografiako une garrantzitsuena. Garai horretakoa da, hain zuzen ere, “El desencanto” (1976) lana. Garai hartan dagoeneko hilda zegoen Leopoldo Panero poetaren familiaren kronika latza da. Poetak lotura ideologikoa zuen frankismoarekin. Felicidad Blanc alarguna eta Juan Luis, Leopoldo eta Michi semeak dira, niaren eta guaren artean, bikoteko eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanen txoko ezkutuenak aztertzen dituen lanaren benetako protagonistak, eta, ikuspegi orokorragotik, Gerra Zibilak traumatizatutako herrialde baten zuntz morala.

Etapa emankor horren ondoren, Jaime Chávarrik aldatu egin zuen bere lanaren norabidea eta lankidetza epealdi luzea hasi zuen Alfredo Matas ekoizlearekin. Urte horietan zinegileak Espainiako idazleen literatur lanen zinerako moldaketak hartu zituen bere ardurapean, Llorenç Villallonga (“Bearn” edo “La casa de muñecas”, 1982) edo Fernando Fernán Gómez (“Las bicicletas son para el verano”, 1983) egileenak, besteak beste.

Garai horren amaiera aldean, Jaime Chávarrik berriro aldatu zuen norabidea, generozko zinearen lurraldeetan murgiltzeko, musika oinarria zuen melodrama hartuz erreferentzia puntu gisa. Inspirazio horretan oinarrituta zuzendu zuen, besteak beste, Ángela Molina eta Manuel Bandera protagonista zituen “Las cosas del querer” (1989), bere arrakasta komertzial garrantzitsuenetakoa. Horrez gain, antzerki zuzendari gisa ere lanen bat egin du, nazio eta nazioarte mailako dramaturgo garrantzitsuenen lanak zuzenduz, horien artean Martín Recuerda, Edward Albee eta Oscar Wilde.

Prentsa bulegoa
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com