BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK–ZINEBIK, AKI KAURISMÄKI ZINEGILE FINLANDIARRARI EMANGO DIO OHOREZKO MIKELDIA, BERE FILMOGRAFIA LUZEAN ERAKUTSI DUEN OSO ESTILO PERTSONALA AINTZATETSIZ

Banaketa ekitaldia jaialdiaren amaierako galan izango da, AZAROAREN 20an, Arriaga Antzokian.

57. edizioa azaroaren 13tik 20ra ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Aki Kaurismäki zinegile finlandiarrari emango dio edizio honetako bigarren Ohorezko Mikeldia, bere filmografia osoan erakusten jakin izan duen oso estilo pertsonala aintzatetsiz, bere irudietako bakoitzari ematen dion esanahi etiko eta estetiko sakonarengatik eta bere giza izaeraren behaketa sarkorrak erakutsi duen izaera lokal eta unibertsalarengatik.

Sariaren banaketa ekitaldia datorren azaroaren 20an izango da, Arriaga antzokian, arratsaldeko 20:00etan hasiko den ZINEBI 57ren amaierako galaren barruan.

Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957), Bigarren mailako ikasketak amaitu aurretik zazpi hiritan bizi izan zen klase ertaineko familia bateko lau seme-alabetatik hirugarrena izan zen. Akik eta Mikak, anaia txikiak, zinearekiko interesa oso gaztetatik erakutsi zuten arren, Aki ez zen onartua izan Finlandiako Zine Eskolan, eta Kazetaritza ikasketak hasi zituen Tampereko Unibertsitatean. Mikak, bere aldetik, zinematografia ikasi zuen Munichen. Denbora asko igaro baino lehen, bi anaiek euren ekoizpen etxea sortu zuten, Villealfa Oy. Bi anaien lehenengo lana Gezurtia (Valehtelija, 1981), izan zen, Mikak zuzendu eta protagonista Aki bera zuen film ertaina. Film horrek bertako zinefilia zirkuituetan lortu zuen arrakastak bere ibilbide profesionala hasteko aukera eman zion, literatura unibertsaleko lan klasiko baten moldaketarekin Krimena eta zigorra (Rikos ja rangaistus,1983).

Opera prima arrakastatsu horren ondoren, zenbait komedia burugabe samar etorri ziren, bere estiloaren ezaugarririk nabarmenenetakoa bilakatu zen tonu kritiko eta sarritan espresionistarekin egindakoak, Calamari Union (1985) film luzea eta Rocky VI (1986) film laburra, besteak beste, bere ibilbide osoko lan azpimarragarrienetako bat, Itzalak paradisuan (Varjoja paratiisissa, 1986) sinatu aurretik. Lan horrekin Canneseko Zinemaldiko Zinegileen Hamabostaldian eta Torontoko Nazioarteko Zinemaldian hartu zuen parte. Film hori, Proletariotzaren Trilogia izenekoaren lehenengoa izan zen, Moskuko Nazioarteko Zinemaldian saria lortu zuen Ariel (1988), eta Europako kritikaren aho bateko txaloak jaso zituen Pospolo lantegiko neska (Tulitikkutehtaan tyttö,1990) filmekin batera. Hiru lan horiekin, bere filmografian agertzen den leit-motivetako batek, zorigaitzak, behin betiko forma hartu zuen. Izan ere, bere pertsonaiak ahal duten bezala borrokatzen dira porrota saihesteko edo, gutxienez, porrot horren ondorioak arintzeko: duintasunari eusteko ahaleginetan ari diren betiereko galtzaileak dira.

Leningradeko cowboyak Ameriketara doaz (Leningrad Cowboys go America, 1989) eta, batez ere, Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen eta bere Galtzaileen Trilogia berriaren bigarren lana den Iraganik gabeko gizona (Mies vailla menelsyyttä, 2002) lanekin lortu zuen mundu mailako zine garaikidearen maisu aintzatespena. Trilogia hori osatzen duten beste filmak Laino iragankorrak (Kauas pilvet karkaavat, 1996) eta Argiak arratsaldean (Laitakaupungin, 2006) dira. 90eko hamarkadaren hasieratik, hamarkada osoan, Aki Kaurismäkiren lana Europako beste eszenatoki batzuetara zabalduz joan da.

Antzezleen zuzendaritzan egiten duen lanaren estilo lehor eta lakonikoa eta bere filmen ezaugarri den eszenan jartzearen urruntasuna direla eta, Aki Kaurismäki Robert Bresson eta Jean-Pierre Melville bezalako zinegile handiekin konparatu izan da. Haiek ez bezala, gero eta gutxiago disimulatzen diren umore ukituak nabarmen agertzen dira bere eraikuntza dramatikoetan. Zorigaitzaren aurreko erantzun gisa agertzen den eta Kaurismäkiren zinearen beste ardatz nagusia, baikortasuna, agertzeko aukera ematen duen umorea da. Horrela uler daiteke bihotz handiko zapata garbitzaile baten gorabeherak erakusten dituen Le Havre (2011) lanaren, orain arte egin duen azken film luzearen, amaiera. Oraingo honetan ere Aki Kaurismäkiren zine osoak erakusten duen eduki politiko argiak ez du ezkutatzen zinegile horren gogoetaren dimentsio humanistiko eta askatzaile sakona.

Prentsa bulegoa
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
www.zinebi.com