Bere lan esanguratsuena, Peggy and Fred in Hell, GAUR ARRATSALDEAN eskainiko da Golem-Alondegiko 5. zine aretoan, 17:30tik aurrera.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBI 57k, Ipar Amerikako Leslie Thornton zinegile esperimentalaren lana aurkeztuko du lehen aldiz gure herrialdean. Intentsitate teoriko eta kontzeptual handia duten bere lanak hainbat formaturekin egindako ikerketan eta esperimentazioan sartzen dira, multimedia instalazioa, dokudrama, kanal bakarreko bideoa eta 16 mm-ko filmazioak, besteak beste. Bere lanak New Yorkeko Arte Modernoko Museoa edo Parisko Pompidou Zentroa bezalako leku ezagunetan erakutsi dira.
Elena Oroz kritikari eta idazleak prestatu eta koordinatu duen “Estéticas de la incertidumbre” zikloa gaur goizean aurkeztu da Bilbon, artistaren presentziarekin. Gaur arratsaldean bere lan esanguratsuena eskainiko da, Peggy and Fred in Hell. Arratsaldeko 17:30ean izango da Golem-Alondegiko zine aretoetan. Horrez gain, ZINEBI 57k pieza labur esanguratsuenetako batzuk ere eskainiko ditu BIHAR, asteazkenean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Another Worldy, Sahara/Mojave, Oh, China Oh! edo Adynata, besteak beste. Zikloari amaiera emateko, ostegunean, 20:00etan, The Great Invisible film luzea eskainiko da, Golem-Alondegiko zine aretoetan, baita ere.
Mary Ann Doane saiogile zinematografiko ospetsuaren esanetan, Leslie Thornton-en lanek (AEB,1951) abangoardia garaikidearen izaera definitzen lagundu dute. Izan ere, Bill Krohn kritikariak 1993. urtean aipatu zuen eragin handiko Cahiers du cinéma aldizkarian, Leslie Thornton-ek dagoeneko bere lekua ziurtatua duela zinearen historian, Peggy and Fred in Hell (AEB,1985-2013) lanaren egilea izateagatik.
Bere ibilbidean ikus daiteke gero eta handiagoa izan dela narrazio mekanismoekiko, itxurarekiko eta soinuarekiko izan duen kezka, eta askotan, filmen lengoaiaren mugak bere burutik edo arauetatik haratago edo haien aurka zabaldu ditu.
Aipatutako Doane-k laburtu dituen bezala, honako hauek dira bere estiloaren eta pelikulen ekoizpen baldintzei aurre egiteko eraren ezaugarri batzuk: artxibo materialarekin lan egitea eta haren historikotasuna kontuan hartzea, lengoaiaren pathos eta bere mugak, irudiaren irakurgarritasuna, anekdota narrazio baliabide gisa erabiltzea edo biografiaren eta autobiografiaren hauskortasuna. Bestalde, bere filmografian ikus dezakegu arte objektu estatikoaren edo film baten behin betiko bertsioaren ideia arbuiatzen duela, bere hainbat proiektuek adierazten duten bezala: work in progress Peggy and Fred in Hell, aurretik aipatuta, eta The Great Invisible (AEB., 2002-2015).
1996. urtean, Leslie Thornton-ek zine independenteko arlok saririk nagusiena jaso zuen, Maya Deren Award for Independent Film and Video Artists, alegia; aurretik Kenneth Anger, Stan Brakhage eta Ivonne Rainer bezalako zinegileek jaso duten sari handia.
+ BIDEOA DESKARGATZEKO “Binocular Menagerie” (2014):
http://bit.ly/1NWOrUy