BILBOKO ANTZERKI ETA DANTZA GARAIKIDE JAIALDIAK – BADEK, VOLMIR CORDEIRO, IGOR & MORENO, ALBERT QUESADA EDO LAGARTIJAS TIRADAS AL SOL BEZALAKO ARTISTEN ETA KONPAINIEN AZKEN LANAK ESKAINIKO DITU “La FuNdicIOn” ARETOAN

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatu duen jaialdia urriaren 20tik 29ra izango da, eta “Lurrak” zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia ere jasoko du urriaren 28an, Campos Antzokian.

Bilboko Udalak antolatzen duen eta urriaren 20tik 29ra hiriko sei agertokitan ospatuko den BADek – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, nazioartean izen eta ospe handia duten zenbait konpainiaren eta artistaren azkenengo lanak eskainiko ditu “La FuNdicIOn” aretoan. Artista horien artean Volmir Cordeiro, Igor & Moreno, Lagartijas Tiradas al Sol edo Albert Quesada daude. Azken horrek, gainera, sektoreko profesionalei zuzendutako tailer bat eskainiko du.

Hurrengo edizioko programazioak, Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia ere jasoko du, URRIAREN 28an, Campos Antzokian.

“La FuNdicIOn” aretoan ikusi ahal izango diren ikuskizunetarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Bertan, eszena garaikideko artista eta konpainia garrantzitsuenetakoak bilduko dira. Horrela, programazioari hasiera emateko, urriaren 20an, Frantzian bizi den Volmir Cordeiro dantzari eta koreografo brasildar gazteak “Inês” izeneko bakarreko dantza ikuskizuna estreinatuko du Euskadin. Proposamen horrek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza du. Frantziako dantza garaikidearen munduan garrantzia eta ospe gehien hartzen ari den artistetako bat da.

Hurrengo egunean Igor & Morenoren txanda izango da. Euren egoitza Londonen duten arren, dantzak eramaten dituen lekuan bizi dira, euren lanak Europan eta Estatu Batuetan, Txilen eta Txinan aurkeztuz. Duela denbora gutxi Erresuma Batuko National Dance Awardsen izendapena jaso dute, eta Ingalaterran kritika bikainak jaso dituen “A Room For All Our Tomorrows” euren azken lana aurkeztuko dute Euskadin lehen aldiz.

Aurtengo programazioak, duela bi urte BADen egon zen Mexikoko Lagartijas Tiradas al Sol konpainia ere jasoko du. Oraingo honetan, Gabino Rodríguezek sortu duen eta antzezpenak politikari eta demokraziari buruzko gogoeta egiteko eskaintzen dituen aukeretan eta bi horiek ulertzeko eta ikusteko dugun moduan ekonomiak duen eraginean sakontzen duen “Tijuana” antzezpena eskainiko dute.

“La FuNdicIOn” aretorako egitaraua Janet Novas (urriaren 25ean eta 26an) eta Noente Paradise (urriaren 29an) Galiziako konpainien bi ikuskizunekin eta “UnDosTresUnDos” bere lan berria aurkeztuko duen Albert Quesada dantzari eta koreografo katalanarekin (urriaren 24) osatuko da. Azken ikuskizun horrek, flamenkoan barneratu eta barrutik apurtzen du, arte horren magia bereziaren alderdi bakoitza aztertuz. Bi dantzarik euren gorputzak eta ahotsak erabiltzen dituzte, flamenkoa zer den, idatzita ez dagoen eta aldi berean musika eta dantza den lengoaia horrek zelan funtzionatzen duen galdetzeko, hain komunikazio indartsua sortzeko.

PRESTAKUNTZA
Horrez gain, Albert Quesadak dantza profesionalei eta ikasleei zuzendutako tailerra eskainiko du “La FuNdicIOn” aretoan igandean, urriaren 23an, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara (10 euro). Tailer horren xedea inprobisatutako dantzan erabiltzen dugun musikaz eta sortzen dugun erritmoaz konsziente izatea izango da. Horretarako dantza landuko da, dituen era guztietan: bakarkakoak, bikoteak, hirukoteak, etab. jolasen eta mugitzen ari diren partituren bitartez, elkarrekin jolasteko eta dantza egiteko.

BADen barruan beste tailer bat ere egongo da, Dantzertin, Euskadiko Arte dramatiko eta dantza Goi Mailako Eskolan. Bertan, Igorrek & Morenok, bakoitza norbanako gisa abiatuz eta gure gertuko ingurunea hedatuz, aldaketa soziala gure eguneroko bizitzako esku-hartze koreografien bitartez has daitekeela aztertuko dute. Daily Dances horretan, koreografia, adierazteko tresna gisa proposatzeaz gain, gizarte ekintzako tresna gisa ere proposatzen da.

ZIRKU GARAIKIDEA
BADen hurrengo ediziorako programazioak, Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia ere jasoko du, URRIAREN 28an, Campos Antzokian. Adrian Schvarzsteinek zuzendutako ikuskizunaren kaleko bertsioa ekainean estreinatu zen Kaldearten, eta joan den ekainaren 27an Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia – Bilboko Kalealdia inauguratu zuen.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikide ikuskizun gisa ulertzen den ikuskizun horretan, bost antzezle eta lau musikari izango dira bere dimentsioa eta tipologia direla eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak. Izan ere, formatu handiko ekoizpen lana da, muntaketa teknikoarengatik eta, batez ere, ikuskizunean parte hartzen duen profesional kopuruarengatik.

Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osatzen duten bikotea dira. Musikariei dagokienez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori ere santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak jotzen dituenak, osatzen dute taldea.

BADEN INFORMAZIOA: www.badbilbao.eus