BILBOK GAZTEEN EKIMEN SORTZAILEAK ERANSTEKO “IDEIAK MARTXAN” PROGRAMAREN DEIALDI BERRIA AURKEZTU DU

14-35 urteko gazteek eta gazte-taldeek, bihar hasi eta irailaren 22ra bitartean, Udalak gazteentzako duen programazioa gehitzeko jardueren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte.

Aukeratutako ekimenak udal taldearen eta gazteen artean jorratuko dira.

Gaur arrastian aurreko deialdian saritutako 8 ekimenak aurkezteko ekitaldia egingo da.

Bilboko Udalak, gaur goizean, Bilborock Aretoan emandako prentsaurrekoan, Bizkaiko Foru Aldundiak kofinantzatutako “Ideiak Martxan” programaren deialdi berria aurkeztu du. Gaztedi Bizkaia 2020 estrategiaren testuinguruan, zehazki Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak izenpetutako Udal Gaztedi Bilbao hitzarmenean, kokatutako programa honek, Bilboko gazteek eta gazteen taldeek proposamenak egitea du helburu, Udalak gazteentzako duen programazioa aberasteko, horrela, bilbotar gazteen ekimena eta sormena eta proposamenak egiteko eta gauzatzeko duten gaitasuna azpimarratuta. Bilboko Udalak hainbat bider adierazi duenez, Gazteria eta Kirol Saila lanean ari da bilbotar gazteekin biltzeko guneak sortzen, udalaren politikak ikuspegi integraletik taxutzeko, lehentasuna emateko eta politikotan parte hartzeko. “Ideiak Martxan” parte hartzeko gune horietako bat da, gazteentzako programazioa eta eskaintza lantzekoa, alegia. Deialdi honen ezaugarriak eta nobedadeak:

PARTE HARTZAILEAK

Parte-hartzaileen adina 14-35 urtekoa izango da (lehen gutxienekoa 18 urtekoa zen) eta, orain arte bezala, proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke. Era berean, oraingoan ere taldeko kide bat gutxienez Bilbon erroldatuta egongo da. Programa honetan ez dira bilatzen esperientzia duten profesionalak, ezpabere ze gazte ekimentsuak, beste neska-mutil batzuekin partekatu nahi dituzten proposamenak dauzkatenak.

PROPOSAMENAK AURKEZTEA

“Ideiak Martxan” programan parte hartu nahi dutenek urtean zehar aurkeztu ditzakete (ez dago amaiera-egunik jarrita) euren proposamenak [email protected] helbide elektronikoaren bidez, proiektuaren deskripzio-fitxa beteta. Fitxa hori www.bilbao.eus web orrian dago. Behin proposamena jasota, Gazteria eta Kirol Saileko teknikariek aztertu eta proiektua egin dutenekin bilduko dira, zehaztasunetan sakontzeko eta zalantzak konpondu eta bideragarritasuna aztertzeko. Bilboko Udalak uste badu proposamena interesgarria izan daitekeela hirirako edo auzorako eta gauzatzeko moduko dela, Udaleko profesionalek gazteekin batera egingo dute lan, Udalak gazteentzat duen programazioari eransteko.

PROIEKTUEN EZAUGARRIAK

Proposamenak Bilbon bideratzekoak izango dira eta honako gaiak izango dituzte: kultura (arte plastikoak, bisualak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, musika, literatura, sormena eta berrikuntza, kultur dibertsitatea…), euskararen erabilera sozialaren sustapena, aisialdia, diseinua (grafikoa, interaktiboa, moda…), arkitektura, hirigintza eta ondarea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, zientzia eta teknologia (matematika, ingeniaritza, eraginkortasun energetikoa, digitala…), berrikuntza eta kohesio soziala (partaidetza, genero-berdintasuna eta errespetua genero-dibertsitateari eta genero-nortasunari, boluntarioak, belaunaldien arteko harremanak, kulturartekotasuna…), kontsumoa, osasuna, turismoa, kirola eta jarduera fisikoa, ingurumena eta jasangarritasuna, elkartasuna eta sentsibilizazioa eta gazteentzat interesgarriak izan daitezkeen zenbat-nahi proposamen sortzaile.

HIRUGARREN DEIALDIAN SARITUTAKO IDEIEN AURKEZPENA

Gaur arratsaldean, 18:30etik aurrera (sarrera dohainik) Bilborock Aretoan eta Pechakucha formatuan “Ideiak Martxan” programaren aurreko edizioan saritu zituzten zortzi ekimenak aurkeztuko dituzte gazte sustatzaileek gehienez sei minutu eta berrogei segundotan. Proiektu batzuk gauzatu dira dagoeneko, adibidez “Recrea”, zabor gutxiago sortzeari, berriro erabiltzeari eta birziklatzeari buruzkoa. “Pakitxou”, formatu txikiko proposamen eszenikoetarako, emakumeek komikiaren eta bideo-jokoen munduan duten eginkizunari buruzkoa edo Spoken Word Topaketa, testu poetikoak antzezteko era berritzaile honen erreferentziak bildu dituena Bilborocken

Gainerako lau ekimenak gauzatze-prozesuan edota gauzatzear daude. Hauek dira, hain zuzen: Solifest, elikagai gaindikinen gestioari buruzko sentsibilizazioa eta kontzertu solidarioak uztartzen dituena; irailaren 21etik 25era bitartean izango da. Explora jaialdia, gorantz doazen euskal artisten erakusketa; irailaren 24an eta 25ean izango da. Bilboko Arkitekturaren Astea (irailaren 30etik urriaren 9ra), inguruan dugun ondare arkitektonikoari balioa emateko. Gazteen Musika Festa, azaroaren 5ean; 12-20 urteko musikari gazteek jendaurrean agertuko dute euren talentua.