BILBOK DATORREN HAMARKADAN URIKO KULTUR EKINTZA GIDATUKO DUEN IBILBIDE-ORRIA AURKEZTU DU

  • Kulturaren Plan Estrategikoaren (2023 – 2033) helburua da kultura funtsezko elementu gisa sendotzea Bilboren eta bilbotarren garapen orekatu eta kohesionatua bultzatzeko, baita uriaren eta sektore inplikatuen garapen ekonomikoa sustatzeko ere.
  • Plana sei lan-ildo estrategiko nagusitan eta zeharkako lau ildotan egituratuta dago. Horiek 135 ekintza-ildotan zertu dira, kulturak Bizkaiko hiriburuaren gizarte-eraldaketaren eta jarduera ekonomikoaren motor izaten jarrai dezan.
  • Plana osatzeko, 570 pertsonaren (sektoreko eragileak, herritarrak, udal-ordezkariak, kultur elkarteen eta barrutiko kontseiluen ordezkariak) 5.000 ekarpen baino gehiago jaso dira.

(Bilbo, 2023ko otsailaren 8a).- Gaur goizean, Arriaga Antzokiko agertokian, 2023-2033 aldirako Kulturaren Plan Estrategikoa aurkezteko ekitaldia egin da. Plan hori izango da udalaren kultur ekintza hurrengo hamarkadan gidatuko duen ibilbide-orria, eta Udalaren kultur politikak egonkortzea eta hobetzea ahalbidetuko du.

Juan Mari Aburto alkateak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak Planaren ildo nagusiak azaldu dituzte, uriko kultur eta sormen-sektoreen, hainbat arloren eta udal-ordezkaritza duten alderdi politikoen ordezkaritza handi baten aurrean. Alkateak azpimarratu duenez, «estrategiaren bidez, tokiko kultur jarduera sustatu ahal izango dugu, Bilbo kultur hiri gisa nazioartean proiektatu, parte-hartzea eta kultur kontsumoa bultzatu, hiriko kultur aktiboei balioa eman, jarduera berriak erakarri eta Kultura eta Sormen Industrien garapena lagundu».

BILBOKO KULTUR EKOSISTEMARAKO IBILBIDE-ORRIA

Kulturaren Plan Estrategikoaren (2023 – 2033) sorrera-asmoa da kultura bi dimentsiotan funtsezko elementu gisa sendotzeko ibilbide-orria izatea. Alde batetik, Bilboren eta bilbotarren garapen orekatu eta kohesionatuan laguntzeko, kulturarako sarbideari dagokionez. Eta, bestetik, uriaren eta bertan diharduten profesionalen, enpresen eta erakundeen garapen ekonomikoa sustatzeko. Bi dimentsiook genero-berdintasunaren, euskararen erabileraren eta transmisioaren, aniztasunarekiko arretaren eta garapen jasangarriaren araberako ikuspegia dute.

Lan horren emaitza, Juan Mari Aburtok adierazi duenez, «Plan zorrotz, zehatz eta parte hartzearen bidezkoa da, kulturaren arloko sentsibilitate desberdinak biltzen dituena», eta, sortzetiko elkarlaneko izaerari eutsirik, «bizirik eta zabalik egongo da, ezarri ditugun ekintza-ildo guztiak garatu ahal izateko, bai eta horien bilakaeraren jarraipena egin ahal izateko ere».

SEI ILDO ESTRATEGIKO ETA ZEHARKAKO LAU

Gaur aurkeztutako plana sei lan-ildo estrategiko nagusitan eta lau zeharkako ildotan egituratuta dago. Horiek hurrengo hamarkadan garatuko diren 135 ekintza-ildotan zertu dira.

1. KULTURA URIAREN KOHESIO ETA ERALDAKETA SOZIALERAKO ELEMENTU GISA.

Lan-prozesuak abiaraziko dira hainbat esparrutan, hala nola kultur eskubideak, hurbileko azpiegitura eta ekipamenduak edo kultura auzoen arteko integrazio- eta kohesio-faktore gisa. Besteak beste, honako ekintza hauek aipatu behar dira:

  • Kultur programazio egonkor, plural eta kalitatezkoa bermatzea, herritarrei kulturarako sarbidea errazteko aurrekontu eta baliabide egokiak eskainiz. (1. ekintza)

  • Kultur jarduerak hainbat barrutitara deszentralizatzen jarraitzea, eskaintza gero eta auzo gehiagotara eta auzoan-auzoan leku gehiagotara irits dadin sustatuz. (14. ekintza)

  • Barruti bakoitza kultur modalitate jakin batean pixkanaka espezializatzen saiatzea, jaialdi eta jarduera berezi eta bereizgarriak bultzatuz, kultur nortasuna emateko eta uri osoko erreferente izateko. (17. ekintza)

2. KULTURA, JARDUERA EKONOMIKOAREN MOTOR.

Ildo estrategiko horretan, dokumentuak ekintza zehatzak proposatzen ditu kultur eta sormen-sektoreari laguntzeko, nazioartekotzeari laguntzeko eta kultur turismoa bultzatzeko, garapen ekonomikoaren motorra izan dadin. Ildo horretan, ekimen hauek nabarmentzen dira:

  • Udaleko arloek kultur eta sormen-sektorerako sustatutako finantzaketa-ildoak koordinatzea, eraginkorragoak izan daitezen eta bikoiztasunak saihesteko. (26. ekintza)

  • Bilboko kultura eta sormena nazioartera zabaltzea, Europako eta munduko beste sare batzuekin indarrak batuz. (36. ekintza). Ildo horretan:

a. Bilbok Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Kultura Batzordean areago parte hartzea.

b. Bilbok Unescoren Hiri Sortzaileen Sarean areago parte hartzea.

3. KULTURAREN BALIO-KATEARI ARRETA JARTZEA.

Planak balio-kate bat proposatzen du, honako fase hauen inguruan: ikerketa eta prestakuntza; sorkuntza; ekoizpena; banaketa, merkaturatzea eta erakusketa; bitartekaritza; kudeaketari laguntzea; eta kultur praktikak eta kontsumoa. Hona hemen proposatutako jarduera horietako batzuk:

  • Bilbao Bizkaia Film Commission indartzen laguntzea. Ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatzeko udal-dirulaguntzen lerro bat abian jartzea, gainerako erakunde publikoenekin bateragarriak direnak eta bat datozenak. (54. ekintza)

  • Ikus-entzunezko industriarentzako aukera-espazio bat garatzea, zuzkidura tekniko eta espazial nahikoarekin, hura bultzatzeko poloa izan dadin eta katebegi guztiak garatzeko balioko duena (filmaketak, produkzioa, postprodukzioa, etab.). (55. ekintza)

4. IDENTITATEA, IRUDIA ETA MARKA: «BILBO, KULTURA-HIRIA». KULTURA: NORTASUNA, HISTORIA ETA ETORKIZUNA.

Ildo estrategiko horren barruan sartzen diren ekintzek kontakizun hori landuko dute, zer hiri-eredu proiektatzen eta azaltzen dugun, kultura hiriaren marka-irudi gisa finkatzeko. Ardatz horretan, hauek nabarmentzen ditugu:

  • Bilboren kultura-nortasuna diseinatzea barruko publikoarentzat (bilbotarrentzat) eta kanpokoarentzat (bisitarientzat), bai eta inbertsioa (eragile ekonomikoak) eta talentua (sormen- eta kultur eragileak) erakartzeko ere (66. ekintza): Bilbo, Kultura-hiria eta Bilbo Kultura 365 markak indartzea.

  • Bilboren kultura-nortasuna garatzea (70. ekintza):

  • a. Bilbo marka uriko museoetan, arte-zentroetan eta sorkuntza artistikoko zentroetan ardaztea.

  • b. Kalitatezko kultur eskaintza bat proposatzea, besteengandik bereiziko gaituena, udalerriaren erakusgarri diren eta bilbotarrek berekotzat dauzkaten kultur elementu bereizgarriak identifikatuz eta garatuz.

5. LANKIDETZA, PLANA GARATZEKO FUNTSEZKO ELEMENTUA.

Erakundearteko koordinazioa eta adostasuna aurreikusten da, udaleko arlo eta erakundeen artean eta horien eta kultura-eragileen artean kulturaren inguruan lan egiteko komunikazio-dinamikak eta -espazioak sortzen, zuzentzen edo indartzen laguntzeko. Adibidez:

  • Kultur jarduerak programatzen dituzten udal-arloen arteko koordinazio handiagoa bultzatzea, horien arteko koordinazio-prozedurak edo -mekanismoak sortuz, kontraprogramatzea ekiditeko eta baliabideak optimizatzeko. (76. ekintza)

  • Kulturako Udal Kontseilua sortzea. (80. ekintza)

6. PUBLIKOAK, AUDIENTZIAK ETA KOMUNIKAZIOA

Garatu beharreko ekintza zehatzen multzoan, erreferentziako esparru zenbait daude, hala nola publikoak subjektu sortzailekide rola hartzea bultzatzea; publiko gaztearen erronkari erantzutea; kultur eremurako komunikazio-estrategia espezifikoak abian jartzea, hedapena hobetzeko eta komunikazio argi eta hiri-ikuspegi integralaren mesedetan; eta komunikazio-euskarriak eta -tresnak eguneratzea. Ekintza nabarmenak:

  • Kultur publikoen plan bat egitea eta horren ezarpena sustatzea, publikoak hobeto ezagutu eta segmentatzeko, kultur edukiak herritarrei kanal berrien bidez hurbiltzeko, elkartzeko eta hitz egiteko espazioak sortzeko, parte-hartzea bultzatzeko eta programak parte-hartzearen bidez batera diseinatzeko ereduak bultzatzea. (86. ekintza)

  • Webgune berri bat sortzea Kultura Arloaren barruan, informazioa sektoreka, barrutika edo auzoka behar bezala segmentatuta. (99. ekintza)

ZEHARKAKO LERROAK

7. EUSKARA

Planak estrategikoki pentsatutako ekintzak jasotzen ditu, bai euskara kulturan sustatzeko (edukiak, erabilera, transmisioa), bai kultura euskaraz sustatzeko.

8. BERDINTASUNA

Erronka zehatzak proposatzen dira kultura berdintasunean sortzea sustatzeko eta kulturak desberdintasun-elementuak desagerrarazten laguntzeko, sexu- eta genero-aniztasuna ere kontuan hartuta.

9. ANIZTASUNA ETA KULTURARTEKOTASUNA

Dokumentuak modu estrategikoan hartzen du kontuan ikus-entzuleen aniztasuna, hainbat aldagai kontuan hartuta; adina, kultur jatorria, baliabide ekonomikoetarako sarbidea edo desgaitasunak.

10.JASANGARRITASUNA

Arlo honetako ekintzen xedea da udalaren kultur ekintzan jasangarritasunaren ikuspegia txertatzea da, eta gure eremu zehatzean tokiko GJHak lortzen laguntzea.

LANKIDETZAN EGINDAKO PLANA

Bere hitzaldian, alkateak balioa eman dio egindako landa-lanari; izan ere, «Bilboko errealitate kulturalari buruzko diagnostiko zehatza da, eta barne hartzen du pandemiak adierazpen artistiko desberdinetan sortutako egoeraren deskribapena». Azpimarratu duenez, lan hori «entzute aktiboko prozesu luze baten emaitza izan da (sakoneko elkarrizketak, sektoreko eta zeharkako lan-mahaiak, online galdetegiak eta topaketak, etab.). Horri esker, gaur egun kulturak Bilbon dituen indar eta ahulezia nagusiak identifikatu ahal izan ditugu, baita sektore bakoitzak aurrean dituen etorkizuneko erronka garrantzitsuenak ere».

Izan ere, kultur sektoreak, eragileek, elkarteek eta herritarrek aktiboki parte hartu dute lan horretan. Urte erdiz baino gehiagoz, 570 pertsonak parte hartu dute Kulturaren Plan Estrategikoa egiten, tartean, sektoreko eragileak, herritarrak, kultur elkarteen eta udalaren ordezkariak eta barruti-kontseilukoak. 5.000 ekarpen baino gehiago jaso ditu fase guztietan: abiapuntuko egoeraren diagnostikoa, etorkizuneko erronken identifikazioa eta, azkenik, horiek lortzeko garatu beharreko proposamen zehatzak.

Zehazki, 125 erakundetako 135 kultur eragileren zuzeneko lankidetza izan da, 10 lan-mahai sektorial abian jarrita. Era berean, zeharkako lantaldeak antolatu dira, eta horietan 34 parte-hartzailek interes orokorreko hainbat sektoreetarako komunak diren gaiak edo interes orokorrekoak aztertu dituzte.

Halaber, 8 bilera egin dira barrutietako kontseiluetako batzorde soziokulturalekin, eta horietan planari egindako ekarpen ugari jaso dira, parte hartu duten 71 pertsonen lanari eta ardurari esker.

Parte hartzeko prozesuak, orobat, landa-lan garrantzitsua izan du udalaren eta arlo politiko eta akademikoaren ikuspegia jasotzeko, bai eta ekipamendu, jaialdi, kulturaren arloko administrazio publiko eta erakunde kultural, ekonomiko eta sozial nagusiena ere Zehazki, 48 elkarrizketa egin zaizkie kulturarekin lotutako hainbat arlotako ordezkariei: Bilboko Udalekoak, besteak beste, Juan Mari Aburto alkatea eta udalbatzako kide batzuk, museo nagusietako zuzendaritzak, bestelako ekipamendu berezien zuzendaritzak, kultur eragile profesionalak eta amateurrak, beste erakunde batzuetako ordezkariak, unibertsitateetako ordezkariak eta ziklo eta jaialdietako arduradunak, besteak beste.

Entzuteko prozesuari amaiera emateko, Udalak bi ekimen jarri zituen abian plan hau egiteko orduan herritarren eta elkarte-ehunen ekarpena bultzatzeko: herritar guztiei eta uriko kultur elkarteei irekitako parte hartzeko topaketa, 62 pertsonak parte hartu zutena. Orobat, www.bilbao.eus webgunean online galdetegi bat baliatu zen, Bilboko kulturaren egoerari buruzko gizarte-pertzepzioa ezagutzeko, eta 220 pertsonaren balorazioak jaso ziren.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus