BILBOK BILBOARGAZKIREN HAMARGARREN EDIZIOA JASOKO DU AZARORA ARTE, PROFESIONAL HANDIEN BEDERATZI ARGAZKI ERAKUSKETAREKIN, HITZALDIEKIN ETA TAILERREKIN

Bilboko Udalaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBKk babestu du.

Bederatzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira Hiriko hainbat gunetan, horien artean Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, Manu Barreiro edo Koldo Badillo bezalako euskal argazkilari ezagunenak, Zheng Ge artista txinatarrarena, David Hornback estatubatuarrarena edo Gabriel Brau argazkilari katalan ezagunarena, besteak beste.

Azaroaren 10era arte luzatuko den programak, gonbidatutako argazkilari askoren presentzia izango du, eta argazkilariek hitzaldiak eta tailerrak ere emango dituzte. Horrez gain, urriaren 23an, 8 eta 13 urte arteko ikasleei zuzendutako ohiko argazki irteera ere egingo da.

Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten bederatzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan azaroaren 10era arte, BILBOARGAZKIren hamargarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBKk laguntzen duen ekimenak Bilboko Udalaren laguntza ere badu.

Beste urte batez, jaialdian parte hartuko duten egileetako asko hirira etorriko dira, horien artean nazioarte mailan ezagunak diren profesionalak, Gabriel Brau katalana –Argazkigintza Sari Nazionala 2007an– David Hornback edo Olmo Calvo, azken hori Santanderren jaioa baina ibilbide luzearekin argazki-kazetari gisa Latinoamerikan. Azken horrek, 2015eko Argazkigintza Gizartiarraren Nazioarteko Luis Valtueña Saria eman dion Idomeniko errefuxiatu eremuan egindako lanari buruzko serie bat aurkeztuko du Bilbon.

Horrez gain, gure hiria argazkigintza zaleentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programaren barruan, artistekin harreman zuzena izateko aukera indartu nahi da –hitzaldien eta tailerren bitartez–. Tailer eta hitzaldi horiek emango dituzten artisten artean Manu Barreiro erretratugile gipuzkoar ezaguna edo street photography izenekoan espezializatuta dagoen David Hornback estatubatuarra daude.

Ikusleek Hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, UPV/EHU-ko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Ondare Aretoan, La Granja Kafetegian, Penguin Bar Tabernan eta FNAC-en. Berrikuntza gisa, programazioak umeen talde erakusketa jasotzen du, Indautxuko Foto Ikatz aretoan, ikasleentzako argazki irteeran iaz egin ziren argazkiekin.

BILBOARGAZKI 2016ko programazioa gaur goizean aurkeztu da BBK Aretoan. Bertan Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria; Juan Armentia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea; eta Leire Aragón BBKko Gizarte Laneko zuzendaria egon dira.

BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango ditugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta. Oraingo honetan, banakako bederatzi erakusketa izango dira, hainbat estilotakoak, Koldo Badilloren edo Zheng Geren naturako argazkietatik Unai Mateoren eta David Hornbacken argazki artistikoetara edo gizartean oinarritutako egungo argazkira, Olmo Calvo argazki-kazetariaren objektiboaren bitartez errefuxiatu siriarren egoera erakusten duena bezala.

ERAKUSKETAK
BILBOARGAZKIren edizio hau astelehen honetan, URRIAREN 3an, inauguratuko da modu ofizialean, La Granja kafetegian, euskal argazkigintzaren balio gaztea den Unai Mateo bilbotarraren erakusketarekin. Artistaren presentziaz gain, ekitaldiak Jon Urrutia piano jole eta konposatzailearen presentzia ere izango du. “Donde no es” izeneko erakusketa urriaren amaierara arte ikusi ahal izango da, eta egileak, denaren eta ez denaren arteko trantsizioa hilezin bilakatzeko duen beharra erakusten du. Egunero aurrean ditugun errealitateen, une batez baino existitzen ez diren itzalez eta islaz betetakoen, dualtasuna jasotzeko ahalegina egiten du.

Manu Barreiro, bere erretratuak direla eta da ezaguna batez ere. Argazki horietan pertsonak dira protagonistak, edo pertsonen presentzia nabaria da, baina natura hilak edo paisaia bakartiak jasoz ere gozatzen du. Bere lanak nazio eta nazioarte mailako berrogeita hamar sari eta aintzatespen inguru jaso ditu, 2015ean jaso zuen Espainiako Argazkigintza Konfederazioko Maisu titulua, adibidez. “Miradas y almas” erakusketa Abando – Barrainkuako udaltegian (Barrainkua kalea, 5) egongo da urriaren 3tik 14ra. Erakusketaren inaugurazio ofiziala urriaren 4an izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.

Urri osoan, baita ere, ikus-entzuleek bi argazkilari oso desberdinen lana ezagutzeko aukera izango dute, Zheng Ge txinatarra eta David Hornback estatubatuarra. Lehenengoak, Xiapu lurraldeko kostaldeak dituen 400 kilometro baino gehiagoetatik egindako ibilbidea dakar Bilbora, erabat zenitala den planoa dela eta ikuslea harrituta utziko duten aireko zenbait argazkirekin. “Aerial Pictures of The Beach” hilaren amaierara arte egongo da Penguin Bar tabernan (Gregorio de la Revilla kalea, 8).

David Hormbacki dagokionez, argazki-kazetaritzan lizentziatua da Kansaseko unibertsitatetik, eta lau kontinentetik bidaiatu du bere kamerarekin irudiak hartuz, bidaiak, erreportajeak eta artea bateratuz Europan eta Estatu Batuetan aurkeztutako lanetan eta erakusketetan. 1990ean Pulitzer saria irabazi zuen San José Mercury Newseko taldearekin batera, Loma Prietako (San Francisco) lurrikarari buruz egindako lanarengatik. Une honetan Berlin eta Bizkaiko hiriburu artean bizi da. Bilbon BilbaoArte Fundazioko – Bilboko Udaleko Arte Ekoizpen Zentroko artista egoiliar izan zen 2012an eta 2013an. Orain Bilbora helduko den “Berlin/Street” erakusketak harresiaren erorketaren ondorengo gizarte iraultza erakutsi nahi du. Datorren asteazkenetik aurrera bisitatu ahal izango da FNACeko erakusketa aretoan (Urkixo zumardia, 4) eta egileak berak aurkeztuko du ostiralean, urriaren 14an, arratsaldeko 19:00etan.

Urriko bigarren hamabostaldian, arkitekturaren inguruko argazkigintza artistikoa dela eta aintzatespena duen Gabriel Caneda argazkilariaren “HILEMORFISMO” erakusketa bisitatu ahal izango da. Egitasmo harrigarri horren ideia nagusia argi naturalaren eta arkitekturaren irudikapen eta interpretazio pertsonalaren arteko dikotomia da, hori guztia, Aristotelesek Hilemorphismo deitzen duen korronte filosofikoaren bitartez garatua. Urriaren 10etik 26ra UPV-EHUko Paraninfoan (Abandoibarra, 3 – 1) bisitatu ahal izango den erakusketa urriaren 10ean inauguratuko da modu ofizialean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta egilea bertan egongo da.

Urriaren 17tik aurrera Gabriel Grau katalanaren –2007ko Argazkigintza Sari Nazionala– “Caminos de Monsún” erakusketa bisitatu ahal izango da Burtsako Udaltegian. 1989tik egiten du lan argazkilari gisa, industria, publizitate eta merkataritza argazkigintzan, baina une honetan, izaera dokumentala duten argazkigintzako lanekin batera alor horretako irakaskuntzan eta prestakuntzan ere ari da.

Gabriel Grauk bakarkako eta taldekako erakusketa ugari egin ditu munduko hainbat herrialdetan, eta bere lanak argazki jaialdi hainbatetan parte hartzeko aukeratuak izan dira. Bere argazkiak mundu osoko bilduma eta argazki funts garrantzitsuetan daude. Egileak berak ostiralean, urriaren 28an, arratsaldeko 19:00etan, aurkeztuko duen erakusketak, Indiako leku enblematikoenetako batzuetatik egindako bidaia batean hartutako irudiak jasotzen ditu, eta gizakien sentimenduek eta balioek dimentsio berezia hartzen duten bizitzeko era bereziari buruz hitz egiten dute.

Banakako erakusketak Koldo Badillorenarekin eta Olmo Calvorenarekin osatzen dira. Lehenengoa biologoa da ikasketaz, eta argazkietan aurkitu zuen bere beste pasiora, naturara, hurbiltzeko modua. Hiru liburu ditu eta erreportaiak argitaratu ditu bidaietan espezializatutako aldizkarietan, baliabide naturalari buruzko argitalpenetan eta baita National Geographic-en ere. Santanderreko Olmo Calvo argazkilariari dagokionez, bere ibilbide profesionalaren parte handia Latinoamerikako zenbait komunikabidetan egin du argazki-kazetari gisa, baina bere argazkiak Europako eta Estatuko egunkarietan ere argitaratzen dira. Urriaren 10etik azaroaren 10era Ondare Aretoan (María Díaz de Haro, 11) bisitatu ahal izango den “Migraciones, la otra censura” erakusketa, Siriako gerraren ondorioz Idomeniko errefuxiatu eremura heldutako pertsonen –horietako asko umeak dira– errealitate gordinean zentratzen da.

Programazioa, 2016ko Argizaiola Sariko lan hoberenak biltzen dituen talde erakusketarekin osatzen da. Horrela, urriaren 1etik hilabetea amaitu arte, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Oscar Mansoren argazki irabazlea eta akzesitak (José Agustín Gurruchaga eta Rafa Herrero) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 11n inauguratuko da (19:30ean), eta irabazleak bertan egongo dira.

HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Argazki erakusketa horiekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa zenbait jarduera paralelorekin osatuko da, hitzaldiekin eta lau argazkigintza tailerrekin, hain zuzen ere. Horrela, argazkigintza zaleek esperientziak trukatzeko eta prestatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartzen duten profesionaletako batzuen eskutik.

Ezaugarri aurreratuagoak dituzten tailerrak artista gonbidatuetako hiruk emango dituzte. Urriaren 14an, 15ean eta 16an David Hornbackek argazki irteera bat gidatuko du, Street Photography (kaleko argazkigintza) izenekoan bereziki aplika daitezkeen argazkigintzako zenbait teknika erakusteko, ekipo egokia edo argia kontuan izanda. Urriaren 12an, Manu Barreirok erretratuan zentratutako tailer bat eskainiko du, eta urriaren 29an eta 30ean, zuri beltzeko argazkigintzari eta edizio digitalari buruzko workshopa zuzenduko duen Gabriel Grauren txanda izango da.

Tailer horiez gain, jendearentzat zabalik egongo den argazki topaketa antolatu da, urriaren 22an, Bidaideaken, aniztasun funtzionala duten pertsonen euskal elkartearen, 25. urteurrena ospatzeko.

Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina ikusita, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoak, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 23an izango da, goizeko 10:30etik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere sartuko da. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak).