BIDEBARRIETAKO KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK BLANCA RIESTRA ETA KARMELE JAIO IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, LITERATURARI ETA AMATASUNARI BURUZ HITZ EGITEKO

Hitzordua Alicia San Juan kazetariak aurkeztuko du eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Karmele Jaio eta Blanca Riestra elkartuko ditu datorren asteartean, URRIAREN 4an, literaturari eta amatasunari buruz berba egiteko, esanahirik zabalenean, fisikotik sozialera. Biek ere gai horri buruz hausnartu eta idatzi dute euren lanetan.

Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, kulturan espezializatutako Alicia San Juan kazetaria izango da.

Blanca Riestra (A Coruña, 1970) Filologia Hispanikoan doktorea da. Hiru antologia enblematikotan agertu da: “Páginas Amarillas”, “Lo del Amor es un cuento” eta “Ni Ariadnas ni Penélopes”. Idazle gisa duen kalitatea, 2001ean “La Canción de las cerezas” lanarekin lortu zuen Premio Ateneo Joven de Sevilla sariak erakusten du. Sei urtez Frantzian bizi izan zen, eta bertan idatzi zuen Juan Larrea poetari buruzko tesia. Aintzatespen literario ugari jaso ditu, azkena, 2015ean, A Coruñako Diputazioak deitzen duen Torrente Ballester narratiba saria, “Greta en su laberinto” banpiro eleberriarekin.

Ciudad de Barbastro Saria irabazi zuen “Pregúntale al bosque” liburu autobiografikoan, nortasunaren sustraiei eta literaturarako bokazioa hazten den iratzeei buruz galdetzen du. Eta baita horri bizia ematen dioten argiei eta lurpeko urei buruz ere. Bultzada bi gertakari biografikotik etorri zitzaion: aitaren heriotza eta amatasuna. Horrek, gure gizartean emakume izateak esan nahi duenari eta emakumeak betetzen duen lekuan amatasunak duen eraginari buruzko gogoeta egitera bideratu du. Liburuak bere haurdunaldiaren esperientzia fisikoa ere deskribatzen du.

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970), berriz, hiru kontakizun liburu idatzi ditu: “Hamabost zauri” (Elkar, 2004) (“Heridas crónicas”, 2010, Ttarttalo), “Zu bezain ahul” (2007, Elkar) eta “Ez naiz ni” (2012, Elkar). Gaztelaniara ere itzuli diren bi eleberri ditu, “Amaren eskuak” (2006, Elkar); eta “Musika airean” (2010, Elkar), eta poesia liburu bat, “Orain hilak ditugu” (2015, Elkar).

Irakurleen aldetik harrera beroa jaso ondoren “Amaren eskuak” lana zinera egokitu du Mireia Gabilondok eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu da. Bere kontakizunak antzerkira ere eraman dira. Horrela, izenburu bereko kontakizunean oinarrituta dagoen “ekografiak” antzezlana egokitu zuen Ramón Bareak 2010ean. Lan horrek, ume bat adoptatzeko Etiopiara doan emakume baten beldurrak eta sentsazioak erakusten ditu.

HAMARGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.