Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBK Fundazioak babestu du.
Bilbon, 2014ko irailaren 12an. Zortzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko hainbat lekutan URRIAREN amaierara arte, BILBOARGAZKI 2014 ekimenaren barruan, eta euskal argazkilariek presentzia azpimarragarria izango dute. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBK Fundazioak laguntzen duen ekimenak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza ere badu.
Aurten bere zortzigarren ediziora heldu den eta gure hiria, hilabetez, argazkigintzaren zaletuentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programaren barruan, ibilbide luzea duten artista batzuekin harreman zuzena izateko aukera ere egongo da, Luis Pontijasekin edo Xanti Rodríguezekin, besteak beste, argazkigintzaren zenbait alderdiri buruzko hitzaldien eta tailerren bitartez. Jarduera horiek zaletuei zein ezagutza maila duten pertsonei egongo dira zuzenduta.
Ikusleek Hiriko zenbait gunetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegiak, UPV/EHU-ko paraninfoa eta erakusketa aretoa, Batzar Nagusietako aretoa, La Granja kafetegia, Espacio de los Mundos eta FNAC.
BILBOARGAZKI 2014ko programazioa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean. Bertan egon dira Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria; Juan Armentia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea; eta BBK Fundazioko Gorka Martínez.
BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, benetako erreferentzia, bere aniztasuna dela eta, estetikari zein edukiei dagokienez. Oraingo honetan, norbanakoek eta taldeek egindako lanen zortzi erakusketa izango dira, estilo anitzetakoak, Asier Castrok egindako naturaren argazkietatik hasi eta ia fantastikoa den Xanti Rodríguezen argazkigintzara, Cesar Azcarate arkitekto eta argazkilariaren arkitektura harrigarrienera, edo Txina bezalako urruneko errealitateetan bizi diren pertsonen funtsa jasotzea bilatzen duenera, Wang Yao argazkilari ezagunaren kameraren bitartez.
ERAKUSKETAK
BILBOARGAZKIren edizio hau, Wang Yao argazkilariaren “Unseen Pekin opera” erakusketarekin inauguratuko da urriaren 1ean. Ekitaldiak Irrintzi Ibarrolaren emanaldi berezia jasoko du, eta Espacio de los Mundosen (Simon Bolivar kalea, 17) egongo da ikusgai, hilabete horren amaierara arte. Erakusketa horren sustraiak Beijingo operan daude, eszenari zein banbalinei dagokienez. Wang Yao argazkilari ikusgarria da, eta ospe handia du nazioartean, eta sari ugari eta garrantzitsuak jaso ditu bere herrialdean zein kanpoan.
Asier Castro bilbotarrari dagokionez, ehun sari baino gehiago jaso ditu, nazio zein nazioarte mailan, eta naturan egiten dituen argazkiak National Geographic, Visión Salvaje, Pyrenees Magazine edo Basque Magazine (Frantzia) bezalako medioetan argitaratzen dira, besteak beste. “La fotografía creativa del paisaje” eta “Visión Salvaje 2006” liburuak egiten lagundu du. “Lanbroa eta kresalaren artean”, itsasoko paisaian zentratutako bilduma, UPV/EHU-ko erakusketa aretoan (Espainiako Bankua kalea, 2) ikusi ahal izango da, urriaren 1etik 31ra. Erakusketa urriaren 6an inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea ekitaldi horretan egongo da.
Urriko lehen hamabostaldian Luis Pontijasen “Siesta baten apetak“ erakusketa ere bisitatu ahal izango da. Argazkilari horrek hainbat aintzatespen jaso ditu, eta bere lanetako asko galeria garrantzitsuek aukeratu dituzte. Jaso dituen sarien artean “Irungo Hiria” Argazki lehiaketaren Ohorezko Saria eta zenbait hilabetetan Gipuzkoako Argazki Gizartea Gizarte Lehiaketan lortutako lehen postua azpimarra daitezke. Erakusketa urriaren 15era arte bisitatu ahal izango da Abando – Barrainkuako Udaltegian (Barrainkua kalea, 5). Egilea bertan egonik inauguratuko da urriaren 3an, arratsaldeko 19:00etan.
Aurreko edizioetan bezala, BILBOARGAZKIk erakusketa egiteko aukera eskainiko die etorkizun handia duten bi euskal argazkilari gazteri. Oraingo honetan, ikusleek Zuriñe Unzueta euskal argazkilariaren lanez gozatu ahal izango dute La Granja kafetegian. Argazkilariak, “Begiradak” izenburua daraman irudi bilduma aurkeztuko du. Bertan, gure errealitatetik urrun dauden errealitate gogorrak erakusten ditu.
Urrian, baita ere, Jon Gorospek zuri-beltzeko bilduma erakutsiko du FNAC-eko erakusketa aretoan. “Ia-ia beltza”, artistaren eguneroko jardunari estu lotutako proiektu pertsonala da. Irudi horiek urte luzez bildu ditu, haziz doan eta oraindik amaitu gabe dagoen lan honetan. Argazkilariak urriaren 22an aurkeztuko du bere lana, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Urriaren 1etik aurrera, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera, Argizaiola saria 2014ra, aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Xabier Mataren argazki irabazlea eta bi akzesitak (Oskar Gaskon eta Asier Garagarza) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 8an inauguratuko da (19:30etan), eta irabazleak bertan egongo dira.
Urriko bigarren hamabostaldian, oso desberdinak diren bi argazkilariren bi erakusketa ikusi ahal izango dira: Cesar Azcarate eta Xanti Rodríguez. César Azcárate, espazio industrial anonimo eta bakartien potentziaz eta euren erabilera galdu duten eta ezinbesteko amaieraren zain dauden lekuez gozatzen duen arkitekto eta argazkilari bilbotarra da. Azcáratek ez ditu amaituta dauden arkitekturen argazkiak egiten, erabilerarik ez duten edo eraikitzen ari diren eraikinetan emozio bereziak bilatzen ditu. Argazkigintzarekin duen loturak zenbait urte garamatza atzera, Bilboko Guggenheim Museoaren eraikuntza lanetan parte hartzeko aukera izanik, Frank Gerhyren eraikinaren espazio aldakor sinestezinen argazkiak egiteko aukera izan zuen garaira. “Imaginary spaces” erakusketa urriaren 14tik 31ra ikusi ahal izango da UPV/EHU-ko Axular aretoan (Abandoibarra Etorbidea, 3).
Egun berberetan, baina Burtsako udaltegian, ikusleek Xanti Rodríguezen “Sormenetik haratago” lanera hurbiltzeko aukera izango dute. Une honetako puntako eta abangoardiako argazkilari azpimarragarrienetakoa da. Estudioko eta publizitateko argazkilari honek irudi harrigarriak lortzen ditu, argazkigintza eta 3D teknika konplexuak erabiliz.
HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Zortzi erakusketa horiekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa zenbait jarduera paralelorekin osatuko da, hitzaldiak, argazkigintza tailerrak eta ikastaroak. Horrela, argazkigintza zaletuek esperientziak trukatzeko eta prestatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartzen duten profesionaletako batzuen eskutik.
Ezaugarri aurreratuagoak dituzten bi tailerrak bi artista gonbidatuek emango dituzte. Urriaren 3an eta 4an, Luis Pontijasek, sorkuntzari eta argazkigintza amateurrean aplikatu daitezkeen metodo profesionalei buruzko saio bat eskainiko du. Xanti Rodríguezek, bere aldetik, tailer praktikoa eta teorikoa eskainiko du, erretratu bat aurre-ekoiztuz, aurretik egindako zirriborroak, etengabeko argia edo flasha, osagaiak, argi dramatikoak… erabiliz, besteak beste. Tailer hori urriaren 24, 25 eta 26an eskainiko da.
Azkenik, eta aurreko edizioetan antolatutako ikastaroek izan duten harrera bikaina dela eta, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoei, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako argazkigintza hastapeneko ikastaroa errepikatuko da. Izen emateak 15 euro balioko ditu, eta prezio horren barruan, igandean, urriaren 5ean, goizeko 10:30etatik aurrera, Bilboko Alondegian, eskainiko den hiru orduko ikastaroa eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat sartuko dira. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen web gunetik jaitsi ahal izango dira.
Informazio gehiago: www.bilboargazki.com