BILBAOESZENAK, UMEENTZAKO, GAZTEENTZAKO ETA HELDUENTZAKO ANTZERKI TAILERRETARAKO IZEN EMATE EPEA ZABALDU DU

Ikastaroetan parte hartu nahi duten pertsonek irailaren 28ra bitartean egin ahal izango dute aurre-inskripzioa, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez:

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen BilbaoEszenak – Baliabide Eszenikoen Zentroak, ikasturte berria zabalduko du datorren urrian, hamargarren urteurrena betetzen duen urtean. Orduan hasiko dira umeei, gazteei eta helduei zuzendutako antzerki tailerrak. Aurre-inskripzioa irailaren 28ra arte egongo da zabalik, www.bilbao.net udal webgunearen bitartez. Formularioa bertan dago jada.

2005/2006 ikasturtetik aurrera BilbaoEszenak antzerki tailerrak antolatzen ditu urtero umeentzat (8 urtetik 11 urtera) eta gazteentzat (12 urtetik 16 urtera). Denbora horretan, 300 ume eta gazte baino gehiagok hartu dute parte adin horietarako dagoen jarduera eszenikoen eskaintza urria zabaldu nahi duen ekimen horretan. Umeei eta gazteei zuzendutako tailer guztiak euskaraz eskainiko dira, ostiral guztietan, arratsaldez, ekainera arte. Ikastaro horretako tailerrak Amaia Ajuriak emango ditu.

Tailer horiek hiru helburu nagusi dituzte: Bilbon antzerkia sustatzea eta zabaltzea umeen eta gazteen artean; antzerki jardunaldietan interesa duten umeak eta gazteak prestatzea eta antzerkiko arteetan prestakuntza egokia izango duen zaletuen sarea sortzea, gaurko ume eta gazte horiek, denbora gutxi barru, etorkizuneko profesionalak izan daitezen. Ikastaro horietarako matrikulak 2013. urtean izan zuen prezio bera izango du. 110 euro (80 euro langabezian dauden edo Diru-sarrera Berme Errenta jasotzen duten pertsonentzat).

Prestakuntza Eszenikoa Helduentzat

Helduei zuzendutako prestakuntzak umeei eta gazteei zuzendutako tailerren helburu berberak ditu. Oraingo honetan, Eszenarako Prestakuntzan eta Sorkuntzan zentratuko den helduentzako antzerki ikastaroa (60 ordu) Aritz Bengoak emango du. Jarduera astelehen (euskaraz) eta asteazken (gaztelaniaz) guztietan eskainiko da, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara.

Ikastaroa, antzerkian eta eszenaren munduan interesa duten pertsona guztiei dago zuzenduta, eta funtsezko bi eremu landuko ditu: antzezlearen lana (energia, erritmoa, adierazpena, koordinazioa, emozioa…) eta sorkuntza lana (bat-batekotasuna, espazioaren definizioa, ideien bilaketa…). Ikastaro horiek 170 euro balioko dute (140 euro langabezian dauden edo Diru-sarrera Berme Errenta jasotzen duten pertsonentzat).

Ohikoa denez, eskaria eskainitako plaza kopurua baino handiagoa balitz, aukeraketa egingo litzateke aurre-inskripzioa burutu dutenen artean, honako irizpide hauei jarraituz: lehentasuna izango dute Bilbon erroldatutako pertsonek, eta gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna eta euskarazko taldeen eraketa bultzatuko da.