BILBO POESIAREN HIRIBURU BIHURTUKO DA BILBAOPOESÍA JAIALDIAREKIN ETA PROGRAMAZIOA BLAS DE OTERORI OMENALDIA EGINEZ HASIKO DA

  • Martxoaren 15etik 24ra bitartean ospatuko da, Bidebarrieta liburutegian, “Berriz aireratu” goiburuarekin. 
  • Jaialdia martxoaren 15ean hasiko da, astelehenean, Blas de Oteroren omenez Emilio Gutiérrez Cabak, Cecilia Lavilla Berganzak eta Miguel Ituartek emango duten kontzertu batekin.
  • Ekitaldi guztiak izango dira doan, salbu eta omenaldi hori, eta martxoaren 19ko eta 21eko kontzertuetarako, berriz, sarrera beharko da, eta salgai daude dagoeneko, 5 euroan. Sarrera doan duten ekitaldietarako, ostera, gonbidapena beharko da, eta esteka honetan eskura daiteke.

Bilbo poesiaz beteko da martxoaren 15etik aurrera (astelehena) eta martxoaren 24ra arte (eguaztena), BilbaoPoesia Literatur Jaialdiaren XXII. edizioa dela-eta, zeina Bilboko Udalak antolatzen baitu. Jaialdi hau Bidebarrieta Liburutegian ospatuko da, Berriz aireratu goiburuarekin, pandemiaren ondorioz bertan behera utzi zen lehenengo udal programetakoa izan eta handik urtebetera doi.

Aurtengo aldi honetan, Udalak atzenengo hilabeteetako lan-ildo berei jarraitu die: tokiko kulturari babes ematea, egungo egoeran sektorerik zigortuenetakoa izan baita. Hori dela eta, jaialdian parte hartuko duten izenen artean, hemengo bertako talentua nabarmentzen da gehienbat. Beste behin ere, aurten, Bidebarrieta Kulturgunean izango da jaialdia, Bidebarrietako Liburutegian, eta letren eta musikaren munduan ospea duten 30 artista baino gehiagok parte hartuko dute.

XXII. EDIZIOKO PROGRAMAZIOA

BILBAOPOESIA jaialdiak beste aldi bat estreinatuko du martxoaren 15ean, astelehenean, Blas de Otero (Bilbo, 1916) jaio zeneko urteurrenean. Lehenengo hitzordu honetan, Mediobiografia goiburuarekin, produkzio propio bat ere gozatu ahal izango da, Blas de Oteroren prosazko eta poesiazko testuekin. Irakurraldia Emilio Gutiérrez Cabak egingo du, Cecilia Lavilla Berganzak lagundurik eta Miguel Ituarte getxotarrak pianoa joko duelarik; dagoeneko salgai daude sarrerak, 5 euroan, www.bilbaokultura.eus webgunean.

Hilaren 16an, “Abere ba Ulu ala ele” musikaz lagundutako poesia errezitaldiaren txanda izango da: Bigarak (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorantek eta Okene Abregok parte hartuko dute. Gainera, Zazpi t’erdi + Bigarak animatuko dute emanaldia. Proposamen hau Loraldiarekin batera antolatua da.

Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga izango dira protagonista “Reencuentros” izeneko ekitaldian, martxoaren 17an, eguaztenean: poesia argitaragabeak irakurriko dituzte, eta baita beste batzuk ere, Iribarrenek eta Vilasek Visor argitaletxearekin 2019an argitaratutako antologietatik hartuak.

Martxoaren 18an, eguenean, Rosana Acquaroni eta Isabel Bono poetak, Pepo Paz Saz argitaratzailearekin batera, poesia sentitzearen zentzuaz eta beharrizanaz jardungo dira. Poema irakurraldiak eta solasaldia tartekatuko dituzte.

Poesia errezitaldiek beteko dute ostera ere beste egun batez Bidebarrieta Liburutegia. Izan ere, martxoaren 20an, zapatuan, Marta sanz eta Bernardo Atxaga arituko dira, Udane Goikoetxea izango delarik solas-eroale, beren poesiazko nahiz narraziozko obran naturari ematen dioten lekua azaltzen. Haiekin izango da, irakurraldian laguntzen, Jou Gonzalez, hainbat musika-obra joaz.

Martxoaren 22an, astelehenean, poesiaren arloan gaur egun nabarmentzen ari diren lau emakumek hartuko dute hitza: Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera. Lau emakume poeta horiek sari ugari jaso dituzte, poesia eta narrazio sariak, eta Beatriz Chivite da ezagunenetako bat, 2016ko Blas de Otero – Villa de Bilbao poesia saria irabazi baitzuen, Bilboko Udalak antolatzen duen sariketan.

Martxoaren 23an, ostera ere Loraldiarekin elkarlanean, BILBAOPOESIAk Gaztelondo zer berri. Etxahun errezitaldia eskainiko du, Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalten testuarekin eta ahotsarekin, Pierre Vissler-en soinu grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin.

Eta hau ere produkzio propio bat, BILBAOPOESIAren aurtengo aldiari amaiera emateko: martxoaren 24an, José Fernández de la Sota arituko da, poesia sari ugari eta Euskadi sariak ere irabazitakoa: bere azken liburuko poemak irakurriko ditu, 2020an argitaratu baita. José Luis Canal piano jotzaileak lagunduko dio.

Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira.

MUSIKA ZUZENEAN

Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoa bihurtu da atzenengo hilabete hauetan zuzeneko musikaren habia, Uriko programazioa osatu duten azken proposamenekin. Hala, bada, BILBAOPOESIAn, aurten ere beste behin, beren proposamenak ekarriko dituzte Bidebarrietako agertokira bi artista hauek: Nacho Vegas madrildarrak eta Izaro mallabiarrak.

Madrildarra martxoaren 19an izango da BILBAOPOESIAn, eta, ekitaldiaren izaerarekin bat eginez, bere musika-ibilbide luzearen berrikuspen bat egiteaz gainera, bere poema batzuk ere errezitatuko ditu. Vegas da Estatuko musikaren arloan talenturik ospetsuenetako bat.

Izaro, berriz, une honetan euskal artistarik ospetsuenetako bat da. 2020an argitaratu zuen “Limones en Invierno” lana, eta sarrera denak saldu izan ziren lan hori erakustera joan zelarik Kursaal Auditoriumera, Euskalduna Jauregira edo Victoria Eugenia Antzokira. Bidebarrietan izango da zuzeneko emanaldia eskainiz, martxoaren 21ean, domekan, Poesiaren Munduko Eguna ospatzen delarik. Berarekin batera izango da bere banda, zeina Iker Laurobak eta Garazi Esnaolak osatzen baitute.

SARRERAK ETA GONBIDAPENAK

Egungo egoeraren ondorioz segurtasun-neurriak ezarri beharrez, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira: horrela, bertaratzen direnak euren jarlekuetara bideratzeko modua izango da. Indarrean diren babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharrekoak izango dira. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea ekitaldian zehar.

Martxoaren 15eko “Mediobiografía. Blas De Oteroren eguna” ekitaldirako ez ezik, martxoaren 19ko Nacho Vegasen kontzerturako eta martxoaren 21eko Izaroren kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, www.bilbaokultura.eus webgunean.

BILBAOPOESIAren gainerako programazioa doan da, baina gonbidapena behar da, eta eskura daude dagoeneko web-gune horretan bertan; joan ezina edukiz gero, streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunean.

BILBAOPOESIA

BILBAOPOESIA poesiazko literatur jaialdi bat da, eta Bilboko Udalak antolatzen du, duela hogei urte bano gehiagotik hona, Bidebarrieta Kulturgunearen barruan. Bilbon urtero poesiarekin izaten den hitzorduak hogeita bigarren aldia izango du aurten. Udal jaialdi hau El Correo, Metro Bilbao eta Ikey Group Comunicacion enpresen elkarlanarekin ospatzen da. Prentsa-dosierra esteka honetan eskura daiteke.

#BILBAONEGUA2021

BILBAOPOESIA jaialdia #BilbaoNegua2021 programaren barruan ospatzen da, Udalak era guztietako jendearentzat prestatzen duen eta uria kulturaz eta aisialdirako eskaintzaz betetzen duen ekimenaren barruan.

SARE SOZIALAK

#BilbaoPoesia2021
#BilbaoNegua2021

www.bilbaokultura.eus