BILBO, MANHATTAN SHORT JAIALDIAREN EGOITZA

Ostiralean, irailak 30, Bilbok Manhattan Short film laburren Jaialdiko proiekzioak hartuko ditu. Jaialdi honetan, ikuslegoa da irabazlea aukeratzen duena, munduko 250 hiri baino gehiagotan aldi berean egiten den proiekzio baten bitartez. Hau da Bilboko zinezaleak beraien botoekin irabazlea aukeratuko duten zapigarren aldia, 19 edizio beteko dituen jaialdian.

Edizio honetarako aukeratutako 10 film laburren proiekzioa Arte Ederren Museoan (Museo Plaza 2, Bilbao) izango da irailaren 30ean, ostirala, arratsaldeko zortziretatik aurrera. Sarrera doakoa da, baina aforoa mugatua denez [email protected] idatzi beharko da hau lortzeko. Emanaldi hau Bilboko Udaleko Kultura Sailari eta Fas Zineklubari esker gauzatuko da.

“One Week, One World, One Festival” goiburuak laburbiltzen du Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizio honetako 10 film labur finalisten emanaldiak antolatuko dira, eta publikoa izango da irabazlea aukeratuko duena.

Horretarako, ikusle bakoitzak boto-txartel bat jasoko du emanaldira sartzen denean, eta proiektatutako film laburren artean film eta aktore gogokoenari eman beharko dio botoa. Proiekzioa bukatutakoan txartelak jaso, eta zenbaketa egingo da. Bozketaren emaitza e-mail bidez bidaliko da Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, film labur irabazlearen izena datorren urriaren 3an jakinaraziko da New York-en, www.mahattanshort.com orrialdearen bidez 16:00etan.

Edizio honetako film labur finalistak zortzi herrialdetatik datoz, 52 herrialdetako 840 film laburren artean aukeratuta. Hauetako bi, ‘Kaputt’ eta ‘I Am A Pencil’, animaziozkoak dira. Beste izenburuak, komedia, drama, bildurrezkoak edota zientzia fikziozkoak dira. Laburbilduz, gustu guztietarako zerbait egongo da eta publikoa izango da, tartean Bilbokoa, botoz boto jaialdian parte hartzen duten film labur, zuzendari eta aktore hauen etorkizuna erabakiko duena.

Manhattan Short-eko ikus-entzulegoak film labur on bat antzematen badakiela frogatuta geratu da. Izan ere, 2015eko film laburrik bozkatuenak, ‘SHOK’ (Kosovo) eta ‘Bear Story’ (Txile), Oscar sarietarako izendatuak izan ziren eta azken honek saria lortu zuen animaziozko film labur onenaren sailean. Gainera, aurten lehenengoz, Manhattam Short-eko film labur finalistek, Oscar-etan hautagai izateko txartela eskuratuko dute automatikoki.

1998an egin zen Manhattan Short-aren lehenengo edizioa. Bertan, 16 film labur proiektatu ziren New York hiriko Mulberry kalean, kamioi baten hegalean jarritako pantaila batean. Geroztik, jaialdi hau haziz joan da mundu mailako fenomeno bihurtzera iritsiz. Manhattan Short, bost kontinenteetan aldi berean burutzen den munduko zinema-jaialdi bakarra da eta 100.000 zinemazaletik gora biltzen ditu zinemagile belaunaldi berrien lanaren inguruan.

FILM LABUR FINALISTAK:

The Tunnel (Norvegia)
Carousel (Ingalaterra)
Kaputt (Alemania)
Ella Got A Promotion? (AEB)
Hold On (Herbehereak)
Bravoman (Errusia)
Overtime (Australia)
Gorilla (Frantzia)
I Am A Pencil (Australia)
The Last Journey of the Enigmatic Paul WR (Frantzia)

Informazio gehiago: www.manhattanshort.com