BILBAO ARTEK BILBO ETA SANTANDER ARTEKO “FRONTERA IMAGINARIA” PROIEKTUKO IKUS-ENTZUNEZKO BOST PIEZA ESTREINATUKO DITU OTSAILAREN 5EAN

Bideoen sortzaileak eta ekoizleak Bilboko Nouvelle Basque artisten taldea eta Santanderreko Burbuja Films ikus-entzunezkoen ekoiztetxea izan dira.

Ekimen honek Bilbao-Santander “Bertatik bertara” programaren laguntza izan du, bere helburua hiri bietako eragile kulturalen baterako lanei laguntza ematea baita.

Bilbao Arte galeriak otsailaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan estreinatuko du “Frontera imaginaria”, Bilboko Nouvelle Basque artisten taldeak eta Santanderreko Burbuja Films ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak sortutako eta ekoitzitako ikus‑entzunezko proiektua. Ikus-entzunezko bost pieza proiektatuko dira, uri bien artean dagoen distantzia emozionala eta fisikoa murrizteko eta arintzeko asmoarekin. Hamar minutuko iraupena dauka pieza bakoitzak eta talde artistiko bien arteko lan eskergatik sortu dira. Izan ere, lan hori 2015eko abuztuan hasitako bideo-korrespondentzian oinarritzen da eta proiekzio honetan ikusiko da.