BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, SOINUAREN ETA AHOTSAREN ARTEKO BIDAIA POETIKOA PROPOSATZEN DUEN GOIZALDE LANDABASOREN, ANE ZABALAREN ETA GALDER PÉREZEN ARTEKO TOPAKETA JASOKO DU ASTELEHENEAN

“Babeserako Kopia” ikuskizuna, ahotsak eta poemak hankaz gora jartzeko, suntsitzeko eta berrasmatzeko ahalegina da. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak idatzitako izen bereko poema liburuan oinarrituta dagoen “Babeserako Kopia” ikuskizuna jasoko du datorren astelehenean, OTSAILAREN 8an, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Goizalde Landabasok idatzitako “Babeserako Kopia” (2015, Elkar) laneko bertsoetan oinarritzen den ikuskizuna den arren, poema batzuen irakurketa baino gehiago da, poemak hankaz gora jarri, suntsitu eta berrasmatu egingo dituzte. Oraingo honetan, idazle bilbotarrarekin batera Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez antzezlea egongo dira, eta soinuaren eta ahotsaren arteko bidaia poetikoa proposatuko dute.

Iazko udazkenean argitaratu zen “Babeserako Kopia” lanak, egilearen memoriarako segurtasunezko kopia izan nahi du, bere oroitzapenen, iraganaren, maitasunaren, beldurrarren eta mota guztietako sentimenduen segurtasunezko kopia, hain zuzen ere.

Ane Zabalak Hamaika Telebistan egiten du lan gaur egun, Radio Euskadin ibilbide luzea egin ondoren. Galder Pérezek antzezlan eta film askotan hartu du parte eta, gainera, ia bi hamarkadaz Radio Euskadin aritu da langile eta laguntzaile, eta ETBn ere ibili da gidoilari gisa zenbait saiotan.

Hiru ahots horiekin batera, hauek ere arituko dira ikuskizunean: Fermin Etxegoien, Miren Rubio, Naroa Gaintza, Alexander Perez, Axi Orgaz eta, Arale, Almike eta Joanes.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegi barruko gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura garatzea eta sustatzea da.