“Eztabaidak literaturarekin” ekimenaren bederatzigarren edizioa da. Hilean behin, asteartez, arratsaldeko 19:30etan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan literaturaren inguruko topaketak eskaintzen dituen programa da.
Biak ere, protagonista berberak dituzten zenbait eleberriren egileak dira: Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak Lorenzo Silvaren kasuan eta Mariana de Marco epailea José María de Guelbenzuren kasuan.
“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, Lorenzo Silva eta José María Guelbenzu idazleen solasaldia aurkeztuko du datorren ASTEARTEAN, apirilaren 21ean. Bertan, euren polizia eleberrietako serieetan protagonistek pixkanaka hartzen duten lekuari buruz egingo dute berba.
“Cuando el detective literario vigila a su autor” izenburupean, bi idazleak, irakurleak protagonisten inguruan itxaroten duena edo eleberriaren garapenean protagonistek idazlea zein puntutaraino baldintzatzen duten aztertzen ahaleginduko dira. “Eztabaidak literaturarekin” programa hilero egiten da, asteartez, arratsaldeko 19:30etan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingo honetan, kulturan espezialista den César Coca kazetaria izango da ekitaldiaren moderatzailea.
Hilabete honetan, “Eztabaidak literaturarekin” ekimenak, eurak sortu dituzten eta polizia eleberriz osatutako serieetan protagonista izaten jarraitu duten pertsonaiak direla eta ezagunak diren idazle bi bilduko ditu: Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak Lorenzo Silvaren kasuan eta Mariana de Marco epailea José María de Guelbenzuren kasuan.
Topaketa berri honetan, gonbidatutako egileek ahalegina egingo dute, zein punturaino diren euren protagonisten gatibu, eta finkoak diren protagonista horiek erabili beharrak idazlearen askatasuna mugatzen duen ala ez aztertzeko. Horrez gain, pertsonaia horiek zelan eraikitzen diren eta denboran irautea zelan lortzen den ere aztertuko dute, idazteko orduan serieak dituen irakurle finkoengan ala irakurle berriengan edo euren liburuak batzuetan bakarrik irakurtzen dituztenengan pentsatzen duten…
Lorenzo Silva (Madril, 1966), Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta enpresako abokatu gisa aritu zen lanean 1992tik 2002ra. Kontakizun, artikulu eta literatur entsegu asko idatzi ditu, eta baita nazioartean ospea eman dioten zenbait eleberri ere. Horrela, “El alquimista impaciente” lanak, adibidez, Nadal Saria lortu zuen 2000. urtean. Lan hori, ziurrenez bere pertsonaia ezagunenak izango direnak, Bevilacqua brigadak eta Virginia Chamorro sarjentuak osatutako Guardia zibilaren bikotea, agertzen diren bigarren eleberria da.
José María Guelbenzu (Madril, 1944), literatur kritikari eta idazlea da, eta oso ezaguna da, baita ere, Mariana de Arco instrukzio epailea protagonista duen polizia eleberri seriea dela eta. Sail hori 2001ean hasi zen, “No acosen al asesino” lanarekin. Idazleak jaso dituen sari ugarien artean hauek daude: 1981ean jasotako Narrazioko Kritikaren Saria; 1991ko Plaza&Janés Nazioarteko Eleberri Saria; Kazetaritzako Fundación Sánchez Ruipérez Saria 2007an, eta Narrazioko Torrente Ballester Saria 2010ean. Sarritan idazten du Revista de Libros aldizkarian eta El País egunkariko gehigarrian.
BEDERATZIGARREN EDIZIOA
2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren hedapenerako eta gizarte eta zientzia ezagupenerako gunea da.