BIDEBARRIETA KULTURGUNEAREN “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EKIMENAK SUSO DE TORO ETA MÀRIUS SERRA ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN, KATALUNIAKO ETA GALIZIAKO LITERATURARI BURUZKO SOLASALDIAN

Juan Carlos De Rojo kazetariak moderatuko duen hitzordua arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus).

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak, Suso de Toro eta Màrius Serra idazleak elkartuko ditu datorren asteartean, OTSAILAREN 13an. “Catalunya/Galicia. Dos lenguas, dos literaturas” izenburua izango duen topaketa Juan Carlos De Rojo kazetariak moderatuko du, eta katalanez eta galegoz idatzitako literaturan zentratuko da, euren hizkuntzarekin konprometituta dauden bi egileren eskutik.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming-ez jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunetik.

2011n ere partu hartu zuenez “Eztabaidak literaturarekin” programan jadanik ezaguna den Suso de Torok (Konpostelako Donejakue, 1956), galegoz idazten du eleberria, antzerkia eta saiakera, eta baita telebistarako gidoiak eta prentsako artikuluak ere. Idatzi dituen lanen artean azpimarragarria da 2003an Narrazio Sari Nazionala eman zion “Trece badaladas” (Hamahiru kanpai-hots). Horrez gain, hiru aldiz irabazi du galegoz idatzitako Kritikaren Narrazio Saria. Otsail honetan argitaratuko da, hain zuzen ere, “Fóra de si” (Edicións Xerais) bere eleberri berria, duela ia zortzi urte literatur lana utzi eta irakaskuntzara itzuli behar zuela iragarri zuenetik egin duen lehenengo lana.

Màrius Serrari (Bartzelona, 1963) dagokionez, Ingeles Filologian lizentziatua eta ingeles irakaslea da. Arrakasta lortu zuen 1996an argitaratutako “Mon oncle” lanarekin. Idazle eta hainbat komunikabidetako zutabegile izateaz gain, enigma, hitz jolas eta ludo-hizkuntzalaritzaren fenomeno guztien aztertzaile eta bildumazalea ere bada. Hainbat sari lortu dituzten kontakizunak eta eleberriak idatzi ditu, horien artean Ramon Llull eleberri saria, “Farsa” (2006) lanari esker. 2013tik Ikasketa Katalanen Institutuko kide da. Bere hurrengo liburua martxoan argitaratuko dela aurreikusten da, “La novel.la de Sant Jordi” (Amsterdam).

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2017an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, eta Fernando eta Luis Marías anaiak.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.