1889ko uztaila eta abuztua artean idatzitako lana ez da inoiz argitaratu, eskuizkribua desagertu eta hamarkada luzez atzerriko bildumazale baten eskuetan egon delako.
Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Bertan egongo dira José Antonio Ereño Historian doktorea eta Miguel de Unamunorengan aditua eta Pollux Hernúñez, argitalpenaren egilea.
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak “Apuntes de un viaje por Francia, Italia y Suiza” (Oportet Editores) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteartean, OTSAILAREN 21ean, arratsaldeko 19:30ean. Miguel de Unamunoren lehen liburutzat hartzen da, 1889ko udan idatzi zuen, eta orain arte argitaratu barik egon da, jatorrizko eskuizkribua galdu eta atzerriko bildumazale batek eskuratu zuelako.
Ekitaldian José Antonio Ereño Historian doktoreak eta Miguel de Unamunorengan adituak, Pollux Hernúñez argitalpenaren egileak eta Emilio Pascual Oportet Editores argitaletxeko zuzendariak hartuko dute parte. Ekitaldiak sarrera librea izango du leku guztiak bete arte, eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunetik.
Osaba batek gonbidatuta, Unamuno gazteak, 25 urte bete aurretik, egin zuen 49 eguneko bidaia baten egunkaria da. Bertan, Kataluniatik, Proventzatik, Italiatik (Florentzia, Erroma, Napoli, Ponpeia, Milano), Suitzatik eta, batez ere Parisetik (Versallesera egindako ihesaldia barne) eta bertako Erakusketa Unibertsaletik, egin zuen ibilbideko puntu guztietan ikusi eta sentitu zuena idatzi zuen. Egia esateko, ezaguna zen egunkariaren existentzia eta orrialde batzuk ere ezagutzen ziren, baina eskuizkribua desagertuta egon da hamarkada luzez. Orain, jabeari esker –atzerrian eskuratu zuen eta anonimotasunean egon nahi duen bildumazalea– oso-osorik argitaratu ahal izan da.
304 orrialde dituen argitalpena Póllux Hernúñez antzerki zuzendari, dramaturgo eta itzultzaileak egin du, eta eskuz idatzitako koadernoen transkripzio osoa jasotzen du, bertan dauden zirriborratzeekin eta idazleak eskuz egin zituen marrazki batzuekin, hitzak nahiko iruditzen ez zitzaizkionean zenbait xehetasun modu grafikoan azaltzeko asmoz. Argitalpena osatzeko azalpeneko zenbait ohar, bidaiarekin erlazionatutako Unamunoren testuen eranskina eta eskuizkribuaren zenbait orrialderen erreprodukzioa daude.
Póllux Hernúñez Filologia Klasikoan doktore da Sorbonnetik. Bere bizitzako parte gehiena itzulpenean eta antzerkian eman du. “Mitos, héroes y monstruos de la España antigua” eta “Monstruos, duendes y seres fantásticos de la mitología cántabra” lanen egilea da. Itzuli dituen lanen artean oso izenburu ezagunak daude, “Los viajes de Gulliver” (gaztelaniara egindako lehenengo itzulpen osoa), “Oliver Twist”, “El tulipán negro” edo “El conde de Montecristo”, besteak beste.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.