BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, TRAJANOREN TRILOGIA IXTEN DUEN SANTIAGO POSTEGUILLOREN “LA LEGIÓN PERDIDA” ELEBERRIAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU ASTEAZKENEAN

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.net

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, Santiago Posteguillo idazlearen azken eleberriaren, Trajanoren Trilogiaren azkena den “La legión perdida” liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du datorren asteazkenean, MARTXOAREN 16an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Leku guztiak bete arte sarrera librea izango duen ekitaldia –ekitaldia hasi ondoren ez zaio inori sartzen utziko– streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

Bildumako hirugarren liburukia, eleberri historikoa estilo hoberenarekin eta suspense dosi handiz uztartzeko egileak duen gaitasunaren beste erakustaldi bat da. Trajanoren Trilogiaren bitartez, Santiago Posteguillok Erromatar Inperioaren funtsezko uneen historiara hurbiltzen du irakurlea. Orain “La legión perdida” (Ed. Planeta) argitaratu da, “Los asesinos del emperador” lanarekin hasi zen eta “Circo Máximo” liburuarekin jarraitu zuen zikloa ixten duen liburua, Zesarren garaiko Erromako enigma iradokitzaileenetakoa deszifratzen ahalegintzeko: zer gertatu zen modu misteriotsuan desagertutako legio harekin?

K.a. 53. urtean, ordura arte garaitezina izan zen Craso kontsulak Eufrates ibaia zeharkatu zuen, Ekialdea konkistatzeko, baina Carrhaen bere armada desegin zuten. Milaka soldadu hil ziren, eta legio osoa preso hartu zuten partoek. Mende eta erdi geroago, K.o. 115. urtean, Trajano ibai hura berriro gurutzatzeko prest dago, Alejandro Magnok egin zuen leku beretik. Eufrates ibaiaren beste aldean, 40.000 parto baino gehiago daude zain, euren geziekin eta gerrarako dituzten arte ospetsuekin. Zesarren indarrak zalantzan daude. Galdutako legioa bezala amaitzearen beldur dira. Baina Trajanok ez du beldurrik, eta Erromaren kanpaina militar handienari ekingo dio, garaipenera edo hondamendira eramango duen kanpainari, hain zuzen ere.

Santiago Posteguillo, filologo, hizkuntzalari, europar doktore Valentziako Unibertsitatetik, Castelloko Jaume I Unibertsitateko irakasle titular da gaur egun. Une honetan ingeles hizkuntzako eta literaturako klaseak ematen ditu, arreta berezia eskainiz XIX. mendeko narrazio ingelesari, antzerki isabeldarrari eta literatura ingelesak eta estatubatuarrak zinearekin, musikarekin eta beste arte batzuekin duten erlazioari.

70 argitalpen akademiko baino gehiago egin ditu, ikerketa artikuluetatik monografietara eta hiztegi espezializatuetara. 2006an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, bere trilogia ezagunetako baten, Eszipionen Trilogiaren, lehenengo partea “Africanus, el hijo del cónsul” (2006). Ondoren, trilogia horretan “Las legiones malditas” (2008) eta “La traición de Roma” (2009) idatzi zituen. 2008tik bere eleberri guztiak Espainiako Nielsen salmenta indizearen 200 eleberri salduenen artean daude, eta une batzuetan 10 salduenen artean egotera ere heldu dira.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegi barruko gunea da, eta bere helburu nagusia liburua eta literatura garatzea eta sustatzea da.