Bilboko Udalak, EHU/UPVk eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu duten programa maiatzeko lau ostegunetan luzatuko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Ostegun honetan eskainiko den lehenengo hitzaldia, “Un matemático en la corte del rey Arturo”, José Manuel Calabuig Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikerlari eta irakasleak eskainiko du.
Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, “Matematikak eguneroko bizitzan” programaren hamaseigarren edizioa jasoko du ostegun honetatik aurrera, matematikak eta euren errealitatea gizarte osora hurbildu nahi duten zenbait topaketaren bitartez, era atsegin baina zorrotzean. Programatutako lau hitzaldiak, ibilbide luzea eta zirkulu zientifikoetan eta akademikoetan ospe handia duten profesionalek emango dituzte.
Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte –ez da baimenduko aretora sartzea ekitaldia hasi ondoren–. Aurreko edizioetan egon den ikus-entzule kopuru handia dela eta, hitzaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
“Un matemático en la corte del rey Arturo” izeneko lehenengo hitzaldia ostegun honetan bertan, maiatzaren 9an, eskainiko du José Manuel Calabuig Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Matematika Aplikatu saileko irakasle titularrak. Gaur egun, Analisi Funtzionalean egiten duen ikerketa lana (arlo horretan 30 artikulu baino gehiago argitaratu ditu), Valentziako Generalitateko hainbat Conselleríarekin eta Iruzurraren kontrako Valentziako Agentziarekin egiten dituen lankidetza jarduerekin uztartzen du.
Lan horiek gehienak, grafoen eta distantzien aplikazioan zentratzen dira, administrazio publikoetako iruzurra eta jardunbide okerrak hautemateko. Hitzaldi horretan, Calabuigek, Hervé Falciani ingeniari ezagunarekin (bere izena daraman “Falciani zerrenda” dela eta ezaguna), elkarlanean erabili izan dituen teknika matematiko-teknologiko horietako batzuk aurkeztuko ditu. Lan horiek, Nazioarteko Baltasar Garzón Fundaziorako edo Iruzurraren kontrako Valentziako Agentziarako egin ditu, besteak beste.
Maiatzaren 16ko bigarren jardunaldiaren protagonista Antonio Pérez Sanza zientzia dibulgatzailea izango da, irakaskuntzan 37 urteko esperientzia duen Bigarren Hezkuntzako Matematika katedraduna. “La geometría se hizo arte: las claves secretas de Escher” izeneko hitzaldiak M.C. Escherren, matematikariek gehien preziatzen duten margolariaren, lanari begiratzeko proposatuko die ikus-entzuleei. Margolariaren lanetan geometriako benetako ikus-eztanda gertatzen da.
Hitzaldi horretan, geometria dinamikoa arte bilakatu daitekeela ikusiko dugu. Ikus-ibilbidea, planoan egiten diren mugimenduekin eta mosaikoen mundu iradokigarriarekin hasiko da, Granadako Alhambran geldialdia eginez, Escherrentzat inspirazio iturri izan ziren planoaren simetriako 17 multzoak erakusteko. Bere eskutik, ikus-entzuleek planoaren aldizkako zatiketen mundu magikoa eta espazioko planoari egindako jauziak ezagutu ahal izango dituzte eta ezinezko munduetan sartu ahal izango dira.
MATEMATIKAK ETA HIZKUNTZAK
Programazioak maiatzaren 23an izango du jarraipena, María Victoria Otero ikerlari, irakasle eta dibulgatzaile ospetsuak, Matematikako Errege Elkarteko Batzorde Profesionaleko Presidente eta Konpostelako Donejakueko Unibertsitateko Titulazioen errektoreordeak eskainiko duen “Matemáticas, lenguas y otros asuntos” hitzaldiarekin. Bere hitzaldian, munduko hizkuntza askoren errealitatera hurbilduko da. Izan ere, hizkuntzalari askok aurreratu dutenez, munduan dauden ia 6.000 hizkuntzetatik erdia mende honen amaierarako desagertu egingo da.
Bere hitzaldian hainbat galderari erantzuten saiatuko da, adibidez, matematikak lagungarri izan ote daitezkeen hizkuntzaren erabileraren eta transmisioaren atzean dauden mekanismoak ulertzeko orduan, hizkuntza baten erabilera indartzeko eta hobetzeko estrategien garapenean lagun dezaketen edo, baita, lurralde bateko hizkuntz bilakaera formula matematikoen bitartez sintetizatu ote daitekeen.
Programa maiatzaren 29an itxiko da, Usue Mori Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika Aplikatuko eta Estatistikako eta Ikerketa Operatiboko doktore eta irakasleak emango duen “Datuak, gaur egungo urre eta harribitxiak” hitzaldiarekin. Euskaraz izango den azken saioa, Big Data izenez ezagutzen dugun horretan eta datu handien azterketaren alorrean, zientzia edo gizarte arloko jokabideak aurreikusteko edo pronostikoak egiteko ematen diren arazo nagusietan, eta medikuntzan, industrian edo merkataritzan duten aplikazioan, zentratuko da.
“Matematikak eguneroko bizitzan” programa Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dute elkarlanean, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin. Zikloa, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu “Darwinen Eguna” edo “Ellas hacen ciencia”, besteak beste, zientzia jende guztiari, era atseginean, zorrotzean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA literaturaren eta giza eta zientzia ezagutzaren hedapenerako gunea da Bidebarrietako Liburutegiaren barruan.
AGENDA:
MAIATZAK 9. 19:30
“Un matemático en la corte del rey Arturo”
José Manuel Calabuig (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa)
MAIATZAK 16. 19:30
“La geometría se hizo arte: las claves secretas de Escher”
Antonio Pérez Sanz (Matematika Katedraduna, Madril)
MAIATZAK 23. 19:30
“Matemáticas, lenguas y otros asuntos”
María Victoria Otero (Konpostelako Donejakueko Unibertsitatea)
MAIATZAK 29. 19:30
“Datuak gaur egungo urre eta harribitxiak”
Usue Mori (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Sarrera librea leku guztiak bete arte. Hitzaldiak streaming-ez eskainiko dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.