BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, “LURRETIK ILARGIRA” ZIKLOAREN BIGARREN ETA AZKEN SOLASALDIA JASOKO DU ASTELEHENEAN, EKAINAREN 17AN, ARMSTRONGEK ETA ALDRINEK ILARGIAN LEHEN PASEALDIA EMAN IZANAREN 50. URTEURRENA DELA ETA

Topaketa 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, Ricardo Hueso eta José Félix Rojas astrofisikari eta EHU/UPVko Zientzia Planetarioen taldeko kideek eskainiko dituzten bi hitzaldirekin

Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, GAURTIK aurrera, liburutegian bertan. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, gizakia Ilargira heldu izanaren 50. urteurrena dela eta mundu osoan egiten ari diren ospakizunen barruan antolatu den zientziaren hedapenerako “Lurretik Ilargira” zikloko bigarren saioa jasoko du datorren astelehenean, ekainaren 17an. Bigarren eta azken topaketan, ibilbide luzeko bi irakasle eta ikerlari elkartuko dira, Ricardo Hueso eta José Félix Rojas astrofisikari eta EHU/UPVko Zientzia Planetarioen taldeko kideak.

Zirkulu Eszeptikoarekin eta Aula Espazio Gelarekin batera antolatutako jarduera 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du. Dena den, beharrezkoa izango da gonbidapena jasotzea, gaurtik aurrera, liburutegian bertan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera–, gehienez ere lau gonbidapen pertsona bakoitzeko. Leku guztiak bete ondoren ez zaio inori aretora sartzen utziko, baina topaketa streaming-ez jarraitu ahal izango da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Topaketa, Ricardo Hueso astrofisikariak emango duen “Ciencia lunar: cómo la Luna sigue fascinando a la astronomía del s.XXI” hitzaldiarekin hasiko da. UPV/EHUko Fisika Aplikatu Irakasle eta Fisika doktore den Ricardo Huesok, Astrofisikako Pro-Am lankidetzari ematen zaion Javier Gorosabel saria jaso zuen iaz. Sociedad Española de Astronomía (SEA) elkarteak aintzatesten duen eta astronomo profesionalen eta amateurren arteko lankidetza saritzen duen saria da. Hueso buru den taldeak hamarkadak daramatza eguzki sistemako planetak behatzen eta haietan ematen diren talkak hautematen. Beraien ikerketa eremuak planeta erraldoien atmosferak dira, Venus edo Titanez aparte.

“Destino, la Luna” izeneko bigarren hitzaldia José Félix Rojasek emango du. Hueso bezala, José Félix Rojas EHU/UPVko Zientzia Fisikoetako doktore da, eta Fisika Aplikatua I departamentuko irakaslea Bilboko Ingeniaritza Eskolan, EHU/UPVko Zientzia Planetarioen Taldeko ikerlari izateaz gain. Bere ikerketa arloak Jupiterreko eta Saturnoko atmosferen azterketa dinamikoarekin daude erlazionatuta. Aditua da irudiaren prozesatzean eta azterketan, programazioan eta zenbakizko kalkuluan. Bizkaiko Astronomia Elkarteko presidenteordea da 1982an sortu zenetik, eta oso partaidetza aktiboa du zientziaren hedapenean.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.

GONBIDAPENAK JASOTZEA:
“LURRETIK ILARGIRA”
Lekua: Bidebarrietako liburutegia
Egunak: Ekainaren 11tik 17ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-20:00.
Gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

+ INFO: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus