BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK ANTOLATZEN DUEN “XXI. MENDEKO EMAKUME IDAZLEAK” PROGRAMAK MARÍA SÁNCHEZEN “TIERRA DE MUJERES” LIBURUAREN AURKEZPEN EKITALDIA JASOKO DU BIHAR

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei buruzko “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloari berrekingo dio BIHAR, ekainaren 13an. Hitzordu berri honetan María Sánchez albaitari eta idazle andaluziarrak “Tierra de mujeres” liburua aurkeztuko du, landa inguruan bizi diren emakumeen errealitateari buruz lehen pertsonan idatzitako saiakera. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera bikaina jaso duten literatura garaikideko emakume idazleengan zentratzeko xedez. Orain arte topaketetan parte hartu dutenak hauek izan dira: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Najat El Hachmi, Karmele Jaio, Clara Usón eta Elvira Lindo.

Albaitarien alaba eta iloba, lurrari eta animaliei aspalditik lotutako hainbat belaunaldiren azkenekoa, María Sánchez (Kordoba, 1989), betidanik gizonek egin duten lanbidean ari den bere familiako lehenengo emakumea da. Albaitari gisa aurrera daraman eguneroko jarduna, landa inguruetako bideak furgoneta batean egitetik eta gehien bat gizonezkoek osatzen duten inguruneko begiradak alde batera uztetik igarotzen da. Oso pertsonala den saiakera lan horretan, idazleak bozgorailua eta lekua eskaini gura die Espainiako landa inguruetan isilduta dauden emakume guztiei, lurra eskuekin lantzeko eta euren familiak zaintzeko hezkuntzari eta independentziari uko egin behar izan zieten emakumeei.

Familiako istorioetan eta irakurketen eta landa inguruneak jasaten dituen gatazka batzuen (jendez hustutzea eta herriak ahanztea, baliabide naturalen ustiapena, ingurumen politiken ez betetzea edo nekazaritzako lan baldintzak) ondoriozko zientziari eta literaturari buruzko gogoetetan oinarrituta, “Tierra de mujeres” lana feminismoari eta landa inguruko literaturari buruzko eztabaidan hutsunea betetzera dator. Horrez gain, landa inguruko bizitzako ikuspegi errealista eman gura du, hiri handietatik ematen den irudi bukolikotik urrun, eta orain arte belaunaldiz belaunaldi transmititu den ezagutza betiko galtzearen arriskua azpimarratu.

María Sánchez landa inguruko albaitaria da. Ohiko kolaboratzailea da medio digitaletan eta paperezkoetan, literaturari, feminismoari, abeltzaintza estentsiboari eta landa inguruko kulturari buruzko gaiak landuz. Sorkuntza prozesuari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duen Las entrañas del texto proiektua eta, Almáciga, gure lurraldeko hizkuntza desberdinetan agertzen diren landa inguruko hitzen haztegi txikia koordinatzen ditu. Ohiko kolaboratzailea da Carne Cruda Radio irratian, Notas de campo sekzioan, landa ingurunean bizi diren eta berau zaintzen duten istorioez, pertsonez eta animaliez betetako soinuzko egunerokoan. Bere poemak frantsesera, portugesera eta ingelesera itzuli dira. Cuaderno de campo (La Bella Varsovia, 2017) liburuaren egilea da.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.