Pascual Román Polo EHU/UPVko Zientzia Kimikoetako Doktorearekin egingo den topaketa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea BIHARTIK aurrera. Streamingez ere jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez
Bidebarrieta Kulturguneak Elementu Kimikoen Taula Periodikoari buruzko hitzaldi-solasaldia jasoko du asteazken honetan, urtarrilaren 16an, argitaratu zenetik 150 urte betetzen direnean. Pascual Román Polo EHU/UPVko Zientzia Kimikoetako Doktore eta irakasle emeritua izango da taularen historia azalduko duena, Bilboko Udalak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu duten zientziaren hedapenerako foro honetan.
Jarduera arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta doako sarrera izango du, baina beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea liburutegian bertan BIHARTIK aurrera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera– pertsona bakoitzeko lau sarrera gehienez. Aretoko leku guztiak bete ondoren ezin izango da bertara sartu, baina topaketa streamingez jarraitu ahal izango da, www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez
2017ko abenduaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen2019a. Ospakizun horren bitartez, Europar Batasunak garapen jasangarriari dagokionez aurrean dituen erronketarako konponbideak garatzeko orduan kimikak eta fisikak betetzen duten ezinbesteko lekua aintzatetsi gura da.
Horrez gain, Nazioarteko Urteak, Dmitri I. Ivánovich Mendeléiev zientzialari ezagunak Elementu Kimikoen Taula Periodikoa sortu izanaren 150. urteurrena ospatuko du. Kimikari ezagunak, kimika modernoaren gurasoetako batek, planetan dauden osagaien sailkapen ezagunaren lehen bertsioa argitaratu zuen 1869an; zientziaren historiako gertakari garrantzitsuenetakotzat hartzen den sistema.
Pascual Román Polo doktorea, Bilboko Unibertsitateko Zientzia Kimikoetako Doktore eta EHU/UPVko irakasle emeritua izango da taula periodikoaren historia azalduko duena, eta baita zeintzuk izan ziren sistema hori garatzea proposatu zuten zientzialariak eta zelan bideratu zen, onespena lortu arte. Horrez gain, taula periodikoak gaur egunera arte izan duen bilakaera aztertuko da, eta baita ikono horren garrantzia eta zientziari eta teknologiari egin dien ekarpena ere.
Hitzaldia, “Bidebarrieta Zientifikoa” ekimeneko jarduera egutegiaren barruan dago. Ekimen horretan jasotzen diren programen artean “Darwinen Eguna” dago –hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatutakoa–. Helburua zientzia pertsona guztiei hurbiltzea da, era atseginean eta didaktikoan, eta baita egunerokotasuna duten gaiak ezagutaraztea ere.
GONBIDAPENAK JASOTZEKO:
Lekua: Bidebarrietako Liburutegia
Egunak: urtarrilaren 11tik 16ra. Larunbatean eta igandean izan ezik.
Ordutegia: 10:00-14:00 // 16:00-20:00.
Pertsona bakoitzeko 4 gonbidapen gehienez.
INFO gehiago: www.bilbao.eus eta www.bilbaokultura.eus