Patxi Lanceros Filosofia doktoreak aurkeztuko ditu maiatzean, astelehenetan, 8, 15, 22 eta 29an, arratsaldeko 19:30ean Bidebarrietako Liburutegian eskainiko diren hitzaldiak. Sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte.
“Eta zertarako poetak…” izenburupean, lau hitzaldiek poesiak pentsamendu eta azterketa filosofikoan duen eragina planteatuko dute, eta baita transmisiorako bide gisa duen garrantzia ere.
Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko Udaleko Kultura Sailak, “Kultura eta Pentsamendua” programaren barruan antolatu dituen lau topaketen artetik lehenengoa jasoko du datorren ASTELEHENEAN, MAIATZAREN 8an. Aurten zortzigarren edizioa beteko duen eta “Eta zergarako poetak…” izenburua daraman programaren xedea poesiaren eta filosofiaren arteko erlazioa izango da, sorkuntza poetikoak gogoetarako eta kritikarako materia sortzeko duen gaitasuna, batez ere.
Hitzaldiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, maiatzeko lau astelehenetan, 8, 15, 22 eta 29an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streaming-ez ere jarraitu ahal izango kulturguneatb.eus webgunetik.
Edizio honen izenburuak, “Eta zertarako poetak…”, Friedrich Hölderling egile alemanaren, “Ogia era Ardoa” lanaren pasarte bat aipatzen du. Bertan galdera hau egiten du egileak “…eta, zertarako poetak eskasia garaietan?”. Erantzuna, bere iritziz, “irauten duena poetek sortzen dutela” da. Poesia, beraz, pentsamendu zorrotzenaren ubide eta ur-emari da eta, ondorioz, gogoetarako eta kritikarako ematen diren edukiak finkatzeko gai da.
Patxi Lanceros saiakeragile eta Filosofian doktoreak aurkeztuko duen egitaraua datorren astelehenean, MAIATZAREN 8an, hasiko da, Helena Cortés Gabaudán Vigoko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literatura Alemaneko irakaslearen eskutik. “Orfeo es cuando canta: cuando la poesía supera a la filosofía” hitzaldia eskainiko du. Egin dituen lanen artean azpimarragarria da literatura eta filosofia itzultzaile gisa egindakoa, egile garrantzitsuak itzuliz, Goethe, Heidegger, Adorno, Schelling edo Hölderlin bera, besteak beste.
Ondoren Carlota Fernández-Jáuregui Rojas etorriko da, MAIATZAREN 15ean, “Una antigua caída. Sobre los límites entre filosofía y comedia” hitzaldiarekin. Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Europar Literaturan Doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomotik eta Literaturaren Teorian eta Literatura Alderatuan Lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutensetik, Fernández-Jáuregui Despalabro. Ensayos de Humanidades aldizkariko editorea da sortu zenetik.
MAIATZAREN 22an Nuria Sánchez Madriden txanda izango da. Filosofian eta Filologia klasikoan lizentziatua eta Filosofian Doktorea da. Duela ia 20 urtetik irakaskuntza lanak egiten ditu Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Filosofia Fakultatean. Aditua da pentsamendu aleman klasikoan, pentsamendu garaikidean, filosofia greziarraren historian eta ideia politikoen historian, arreta berezia eskainiz Kant, Aristoteles eta Hannah Arendt pentsalariei. Hain zuzen ere, bere hitzaldiaren izenburua “Llamas, polvo y cenizas. Poesía como magia en Arendt” da.
Jon Kortazar Uriarte, Euskal Literatura katedraduna UPV/EHUn eta diziplina anitzeko intelektuala, izango da zikloa itxiko duena, MAIATZAREN 29an, euskaraz eskainiko duen “Euskal Poesia: Filosofia, Estetika eta Aforismoa” hitzaldiarekin. Hitzaldia UPV/EHUko Javier Rojok aurkeztuko du. Gaur egun, Kortazar talde batekin ari da lanean “Euskal Literatura Garaikidearen Historia” baten argitalpenean. Lan horren sei liburuki argitaratu dira dagoeneko. Horrez gain, Euskal Liburutegi Elebiduna zuzentzen du, euskal egile garaikideen eta klasikoen itzulpenak eskaintzen dituen bilduma, dagoeneko hogei liburuki argitaratu dituena.
2010eko maiatzean martxan jarri zen “Kultura eta Pentsamendua” programaren helburua, gaurkotasuna duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune bilakatzea da, egungo panoramako pentsalari handien ikuspuntu kritikotik. Krisia, utopia edo erlijioak izan dira aurreko edizioetan landu diren gaiak, eta jardunaldi horietan parte hartu dutenen artean, Alicia Puleo, Félix Duque, Concha Roldán, Rafael Argullol, Perfecto Andrés Ibáñez, Fernando Vallespín, Manuel Barrios eta José Luis Villacañas filosofoak eta pentsalarak daude, besteak beste.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenera bideratutako gunea da.
EGITARAUA:
MAIATZAK 8
Helena Cortés Gabaudan (Vigoko Unibertsitatea):
“Orfeo es cuando canta: cuando la poesía supera a la filosofía”
MAIATZAK 15
Carlota Fernández-Jáuregui Rojas (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa):
“Una antigua caída. Sobre los límites entre filosofía y comedia”.
MAIATZAK 22
Nuria Sánchez Madrid (Madrilgo Unibertsitate Konplutensea)
“Llamas, polvo y cenizas. Poesía como magia en Arendt”
MAIATZAK 29
Jon Kortazar (Euskal Herriko Unibertsitatea)
“Euskal Poesia: Filosofia, Estetika eta Aforismoa”
Aurkezlea: Javier Rojo (UPV/EHU)
Bidebarrietako Liburutegia. 19:30ean. Sarrera librea aretoko leku guztiak bete arte .
Hitzaldiak streaming-ez eskainiko dira. www.kulturguneatb.net