BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, AURTEN EMAKUMEAK HISTORIAN, KULTURAN EDO GIZARTEAN BETE DUEN LEKUARI BURUZKO GOGOETA PLANTEATUKO DUEN “KULTURA ETA PENTSAMENDUA” ZIKLOA JASOKO DU ASTELEHENETIK AURRERA

Patxi Lanceros Filosofia doktoreak aurkeztuko ditu maiatzean, astelehenetan, 6, 13, 20 eta 27an, arratsaldeko 19:30ean Bidebarrietako Liburutegian eskainiko diren hitzaldiak. Sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte. Streaming-ez eskainiko dira www.kulturguneatb.eus helbidean

“Emakumeen arrazoia” izenburupean, ibilbide luzeko lau emakume historiagile eta filosofok, fokua irekiko dute, emakumeen lekuari edo lekuei buruz gogoeta egiteko, arrazoi maskulinoaren edo patriarkalaren konfigurazio alternatiborako arrazoiak emateko xedez.

 

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, “Kultura eta Pentsamendua” programaren barruan antolatu dituen lau topaketen artetik lehenengoa jasoko du datorren astelehenean, maiatzaren 6an. Aurten hamargarren edizioa beteko duen filosofiari eskainitako zikloak, gaurkotasuna eta garrantzia dituen gaia landuko du, emakumeek historian, kulturan edo gizartean bete izan duten lekua, hain zuzen ere. “Emakumeen arrazoia” izenburua duten hitzaldiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, maiatzeko lau astelehenetan, 6, 13, 20 eta 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streaming-ez ere jarraitu ahal izango da kulturguneatb.eus webgunetik.

Izan ere, gaur egun indarra duen eztabaida bat baldin badago, hori emakumeek betetzen duten lekuari buruzko eztabaida da. Emakumeen lekua edo lekuak historian, kulturan eta gizartean. Ez da edo dira soilik emakumeek modu efektiboan betetzen dituzten edo bete beharko lituzketen lekua edo lekuak. Historia luzea eta kondaira asko eta asko ere badira. Batzuk eta besteak nagusitasuna zuen ikuspegitik eraiki dira: gaur egun oraindik ere gure hezkuntzara, gure errutinetara, gure legeetara eta gure erakundeetara itsatsita jarraitzen duen arrazoi maskulinoaren edo patriarkalaren ikuspegitik. Historia hori berrikustea eta kondaira jakin batzuk eraistea konpromisoa eta oraindik bete gabeko egitekoa da. Jardunaldi horiek, konfigurazio alternatiborako eta eskubidea sortzeko arrazioak ematen lagundu gura dute.

Patxi Lanceros saiakeragile eta Filosofian doktoreak aurkeztuko duen egitaraua datorren astelehenean, MAIATZAREN 6an, hasiko da, historiagile eta superstizioan, magian, sorginkerian eta deabruaren posesioetan aditua den María Tausietek eskainiko duen “Feminismo y panteísmo. De Mary Wollstonecraft a Mary Poppins” hitzaldiarekin. Zaragozan jaioa (1960), Historian doktorea da Zaragozako Unibertsitatean. Kontratatutako doktore gisa egin zuen lan CSICeko Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko Zientziaren Historia sailean (2008-2011). Hamabi lan inguru argitaratu ditu, eta erlijio sinesmenetan eta jardunbideetan dago espezializatuta.

Bere ondoren Belen Altuna EHU/UPVko Filosofia irakaslea etorriko da, MAIATZAREN 13an, “Mujeres y emancipación: libertad positiva” hitzaldiarekin. Filosofia irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean, bere lanak etikaren, estetikaren eta filosofia politikoaren artean daude. Bere lanen artean hauek azpimarratu behar dira: “Una historia moral del rostro”, (Pre-Textos, Valentzia, 2010) eta “Euskaldun fededun”, (Alberdania, 2010).

MAIATZAREN 20an María Teresa López de la Viejaren txanda izango da. Filosofia Moral eta Politiko katedraduna eta Filosofia irakaslea Salamancako Unibertsitatean. Argitaratu dituen lanen artean hauek aipa daitezke: “Principios morales y casos prácticos” (2000), “Ética y literatura” (2003), “La mitad del mundo. Ética y critica feminista” (2004), “Bioética y ciudadanía” (2008) eta “Bioética y literatura” (2013). Ziklo honen barruan eskainiko duen hitzaldiaren izenburua “Derechos humanos, derechos de la mujer” izango da.

Amaitzeko, Elena Hernández Sandoica historiagilea izango da zikloa ixtearen arduraduna, MAIATZAREN 27an, “Rosario de Acuña (1850-1923): la escritura y la vida” hitzaldiarekin. Historia Garaikide Katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, historia kolonialean, Espainiaren eta Kubaren arteko XIX. mendeko harremanetan, Espainiako historiografia garaikidean eta hezkuntzaren eta unibertsitateen historian da espezialista. Bere hitzaldia Rosario de Acuñaren figuran zentratuko da, bi menderen artean bizi izan zen emakumea, ausarta, libre-pentsalaria eta izpiritu kritikoduna, bere garaikide batzuek oso miretsia eta irakurria eta beste batzuek baztertutakoa. Bere garairako pentsamendu aurreratua zuen, eta emakumearen berdintasuna aldarrikatzen zuen, gizonaren nagusitasun aldarrikatuaren aurrean. Hezkuntzak eta laikotasunak Estatuko erakundeetan zuten balioaren defendatzaile leiala.

2010eko maiatzean martxan jarri zen “Kultura eta Pentsamendua” programaren helburua, gaurkotasuna duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune bilakatzea da, egungo panoramako pentsalari handien ikuspuntu kritikotik. Krisia, utopia edo erlijioak izan dira aurreko edizioetan landu diren gaiak, eta jardunaldi horietan parte hartu dutenen artean, Alicia Puleo, Félix Duque, Concha Roldán, Rafael Argullol, Perfecto Andrés Ibáñez, Fernando Vallespín, Manuel Barrios, Jon Kortazar, Helena Cortés Gabaudán edo José Luis Villacañas filosofoak eta pentsalariak daude, besteak beste.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian literaturaren eta ezagutza humanistaren eta zientifikoaren hedapenera bideratutako gunea da.

AGENDA:

MAIATZAK 6
“FEMINISMO Y PANTEÍSMO. DE MARY WOLLSTONECRAFT A MARY POPPINS”
María Tausiet. Instituto Universitario de Estudios de la Mujer (Valentziako Unibertsitatea)

MAIATZAK 13
“MUJERES Y EMANCIPACIÓN: LIBERTAD NEGATIVA Y LIBERTAD POSITIVA”
Belén Altuna. EHU/UPV

MAIATZAK 20
“DERECHOS HUMANOS, DERECHOS DE LA MUJER”
Mª Teresa López de la Vieja. Salamancako Unibertsitatea

MAIATZAK 27
“ROSARIO DE ACUÑA (1850-1923): LA ESCRITURA Y LA VIDA”
Elena Hernández Sandoica. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea

• Hitzaldi zikloa Patxi Lanceros Filosofian Doktoreak aurkeztuko du
Bidebarrietako Liburutegia. 19:30ean. Sarrera librea aretoko leku guztiak bete arte.
Hitzaldiak streaming-ez eskainiko dira. www.kulturguneatb.eus