BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK, AURTEN 1917KO GREBA OROKORRAREN MENDEURRENEAN ZENTRATUKO DEN BILBOKO HISTORIARI BURUZKO SYMPOSIUMAREN XXI. EDIZIOA JASOKO DU DATORREN ASTEAZKENEAN

Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalaren laguntzarekin antolatutako dibulgazio eta eztabaida foroa, greba orokorrean, euskal autogobernuaren aldarrikapenean eta Bilboko lehenengo alkate demokratikoetan zentratuko da.

Bidebarrietako udal liburutegiko Bidebarrieta Kulturguneak, duela bi hamarkadatik Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalaren laguntzaz, antolatzen duen Bilboko Historiari buruzko XXI. Symposiuma jasoko du datorren astean, azaroaren 29an. Oraingo honetan, 1917an, duela mende bat, hain zuzen ere, izandako zenbait gertakaritan zentratuko da, greba orokorrean, euskal autogobernuaren aldarrikapenean eta Bilboko lehenengo alkate demokratikoen aukeraketan, hain zuzen ere.

“1917ko abuztuko greba orokorraren, euskal autogobernuaren aldarrikapenaren eta Bilboko lehendabiziko alkatetza demokratikoaren ehungarren urteurrena” izeneko hedapen eta eztabaidarako topaketak duela mende bat Hirian izandako garrantzia historiko handiko gertakarietan zentratuko da. Horrela, gure historiaren hamabi ikerlari inguru, langileen borroka eta aldarrikapen politiko eta sozialeko garai gorabeheratsu haiek berreskuratzen ahaleginduko dira.

Symposiuma arratsaldeko 18:00etan hasiko da liburutegiko ekitaldi aretoan. “Bilboko 1917ko giro iraultzailea eta udaleko lehen alkate demokratikoen ekimen berritzaileak: Mario Arana, Gabino Orbe, Rufino Laiseka (1917-1922)” izeneko inaugurazio hitzaldia Joseba Agirreazkuenaga ikerlariaren eskutik etorriko da. Ikerketa, Bilboko alkatetzan Arana, Orbe eta Laiseka egon ziren epealdian zentratuko da, iraultza demokratiko eta sozial garaian.

Irakaslea 1980tik UPV-EHUn eta Historia Garaikide irakasle titular 1988tik, Joseba Agirreazkuenagak bere saileko Espainiako Historiako Katedra elebiduna lortu zuen 1995ean. Filosofia eta Letretan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik, eta Geografia eta Historia Doktore. Berak idatzitako Euskal Herritarren burujabetza politikoaren auzia mundu berriaren zurrunbiloan saiakerak Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno Saria lortu zuen 2011n.

Bere ikerketa eremu nagusiak biografia eta prosopografia, Erregimen Zaharraren krisia, iraultza liberalak, soziabilitate kulturala, antolakuntza eta kudeaketa politiko-administratibo sistemak, legebiltzarretako batzarrak, eguneroko bizitza eta ahozko historia dira. Bidebarrieta aldizkariaren zuzendaria, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkari, Vasconia, Ernaroa, Historia antropología y fuente oral eta Historia Contemporánea izenekoen erredakzio kontseiluko kide da.

Mikel Urquijo, Xabier Altxibar, Jon Peche edo Eduardo Alonso ikerlarien eskutik programatu diren gainerako hitzaldietan beste zenbait gai landuko dira: 1917ko krisialdia, Errestaurazioko sistemaren amaieraren adierazpen gisa, euskal autonomiaren hasieran; langileen aldarrikapena eta Lehen Mundu Gerrako Bilboko izpiritu iraultzailea edo langileen mugimenduaren isla Bizkaiko prentsan, besteak beste.

Eusko Ikaskuntza Symposiuma urtero egiten da 1996tik Bidebarrieta Kulturgunea kultura espazioan, Eusko Ikaskuntzak berak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Bilboren eta Euskal Herriaren historiari buruzko zenbait atal era monografikoan lantzeko, gure historian sakontzeko eta berau kontserbatzeko helburuz.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.