Aurkezpena Félix Linares kazetariak egingo du. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegian izango da, arratsaldeko 19:30etan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Bidebarrietako Liburutegiak, Nadal Sariaren 71. edizioa irabazi duen José C. Vales zamorarraren “Cabaret Biarritz” lanaren aurkezpena jasoko du asteazken honetan (otsailak 11, 19:30etan). Ekitaldiaren aurkezpena Félix Linares kazetariaren esku egongo da, eta ekitaldirako sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Obraren protagonista George Miet idazle frantsesa da. 1925ean Miarritze hankaz gora jarri zuten gertakari tragiko batzuei buruzko eleberri “serioa” idazteko agindua eman zioten. Idazlea Ipar Euskal Herriko herrira hurbilduko da, eta bertan, kaian hilda agertu zen neska gaztearekin modu batean edo bestean erlazionatuta egon ziren gizarteko hainbat mailako hogeita hamar pertsona inguru elkarrizketatuko ditu.
Horrela, ikerketa baten bitartez, eleberriak, erabateko aldaketa bizitzen ari den gizartearen erretratua eskaintzen du. Bertan, batera agertzen dira gizartearen arau zorrotzak eta unearen ospakizuna, aldi berean goi mailakoak eta izugarriak diren elementuak. Barruan, maitasunaren ezintasuna ere nolabait erakusten duen lana da. Baina, hori guztia, tonu dibertigarrian. José C. Vales autoreak, Nadal saria jaso ondoren aitortu zuenez, Dickensen lan bat izan zen “Cabaret Biarritz” lana inspiratu ziona.
José C. Vales (Zamora, 1965) Filologia Hispaniarrean lizentziatu zen Salamancako unibertsitatean eta, ondoren, literatura erromantikoaren filosofian eta estetikan espezializatu zen Madrilen. Bere lan jarduera argitalpenaren munduari lotuta egon da betidanik, erredaktore, editore eta itzultzaile gisa. 2013an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, “El pensionado de Neuwelke”, erromantizismoko literaturari omenaldia eskaintzen dion eleberri beltza. Lan horrekin irakurleen eta kritikaren iritzi bikainak jaso zituen. Orain, “Cabaret Biarritz” bere bigarren lanak, Espainiako literaturaren munduan urte gehien daramatzan eta ospe gehien duenetakoa den Nadal Sariaren 71. edizioa irabazi du.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrieta Liburutegi barruan dagoen gunea da, eta bere helburu nagusia liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena da.