ALKATEA TOKIKO ARTISTA ETA ERAGILE BATZUEKIN ELKARTUKO DA, ZEINTZUK HAUTATUAK IZAN BAITZIREN #BILBAOAURRERA PLANEKO KULTURAKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIETAN

  • Udalak 20 proposamen hautatu ditu Bilbao Aurrera Planeko Kultur Proiektuen Poltsan parte hartzeko. Uriko aurtengo kultur programazioa osatzen duten ekimenak dira.
  • Era berean, Udalak Bilboko entitateen 6 proiektu hautatu ditu, ikus-entzunezkoen eta zinemaren arlokoak, uria sustatzearren.
  • Gainera, datozen egunotan, uria dinamizatuko duten espazio publikoko jardueretarako proiektuak emango dira ezagutzera, laguntzetarako deialdian hautatuak izan direnak.
  • Kulturari zuzenean laguntzeko neurriak dira, Udalak sustatuak COVID-19ak eragindako krisia arintzeko, eta xedetzat dute kultur jarduera sustatzea eta uriko eragile eta entitateei laguntzea.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin, Iñaki Lopez de Aguileta Kultura Saileko zuzendariarekin eta Vanesa Fernández ZINEBIren zuzendariarekin batera, Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondigan izan dira gaur goizean, tokiko hogei artista eta kultur eragilerekiko topaketa batean, zeinak hautatuak izan baitira kulturaren eta ikus-entzunezkoen arloko proiektuen bi poltsatan parte hartzeko.

Proiektuen Poltsa bi horietarako deialdiei, zeintzuk Udalaren Bilbao Aurrera Plan Estrategikoan baitaude sartuta, dirulaguntzetarako hirugarren deialdi bat gehitu behar zaie, eta datozen egunotan emango da jakitera zein proiektu izan diren hautatuak hirugarren deialdi horretan uria segurtasunez eta jasangarritasunez dinamizatzeko.

Hiru deialdi horiek Udalak sustatuak dira, eta xede bat daukate: Bilboko kulturaren eta sorkuntzaren arloetako profesionalak eta entitateak babestea, eta sektorearen dinamizazioa sustatzea, COVID-19ak uriko kultur eragileei eragindako ondorioak arintzearren.

Hala, Alkatea tokiko artisten talde bati mintzatu zaio, esanez: “jabetzen gara pandemia honen ondorioek izen-deiturak dauzkatela. Litekeena da zuek izatea haien arteko batzuk, edo lanbideko kideak, hala nola eragileak, artistak, ekoizleak, teknikariak, industria lagungarrietako langileak edo sustatzaileak. Hori dela eta, 2020an zehar, eta halaber hurrengo ekitaldian, saiatuko gara gure aletxoa jartzen egoera arintzen saiatzeko.”

Egungo egoera sanitarioaz eta uriko kultur programazioan izan dituen ondorioez, Juan Mari Aburtok hau adierazi du: “egoera sanitarioak uzten badigu, kultur jarduera berreskuratu behar dugu arian-arian, bai publikoa, bai pribatua. Baina, betiere, segurtasunez, konfiantza eraginez herritarren artean. Dakizuenez, formatu txikiko zenbait musika emanaldi programatu ditugu, udan zehar hurrenez hurrengo kanpainekin #BilbaoUda2020 programazioaren barruan, eta udazkenean #BilbaoUdazkena2020 programazioaren barruan. Espero dut aurki aurkeztu ahal izatea Gabonetako #BilbaoGabonak2020 programazioa. Era horretan, lortuko dugu aisialdi seguruko aukerak eskaintzea bilbotarrei, urian nahiz auzoetan, eta, halaber, arindu bat eta diru euskarri bat eskaintzea kultur sektoreko balio-kate osoari”.

Hiru deialdiok ebatzirik, Bilboko Udalak 59 kultur proiektu lagundu dituzte, guztira 600.000 euro baino gehiagoko diru-zuzkidura batekin.

1. KULTUR PROIEKTUEN POLTSA

Alde batetik, Kultur Proiektuen Poltsa bat izango da, urtean zehar Uriko programazioan sartu diren edo sartuko diren lanak. Horretarako, Udalak 20 proiektu hautatu ditu, aurkeztutako 56 proiektuen artean, Bilboko kultur eskaintza aberasteko.

Hautatako proiektuak kulturaren eta sorkuntzaren arlo batzuetakoak eta besteetakoak dira. Arlo horien artean, antzerkia, hala nola Deabru Beltzak ekoizpena, Olentzeroren magiari buruzkoa; dantza klasikokoa, Bilbo balleta da ikuskizunarekin, edo garaikidea, Dena Bilbao ikuskizunarekin; argazkilaritza; zirkua, Zirkozaurre elkartearen emanaldiarekin; artearen esparruko dibertsitatearen balioa agerian jartzeko proiektuak, hala nola Yogurinha Borova artista arlo anitzekoa, edo artearen zabalkundea egitekoak, hala nola Artoteka.

Bestalde, zenbait lan hautatu dira, Uriko kaleei izena eman dieten margolari eta artistei ezagutza agertzekoak, ISIFUERA kolektiboaren bitartez, eta, hala, Zuloagaren lanak urreratuko zaizkie bilbotarrei, eta halaber aurreikusten dira musika kantarien bidez sustatzeko planak.

Horrez gain, Poltsa honetan sartzen da EIDE Diseinatzaile Profesionalen Elkartearen proposamena, zeinaren bidez belaunaldi eta jarduera-arlo bateko eta besteko jendeen arteko elkarrizketak bideratuko diren eta bi eremu lotuko diren, hala nola diseinu grafikoa eta marrazkigintza.

Deialdi honetan hiru kategoria bereizi dira, haietako bakoitzak bere aurrekontua duela. Era horretan, A kategorian hautatutako hamar proiektuetarako 5.000 euro izendatu dira proiektuko; B kategorian hautatutako bostek 10.000 euro jasoko dituzte; eta C kategoriako beste bostek 14.900 euro.

Epaimahaiak puntuazio handiagoa eman die pertsona kopuru handiagoa behar eta kontratatzen duten proiektuei, eta orobat hartu du aintzat zenbat emakume enplegatzen diren proiektu bakoitzean, zer kalitate, interes eta bideragarritasun duen eta zer berrikuntza dakarren, eta zenbat herritarrengana iritsi ahal izango den jarduerekin. Era berean, puntuazio gehigarria eman die euskaraz gauzatzen diren proposamenei.

2. IKUS-ENTZUNEZKOEN PROIEKTUEN POLTSA

Bestalde, Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiaren eta ZINEBI Bilboko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren eskuetatik, bideratu du beste Proiektu Poltsa bat sortzea Bilbo Ikus-entzunezkoen bidez Sustatzeko, ikus-entzunezkoen eta zinemaren sektorearentzat.

Uriko sektore hau sustatu eta babestearren, Udalak, deialdian aurkeztu diren 15en artean, sei proiektu hautatu ditu, ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektorearekin lotura dutenak, Bilboko entitateenak. Haien lanekin ikus-entzunezkoen funts bat eratuko da, uria sustatzeko xedearekin, eta hauek dira egileak: Begira Bideoak, Galapan, Lekuk Elkartea, Uniko, Veredastudio eta Bitarte News Media.

Hautatutako lanek uria begiratzeko hainbat modu proposatzen dituzte, nahiz deskribatzekoak, nahiz poetikoak, eta guztiak ere egungo egoeran kokatuak eta inspiratuak. Proposamenen artean, badira batzuk marrazki bizidunezkoak. Hautatutako sei proiektuetako bakoitza 14.000 eurorekin finantzatuko da.

Begira Bideoak egilearen proiektuak “Ederra zara Bilbo” du izenburua: Bilbo isildu eta kaleak hustu ziren unea du ardatz, uria goizetan iratzarrarazten zuen zarata isildu zenekoa, ezohiko lasaitasun batek bilbotarren biziak irentsi zituenekoa.

“Harria eta Bidea”, Galapan etxeak aurkeztua, Jon Anderren inguruko istorio bat da: Bermeon sortua eta herri txiki bateko bizimodura ohitua, erabaki du Bilbora bidaiatzea eta hiriarekin harremanetan sartzea, baina etxetik. Proiektua prozesu horren dokumentazio bat da.

“Hirian ibiltzeko jarraibideak” lana Lekuk Elkarteak aurkeztua da: marrazki bizidunezko proiektu bat da, proposatzen duena hiriari itzultzea hirian zehar ibiltzeko jarraibideak, urira joatea hura bizitza gertatzen den leku bat balitz bezala ikusita, hau da, itxialdia agindu zutenez geroztik egin zitekeen modu bakarrean, begirada poetiko eta sormenezko batekin.

Marrazki bizidunezkoa da, orobat, “Bilbao, hiri ibiltaria”, Unikorena: film labur bat da, hizkuntza oniriko eta saiakuntzazkoa darabilena uriko antzinako oroitzapenak urreratzeko eta etorkizunaz gogoeta egiteko. Uriaren aldaketa sozial, kulturazko, espaziozko eta ekonomikoak haren eguneroko bizitzan ikus daitezke, eta istorio handi nahiz txikiak konta daitezke horretarako.

“Bilbao mugimendu etengabea”, berriz, Veredastudio-rena da, eta ikusizko dokumental baten estetikarekin landutako lan bat proposatzen du, uri kosmopolita batean sartzen garelako irudipena eraginez irudi dinamikoen bidez eta giro-musikaren bidez.

Sei proiektuetako azkena Bitarte New Media etxearena da, eta “Soinuen begirada” du izena. Elkarrizketa batzuk egiten zaizkie Bilboko musika bizitzako zenbait protagonistari, eta, hala, Soinuen begiradak lana kulturan barneratzen da, uriko jardueraren funtsezko sektore baten moduan erakutsiz musika.

3. URIA DINAMIZATZEKO PROIEKTUEN POLTSA

Azkenik, Bilboko Udalak dirulaguntzetarako hirugarren deialdia jarri du abian, 300.000 euroz hornitua, uria segurtasunez eta modu jasangarria dinamizatuko duten eta espazio publikoan gauzatzeko diren sorkuntza- eta kultura- sektoreetako proiektuetarako. Datozen egunotan emango dira ezagutzera hautatutako 33 proiektuak. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, 103 proposamen jaso dira guztira.

Poltsara sartuko diren lanak parte hartze bidezko formatu artistikoen bidezkoak izan beharko dira, esku hartze grafikoak eta instalazio iragankorrak, performance gisako nahiz informazioa emateko ibilbide gidatuak, tailerrak edo edozein jarduera, jendearen arteko elkarreragina dakarrena.

Deialdia honako hauekin zerikusia duten sektoreetarako da: arkitektura, arte eszenikoak, ikusizko arteak, artisautza, ikus-entzunezkoak, eduki digitalak, diseinua, moda, musika, publizitate eta marketina eta bideo-jokoak.

#BILBAOAURRERA

Diru-laguntza hauek Bilboko Udalak kulturarako eta kultur eragileentzako aurten abian jarritako neurrien artean daude; dirulaguntzen xedea da Uriko kultur sareari laguntzea eta bultzada bat eman ematea. Hamar neurriok, guztira 15 milioi euroz hornituak, #BILBAOAURRERA planaren barruan datoz jasota; hain zuzen, plan horrek, 50 neurri ezarriz, COVID-19 gaitzaren krisi sanitarioak Uriko pertsonei eta enpresei eragindako ondorioak arindu nahi ditu, pertsonak eta enpresak suspertzen eta oneratzen lagunduz.

SARE SOZIALAK

Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
www.bilbaokultura.eus