PRE-ZINEBIK ASTEBURU HONETAN INAUGURATUKO DU BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN 58. EDIZIOA, ZINEBI-EXPRESS LEHIAKETAREKIN ETA CAROLINA ASTUDILLO ZINEGILE TXILETARRAREKIN EGINGO DEN TOPAKETAREKIN

  • ZINEBI-EXPRESS, 48 ordutan errodatutako film laburren lehiaketa, LARUNBATEAN zabalduko da, partaideen izen ematearekin –goizeko 09:30etik 10:30era– Campos Antzokiko atarian. Sari banaketa AZAROAREN 17an izango da, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Bilbon, 2016ko azaroaren 9an. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) 58. edizioak aurrerapena izango du AZAROAREN 11tik 18ra, PRE-ZINEBIREN programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko Ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua.

Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizioak, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa, ZINEBIEXPRESS lehiaketa, edo Carolina Astudillo dokumentalgile txiletar ospetsua edo Juanjo Moscardó gidoilari gaztea bezalako profesionalekin egingo diren topaketak jasoko ditu. Aurten bi saio programatu dira, 2015-2016 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenaren ZINEBI NEW TALENTS saria jaso dezaketen lanak ezagutarazteko. Saria 1.000 eurokoa izango da

Emakumeek Egindako Bilboko Zine Erakusketa antolatu duen Zinemakumeak Gara! talde feministarekin elkarlanean, PRE-ZINEBI OSTIRAL honetan hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokiko Kupula Aretoan, Carolina Astudillo zinegile txiletarrarekin egingo den topaketarekin. Zinegile ezagunak, nazio eta nazioarte mailako hainbat sari irabazi dituen El gran vuelo (2014) film luze dokumentalari buruz egingo du berba ikus-entzuleekin. Filmak, Francoren diktaduraren lehen urteetan militante komunista zen Clara Pueyo Jorneten ibilbide pertsonala eta politikoa kontatzen du. Bartzelonako kartzelatik eta bere alderdiak berak zituen joera autoritarioetatik ihes egitea lortu zuen, eta horren ondoren bere aztarna betirako galdu zen.

Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan, 48 ordutan errodatutako film laburren ZINEBIEXPRESS lehiaketarako deialdi berria zabalduko da (goizeko 09:30etik 10:30era Campos Antzokiko atarian). Izan ere, partaidetza bultzatzeko, eta jaialdia eta Bilbo edozein motatako istorioak kontatzeko eszenatoki ezin hobe gisa sustatzeko xedez, ZINEBIk bederatzigarren urtez jarraian deitu du lehiaketa hau. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, AZAROAREN 17an, sariak banatuko dira, UPV/EHUko  Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.

 

Larunbat honetan, baita ere, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak elkarrizketa bat proposatuko du Juanjo Moscardó gidoilari gaztearekin, 2015ean Belén Macías zinegileak zuzendu zuen eta Juanjo Puigcorbé eta Vicky Peña protagonista izan zituen Juegos de familia fikziozko film luzearen gidoiaren egilearekin.

Datorren asteko astelehenean eta asteartean, Kupula Aretoan baita ere, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2015ean eta 2016an egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Topaketan, EHU-UPVko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPSk, IMVALek, eta Euskadiko Zine Eskolak (EZE) hartuko dute parte.

Bigarren urtez jarraian, Jaialdiak ZINEBI-New Talents saria emango dio iazko ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenari. Saria 1.000 eurokoa izango da eta Zinebiren 58. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 18an.

PIKADERO

Beste urte batez, PREZINEBIk FAS Zine Klubaren laguntza ere izango du. Asteartean, AZAROAREN 15ean, Campos antzokiko eszenatoki berean, Pikadero film dibertigarri eta poetikoa eskainiko du –antzezleak Barbara Goenaga, Lander Otaola, Joseba Usabiaga eta Itziar Lazkano euskaldunak dira–. Ben Sharrock zinegile britainiarraren lehenengo film luzea da.

Krisialdi ekonomikoaren erdian baliabide barik bizi den bikote gaztea. Biek ere independizatzea eta euren maitasun harremanak gurasoen etxetik kanpo gauzatu nahi dute, eta horretarako, gazteek euren sexu topaketetarako erabiltzen dituzten leku publikoak bilatu behar dituzte, pikadero izenez ezagutzen direnak, hain zuzen ere. Emanaldiaren aurretik, David Caiñak zuzendu duen eta Josu Angulok eta Álex de la Peñak antzezten duten Un tren a ninguna parte antzerki pieza laburra eskainiko da.

PRE-ZINEBIren amaierako jaia ostiralean, AZAROAREN 18an, 00:00etan izango da, Ribera Bilbao kafetegian, eta bat etorriko da, beste urte batez, ZINEBI 58 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingo honetan, jaialdiak, Caóstica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko dio superheroien zineari, marjinalenari batez ere, Mendekatzaile Toxikoa, Orgazmo, Mystery Man edo Emakume saguzarra, besteak beste. Programaren barruan instalazio interaktiboak egongo dira, telefono kabina, fotomatoia edo photocalla, adibidez, eta baita ikus-entzunezkoen emanaldiak ere. Horiei, Gipuzkoatik etorritako Munlet taldearen, Paco Merluzo Djaren eta Anisakis Vjaren emanaldiak gehituko zaizkie.