UDALAK MAIATZAREN 8AN MARTXAN JARRIKO DU “UDABERRIKO BERTSO SAIOAK” PROGRAMAREN 37. EDIZIOA ETA BERTSOLARITZAREN IZEN BERRIENAK BILDUKO DITU SANTUTXUN

  • “Udaberriko Bertso Saioak” maiatzaren 8, 15, 22 eta 29an izango da, larunbatetan, Karmelo plazan, 13:00etan.
  • Ekitaldi horietarako sarrera doakoa da, eta aurrez erreserba daiteke www.bilbaokultura.eus helbidean.
  • Programa hau #BILBAOUDABERRIA2021 udal ekimen kulturalari atxikita dago.

Bilbo Udalak “Udaberriko Bertso Saioak” programaren edizio berri bat jarri du abian udaberri honetan, Santutxuko Bertso Eskolarekin batera antolatzen duen bertsolaritzari buruzko ohiko saioa. “Udaberriko Bertso Saioak” Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, euskaltzaleen topaleku bihurtu nahi du, eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak Bilbon egiten duen lanari lagundu. Gainera, Udalak programa honetan emakumeen presentzia lehenesten du.

Edizio berri hau, 37.a, maiatzeko larunbatetan izango da, hilaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, 13:00etan, Santutxuko Karmelo Plazan, eta lehen mailako bertsolariak bilduko dira bertan.

Ekitaldi hauetako sarrera dohainik da; lekua aldez aurretik erreserbatu daiteke. Ikuskizuna hasi baino 48 ordu lehenagotik 2 ordu lehenagora arte egin daitezke erreserbak, www.bilbaokultura.eus web-orrian. Gehienez 2 toki erreserbatu ditzake pertsona bakoitzak; ikuskizuna hasi baino 15 minutu lehenagora arte izango du balioa erreserbak. Antolatzaileek pertsona bakoitzaren jarlekua erabakiko dute eta hara lagunduko diote. Jarleku guztiek 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantenduko dute.

MAIATZAK 8

Maiatzaren 8an Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak izango dira.

Andoni Egañak lau aldiz irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia, txapelketa horretan garaipen gehien lortuz: 1993, 1997, 2001 eta 2005eko edizioetan garaile izan zen. 2009an laugarren postuan geratu zen. Bertsolaritzaren figura garrantzitsuenetako bat da, bai bertsoa sortzeko prozesuari buruz egin dituen ikerketengatik, bai mugimenduari berari buruz. Eta bertsolaritza modernoaren teorizazioan aitzindarietako bat.

Harekin batera izango dira Alaia Martin, Santutxuko Bertso Eskolako ikasle ohia eta gidoilari eta kazetaria Euskadi Irratiko “Zubiak” saioan; Arkaitz Estiballes, Bizkaiko Txapelketako irabazlea 2010ean eta 2012an; eta Beñat Gaztelumendi, Euskal Herriko txapelduna 2015 eta 2019an.

MAIATZAK 15

Larunbatean, hilak 15, Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Julio Soto eta Ibon Ajuriaren txanda izango da.

Amets Arzallus Hendaiako kazetari eta bertsolaria da. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen eta 2009ko edizioan txapeldunorde izan zen.

Halaber, Karmelo plazan, Onintza Enbeita izango da, 2018ko txapelduna eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bi aldiz finalista (5. postua 2006an eta 2008an), eta 2009an Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iritsi zen; Julio Soto, Nafarroako Txapelketako txapeldunordea izan zen, 2009an, eta txapelduna, 2010, 2011, 2015 eta 2017; eta Ibon Ajuria, 2006ko Bizkaiko Txapelketako irabazlea eta 2016ko finalista.

MAIATZAK 22

Hirugarren saioa maiatzaren 22an izango da, eta Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga izango dira bertan.

Maialen Lujanbiok historia egin zuen, 2009an Euskadiko txapelketa irabazi zuen lehen emakumea izan baitzen, eta 2017an, titulua berrestean, bere izena berriro idatzi zuen diziplina horretako mito handien eta euskal kulturaren artean.

Unai Iturriagak “molde asko hautsi ditu” bertsolaritzan, bertsoaren bidez adierazteko duen moduagatik. Askotan arrazoibideen ordena logikoa hausten du, beti bilatu izan du komunikazio-efektua harriduran. Txapelketa Nagusiaren finalera iristearekin batera, estetika tradizionaletik ateratzen ziren diziplinako ekitaldi handietara bertsolari gazteen belaunaldi berri baten etorreraren irudia izan zen.

MAIATZAK 29

Udaberriko Bertso Saioak” larunbatean, hilak 29, amaituko da Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Jone Uria eta Nerea Ibarzabalekin.

Uxue Alberdik “Jenisjoplin” argitaratu berri du consonni argitaletxearekin eta 2019an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen ‘Kontrako eztarritik’ saiakera feminista.

Oihana Bartra hainbat bertso eskolatako irakaslea izan da eta 2014ko Bizkaiko Txapelketan finalista izan zen.

Jone Uria bertsolaritzara zaletu zen etxean. 2008an, Bizkaiko Txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz, eta finalerdietara iritsi zen. Hainbat Txapelketa Nagusietan ere parte hartu du.

Nerea Ibarzabal Txapelketa Nagusira sailkatu zen 2017an eta Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen 2016an eta 2018an.

Udaberriko Bertso Saioak programak Metro Bilbaoren laguntza du.

#BILBAOUDABERRIA2021

“Udaberriko Bertso Saioak” #BILBAOUDABERRIA2021 udal kultur ekimenaren parte da. Ekimen honen helburua da eskua luzatzea kultura-sektoreari udaberriko hilabeteetan, tokiko kultura-eragileen lanari lehentasuna emanez eta higiene- eta osasun-berme guztiak betez.

SARE SOZIALAK

#BILBAOUDABERRIA2021 | www.bilbaokultura.eus