Le Parody Sole Parodyren musika-proiektua da. Espainiako kantari eta musikagile honek pop iluna, folklorea eta elektronikoa bateratzen ditu bere kantuetan. Silaba teknologikoak, egitura melodramatikoak.

Tresna gisa erabilitako ahotsa eta hitzak, kantu-collageen barruan. Poparen mugen barruko esperimentu bat. Kopia, birziklatzea, ikertzea. Musika zuzenekoetarako tresna gisa, dantza eta entzunaldiaren artean zubiak eratuz. Magia. Zehatzezina, sailkaezina, gauza asko gogora ekartzen duena baina ezaguna den ezeren antzik ez duena, esan denez. Etiketak hitzen mundurako, bakoitzak behar dituenak hauta ditzan; musika zentzumenerako, bakoitzak entzun dezala nahiago duen eran.

Le Parody proiektuak 2011. urtearen amaieran eman zuen bere burua ezagutzera, Párala Vértigo EPrekin, eta berehala erakarri zuen Estatuko eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako prentsa espezializatuaren arreta. Hurrengo urtean, Le Parodyk lehen disko luzea argitaratu zuen, Cásala (sound track). Hainbat hedabideren arabera, etorkizun oparoenetako debut bat izan zen (artista errebelazioa Radio Nacional eta Jenesaispop aldizkariaren ustez, besteak beste) eta musika independenteko zenbait sari eskuratu zituen -Proyecto Demo 2013ko irabazlea / Mondo Sonoro aldizkariak 2012ko maketarik onena hautatua (ed. Madrid) / Herri-musikaren kategorian gazteen sorkuntzako atalean INJUVE sarietako accesita (2012), besteak beste-. 2015eko urrian, Hondo argitaratu zuen, debuta baino trinkoagoa den lana, ia osorik eraikia Indiako, Irango, Marokoko, Balkanetako eta Espainiako hegoaldeko musiken sanpleak erabiliz. Kritikak ustekabez hartu, eta katalogatzeko zaila zela esan zuen, baina urteko diskorik onenen zerrendetako batzuetan sartu zen (Mondo Sonoro, Notodo, GQ…).

Orain, Hondo lana atera eta lau urte igarotakoan, hirugarren albuma aurkeztuko du Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaon, Porvenir. Zuzeneko kontzertuetan inprobisatutako saioetako zatiak ditu, eta sekuentziatzaile eta sintetizagailu analogikoen erabileraren eragina sumatzen zaio. Hala, El Junco singlean argi nabarmentzen da klubeko elektronikara egin duen bilakaera.