ZINEBIK “MERCEDES SOSA, LA VOZ DE LATINOAMÉRICA” LANA AURKEZTUKO DU OSTEGUNEAN, HILEKO DOKUMENTALA ZIKLOAREN BARRUAN, ARTISTA AKTIBISTAREN MUNDURA EGINDAKO BIDAIA INTIMOA

Rodrigo H. Vilak zuzendutako film dokumentala, folk abeslari argentinarraren erretratua da. Abeslariaren musika debekatuta egon zen irratian eta telebistan, eta erregimen militarrak erbestera bidali zuen 80ko hamarkadan.

Saioa Multicine aretoan izango da (José María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniaz azpi-titulatutako jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan bere programazioari jarraipena ematen dion estreinaldien zikloak, Rodrigo H. Vilak zuzendutako “Mercedes Sosa, La Voz de Latinoamérica” (Argentina, 2013, 93 min.) filma eskainiko du ostegunean, OTSAILAREN 26an. Saioa Multicine aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

 

Mercedes Sosa, La Voz de Latinoamérica”, 2009an hil zen emakumearen, artistaren eta aktibistaren mundura egindako bidaia intimoa da. Latinoamerikak eszenatoki gaineko ahots handia galdu zuen, baina, beste ezer baino gehiago, ausardiaz betetako ahotsa galdu zuen bidegabekerien aurkako protestetan. Manifiesto del Nuevo Cancionero izenekoaren kide zen folk abeslari argentinarrak heriotza mehatxu asko jaso zituen, eta erregimen militarrak erbestera bidali zuen 80ko hamarkadan.

 

Sosak hamabost urte zituela hasi zuen bere ibilbidea, Tucumángo irratian abesti lehiaketa irabazi zuenean. Bere ahots-erregistroak eta ñabardura-aberastasunak, melodia baino gehiago, bere herriaren mina eta itxaropenak zabaltzen zituzten. Eta, zenbat eta ezagunago bilakatu, ezkerrerako zuen joerak gero eta deserosoago bilakatzen zuten Argentinako agintarientzat. Bere musika debekatu egin zen irratian eta telebistan, eta 1978an, La Platan ematen ari zen errezitaldi batean, eszenatokian bertan atxilotu zuten. Gertakari horren ondorioz Europako zenbait herritara joan behar izan zuen, erbestera, eta horrek min handia eman zion, dokumentalean ikus daitekeenez.

 

Dokumentala Jatorrizko Bertsioan eskainiko da, ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, frantsesez eta portugesez, gaztelaniako azpi-tituluekin. Sari garrantzitsuak jaso ditu jada erreferentziazko hainbat dokumental jaialditan, DocsBarcelonan, adibidez, baina baita Panaman, Sydneyn, Herbehereetan, Montrealen eta Grezian egiten den Thessalonikiko jaialdi ezagunean, besteak beste.

 

Rodrigo H. Vila medioen ekoizle gisa graduatu zen 1993an, eta zuzendari eta ekoizle gisa aritu zen lanean hainbat komunikabidetan. 1998an Cinema 7 Films sortu zuen, eta azken hiru urteetan Nazioarteko “Doc Meeting Argentina” Forumaren zuzendaria izan da. Bere karreran hainbat sari jaso ditu, horien artean, Argentinako sari garrantzitsuena den “Martin Fierro” sari bi, Nazioarteko Ekoizle Hoberenari emandakoak.

 

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek (Jose Maria Escuza, 13), zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.