Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniazko azpi-tituludun jatorrizko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, Marcus Vetter zinegile ezagunak egindako El Visionario. El hombre que predecía la economía mundial (Alemania, 2014. 100 minutu) film alemana aurkeztuko du BIHAR, irailaren 24an. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.
Posible al da ordenagailu batek munduko ekonomia aurreikustea? 80ko hamarkadan, Martin Armstrong finantza kontsultoreak, Pi zenbakian oinarritutako zehaztapen maila handiko eredua diseinatu zuen. Mundu mailan lortu zuen ospearen ondorioz New Yorkeko bankari indartsuenek euren taldeetako kide izateko gonbidapenak luzatu zizkioten, merkatuen joerak manipulatzeko.
90eko hamarkadaren amaieran FBI bere etxean sartu zen, bere ordenagailuak konfiskatzeko, eta 3.000 milioi dolarreko iruzurra egin izana leporatu zioten. 7 urte igaro zituen kartzelan. Ordutik etengabeak dira horren inguruko galderak, mehatxatzeko ahalegina izan ote zen, hamarkadatan munduko zorraren oinarri izandako benetako eskema jende guztiaren aurrean azal ez zezan… Duela zenbait urte Armstrongek egindako aurreikuspenek, 2015eko urriaren 1ean munduko ekonomia astinduko duen zorraren krisialdia gertatuko dela esaten dute. Gutxi falta da pronostiko hori beteko den ala ez ikusteko.
Marcus Vetter Alemanian jaio zen 1967an. Ekonomia eta Komunikazioaren Teoria eta Praktika ikasi zuen. 1994tik telebistako editore, ekoizle eta zuzendari gisa egin du lan. Nazioarteko hainbat sari irabazi ditu, eta bere filmak mundu osoko zinemaldietan erakutsi dira. The Tunnel (1999), My Father the Turk (2006), Heart of Jenin (2008), Hunger (2009), Cinema Jenin (2011) eta The Court (2012) lanak zuzendu ditu.
ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.