ZINEBIK “CÓMO CAMBIAR EL MUNDO” ESKAINIKO DU OSTEGUNEAN ‘HILEKO DOKUMENTALA’ ZIKLOAREN BARRUAN, AKTIBISMO EKOLOGISTAREN ETA GREENPEACE ERAKUNDEAREN JATORRIARI BURUZKO ERRETRATU INTIMOA

Saioa Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpi-tituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

‘HILEKO DOKUMENTALAK’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIK, urte osoan zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen estreinaldien zikloak, mugimendu ekologistaren eta mundu osoko gobernuz kanpoko erakunde garrantzitsuenetako baten, Greenpeacen, jatorriari buruzko “Cómo cambiar el mundo” (Erresuma Batua, 2014. 106 min.) filma eskainiko du OSTEGUN honetan, otsailaren 25ean.

Jerry Rothwell zinegile britainiarrak zuzendutako filmak aktibismo ekologistaren jatorriari buruzko erretratu intimoa eskaintzen du, Bob Hunterren egunkari pertsonalen bitartez. Sariak jaso ditu Sundance edo Hot Docs (Kanada) bezalako zinemaldietan. Ohikoa denez, emanaldia Multicine aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, gaztelaniazko azpi-tituluak izango dituen ingeleseko bertsioan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

1971n Kanadako aktibista talde txiki batek bere lehenengo misioari ekin zion arrantza itsasontzi txiki batean. Itsasontzian zihoazen ero idealistak Bob Hunter, Paul Watson, Rex Weyler, David Garick eta Carlie Truman ziren. Helburua, Nixonek bonba atomikoarekin Alaskako uharte txiki batean egin nahi zituen entseguak saihestea zen. Horren ezusteko ondorioa nazioarteko mugimendu ekologistaren eta gaur egun Greenpeace izenez ezagutzen den erakunde garrantzitsuaren sorrera izan zen.

Jendearen kontzientziak eraldatzeko era bakarra irudiak zirela sinetsita, gazte haiek arma bakar gisa kamera bat hartuz itsasoratu ziren, funtsezko printzipioarekin: planeta salbatzea. Ekintzak deigarriak ziren beti, eta erradikaltasun hura kudeatzea eta lidergoa izatea zail bilakatu zen, bost adiskideren aktibismoa historiako mugimendu orokor indartsuenetakoa bihurtu denean. Oso denbora laburrean, etorkizunerako geratu ziren une ikonikoak sortzea lortu zuten, baina egoen borrokak eta kanpainak aurrera eramateko moduari buruzko desadostasunek taldea apurtu zuten.

Jerry Rothwell, “Donor Unknown”, “Town of Runners” edo “Deep Water” bezalako lanei esker nazioartean ospea duen dokumentalgile ingelesa da. Gainera, ekoizle eta editore gisa ere aritu da zenbait proiektutan. 2012an Royal Television Society izenekoaren sari garrantzitsua irabazi zuen. Bere hurrengo proiektua, Reuben Atlasekin batera Netflix plataformarako zuzenduko duen “Sour Grapes” izango da.

ZINEBIk Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak jarraipena emango dio urte osoko programazioari ‘HILEKO DOKUMENTALA’ deritzon zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicine aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.

TRÁILER “Cómo cambiar el mundo. La revolución no será organizada”: