ZINEBIK – BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK AZAROAREN 8AN INAUGURATUKO DU BERE 61. EDIZIOA, OHOREZKO MIKELDI BI EMANEZ CLAIRE SIMON ZINEGILE FRANTSESARI ETA WANG BING TXINATARRARI

29 herrialdetako 57 film laburrek hartuko dute parte Nazioarteko Lehiaketaren Sail Ofizialean, eta, besteak beste, Zinemaldiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldi Sariak lortzeko lehiatuko dira. Estatuko 15 ekoizpen nabarmentzen dira, horietatik 7 Euskal Herrikoak.

ZINEBI 61eko film laburren nazioarteko epaimahaia hauek osatuko dute: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakasleak, Nahikari Ipiña ekoizleak, Marcel Jean Annecyko Animazio Zine Jaialdi ospetsuko zuzendariak, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarrak eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazleak, bere herrialdeko argazki eta zine ekoizpenaren azterketan aditua.

Wang Bing Txinako zinemagile ospetsuak, ahaztutako Txinaren erretratugileak, Bilbo bisitatuko du Zinebi 61en omenaldia jasotzeko. Jaialdiak bere filmografiako film labur eta ertain esanguratsuenen aukeraketa erakutsiko du, Happy Valley (2009-2011), Coal Money (2009) eta Traces (2014) lanak, hain zuzen ere. Horrez gain, Man With No Name (2010), museoetan eta galerietan, Centre Pompidoun (Paris), Tate Modernen (Londres) eta Reina Sofian, besteak beste, erakutsi den dokumentala, estreinatuko da Bilbon. Proiekzioak eta Wang Bing zuzendariarekin egingo den topaketa Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira.

ZINEBI 61ek Ohorezko beste Mikeldi bi emango dizkie Márta Mészáros zinemagile hungariarrari, haren lanaren atzerabegirako bat eskainiz, eta Claire Simon frantziarrari, errodatu berri duen Le Village dokumental seriearen Estatuko aurkezpenarekin, Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzarekin. Biek bisitatuko dute Bilbo, ikus-entzuleekin elkartzeko.

Zirkuituko opera prima iradokigarrienei eta ausartenei eskainita dagoen eta 12.000 euroko saria duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) nazioarteko lehiaketaren barruan 9 film luze aukeratu dira –guztiak ere Estatu mailako estreinaldiak–, beste jaialdi handi batzuetatik igarotakoak, Torontotik, Berlindik edo Locarnotik, adibidez, Filipinak ordezkatuz Oscar sarietarako hautagaia den Raymund Ribay Gutierrezen Verdict fikziozko filma, besteak beste.

Lehiaketatik kanpoko “Beautiful Docs – Mundu osoko dokumental luzeen panorama” sekzioak, dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen lan ikusteko aukera eskainiko digu, horietakoren bat estreinaldia Europan, Barbara Koppleren Desert One, eta Estatu mailako estreinaldi hauek: Ben Riversen eta Anocha Suwichakornpongen Krabi, 2562; Marina de Vanen –François Ozonen gidoilaria– Ma nudité ne sert à rien/My Nudity Means Nothing; eta Zang Yang txinatarraren Huo San/Up the Mountain.

Sekzio paraleloen barruan, ZINEBI 61ek Again Palestine. Palestinian Women Filmmakers programatu du, Reem Shileh komisario den zikloa, emakume zuzendari palestinar berriek egindako film labur eta luzeen aukeraketarekin. “Yo empecé pelando gambas. Mi primer cortometraje”, Borja Cobeagaren, Koldo Serraren edo Nacho Vigalondoren lehenengo film laburrak berreskuratuko dituen saio berezia izango da.

ZINEBI 61k, Bilbao – Bizkaia Film Commission-ekin lankidetzan, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako El Hoyo film arrakastatsua estreinatuko du Bilbon. Film horren munduko premierea Torontoko Nazioarteko Jaialdiaren 44. edizioan beldurrezko eta zientzia fikziozko erreferentea den Midnight Madness sailean izan zen. Izan ere, sail horretan parte hartu zuen gaztelaniazko zinta bakarra izan zen, eta zinemaldiaren historian Ikus-entzuleen Saria lortu duen Estatuko lehen filma. Azaroaren 7an izango da, 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetan, eta talde tekniko eta artistiko guztia bertan egongo da.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 61ek azaroaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu ateak Arriaga Antzokian, Claire Simon zinegile frantses eta Wang Bing zuzendari txinatar ospetsuek, edizio honetako Ohorezko Mikeldia hartuko dutenetako bik, jasoko duten omenaldi bereziarekin. Aurten ere Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) esku egongo den ekitaldiaren zuzendaritza artistikoak oso izaera partaidea eta orijinala izango du, jaialdiaren edizio honi ongi etorria emateko. Edizio honetako berrikuntza guztiak gaur goizean aurkeztu dira, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuaren eta Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariaren presentziarekin.

Inaugurazio ekitaldian, ZINEBI 61ek, alde batetik, Claire Simonek Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egindako apustua aintzatetsiko du. Zinegile frantziarraren lanak izaera ezohikoa, pertsonala eta nolabait aktibista erakusten du. Bere filmografiak, orokorrean, oso estilo eklektikoa eta hibridoa du, eta nabarmen erakusten du zine genero desberdinen arteko forma aldeko edozein oztopo mota gainditu beharra. Gure garaiko zinemagile ospetsuenetakoa den eta munduko jaialdi nagusietan, Venezian, Locarnon, Berlinen edo Cannesen, besteak beste, sariak lortu dituen Wang Bingi dagokionez, bere jatorrizko herrialdetik etorriko da Bilbora, zine garaikideko zinegile berritzaileenetako gisa aintzatesten duen saria jasotzera; izan ere, bere begirada guztiz originala da, eta horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den eran, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina hartan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du.

ZINEBI 61ek, zinegilearen filmografiako film labur eta ertain –jaialdiaren nortasun zeinua– garrantzitsuenen aukeraketa emango du: Xi Yang Tang (Happy Valley) (29 min), Tong dao (Coal Money) (52 min) eta Yizhi (Traces) (29 min). Horrez gain, Man With No Name (92 min) estreinatuko da Bilbon, batez ere museoetan eta galerietan, Centre Pompidoun (Paris), Tate Modernen (Londres) edo Reina Sofian, besteak beste, erakutsi den dokumentala. Proiekzioak eta Wang Bing zuzendariarekin egingo den topaketa Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira.

Beste alde batetik, Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzarekin, Zinebi 61ek Claire Simónek amaitu berri duen Le village serie dokumentalaren aurkezpena egingo du Estatuan. Gainera, zinemagileak jendearentzat irekita egongo den, bere kezkei, sormen prozesuei eta zine garaikidearen gainean duen ikuspegiari buruzko masterclass-a eskainiko du. Hori guztia jaialdiaren lehen asteburuan izango da, Bilboko Arte Ederren Museoan, baita ere.

Edizio honetako Ohorezko hirugarren Mikeldia Márta Mészáros zinegile hungariarrari emango zaio, bere filmetako irudietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egindako lan artistiko etengabearen lehen arrazoietako batzuk aurkitzen jakin duen emakume baten obra eta zine garaikideari egindako ekarpena aintzatesteko. Zinegilearen obraren zati handia zaharberritu duen Hungariako Zine Funtsen Nazio Artxibategiarekin lankidetzan, ZINEBI 61ek Márta Mészárosen filmografiaren lan garrantzitsuenen aukeraketa eskainiko du. Horien artean lan hauek azpimarratu behar dira: Mészáros László emlékére (In Memoriam László Mészáros, 1978), Eltávozott nap (The Girl, 1967), Örökbefogadás (Adopction, 1975), Szép lányok, ne sírjatok! (Don´t cry pretty girls!, 1970) eta Napló gyermekeimnek (Diary for My Children, 1984).

NAZIOARTEKO LEHIA
131 herrialdetatik etorrita aurkeztu diren 3.921 film laburretatik, 57 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa (18), dokumentala (22) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 15 daude, eta horietako 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Azaroaren 8an, Arriaga Antzokian, ZINEBI 61eko inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko diren euskal ekoizpen lanak hauek dira:

-Mateoren ama, Aitor Arregi eta José Mª Goenaga (fikzioa).
-Regina, Lander Ibarretxe (fikzioa).
-Anti, Josu Martínez (fikzioa).
-Medvedek, Ainhoa Gutiérrez (dokumentala).
-Solo son peces, Paula Iglesias eta Ana Serna (dokumentala).
-Ártico, Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero (dokumentala).
-Xulia, Lur Olaizola (dokumentala).

Estatuko Zinearen atalean hauek arituko dira:

-Ahí dentro, Manuel Castillo (fikzioa).
-Los que no sienten, Alba Cantero, Carlota Mojica, Marta Porto eta Débora Vargas (dokumentala).
-Irmandade, Samuel Delgado eta Helena Girón (dokumentala).
-Jian Tian Bu Hui Xia, Adrià Guxens (dokumentala)
-Misericordia, Xabier Marrades (dokumentala)
-ΚΛΕΙΣΑΜΕ (Enclosed), Sol Prado (dokumentala)
-Selfie, Nayra Sanz (dokumentala).
-Carne, Camila Kater (animazioa).

Latinoamerikako zinearen atalean Argentinatik, Brasildik, Txiletik eta Kolonbiatik etorritako lau film lehiatuko dira aurten. ZINEBIn orain arte oso ohikoak ez diren herrialdeek ere hartuko dute parte nazioarteko lehiaketan, hala nola, Ghana, India, Kosovo, Libano, Singapur eta Siria. Parte-hartze handia eta askotarikoa, lehiaketak bere generoan duen nazioarteko dimentsioa egiaztatzen duena. Nabarmentzekoa da, gainera, lehiaketan parte hartuko duten 57 filmetatik 51 Estatu mailako estreinaldi izango direla.

Izan ere, bost kontinenteetako filmak ekarriko dituen nazioarteko lehiaketa zabal eta anitzarekin, ZINEBIk bere nortasunaren ezaugarri nagusietako bati eusten dio, film laburrari. 1974an Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) nazioarteko lehiaketa kategoria goreneko jaialdi gisa aintzatetsi zuenetik, bost kontinenteetako zuzendari gazteen sormena eta talentua sustatzen jarraitzen du, formatu horretako hautaketaren bitartez. Horrez gain, Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du ZINEBI, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta BAFTA Sarietarako eta Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

Azaroaren 15ean jakitera emango den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek (5.000 euro), Ikus-entzuleen ETB Sariak (3.000 euro), SGAE-Euskadiko Kontseilua Gidoi onenaren sariak (3.000 euro) eta FAS Zineklubaren Sariak (2.000 euro).

Lehiaketarako Sekzio ofizialeko sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakaslea, Nahikari Ipiña ekoizlea, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdi ospetsuko zuzendaria, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarra eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazlea, bere herrialdeko argazki eta zine ekoizpenaren azterketan aditua.

Bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketaren laugarren edizioan, bederatzi film lehiatuko dira fikzio, dokumental eta animazio generoko film luzeei zabalik dagoen eta 12.000 euroko saria emango duen ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sekzioaren barruan. Aukeratutako bederatzi lanak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, Buenos Airesetik (BAFICI, Argentina), Berlinetik (BERLINALE, Alemania), Locarnotik (Suitza), Veneziatik (Italia), Torontotik (TIFF, Kanada) edo Visions du Réel-etik (Nyon, Suitza), besteak beste, eta guztiak ere ZINEBIn izango dute Estatuko premierea.

ZIFFen barruan lehiatuko diren filmen artean, aipamen berezia merezi dute IndieLisboa Nazioarteko Zine Jaialdian mundu mailako estreinaldia izan zuen eta bertan Film Luze Onenaren Lisboa Hiria Sari Nagusia lortu zuen Silvia Navarroren eta Martín Moralesen De los nombres de las cabras/On the Names of the Goats (Espainia, 2018. 63 min.); Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independente Jaialdian (BAFICI) Zuzendaritza Onenaren Saria lortu zuen Las Facultades/The Faculties (Argentina, 2019. 77 min.); edo Veneziako Nazioarteko Zinemaldian Orizzonti sekzioko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu duen edo Filipinetako Zine Akademiak, Hollywoodeko Oscar sarietan ingelesez ez dagoen film onenaren saria irabazteko hautagai aukeratu duen Raymund Ribay Gutiérrezen Verdict (Filipinak, 2019. 126 min.) fikzioa.

ZINEBI FIRST FILM Saria erabakitzeko ardura duen nazioarteko epaimahaia, Acid Forest filmarekin ZINEBI 60an ZIFF Sari Nagusia irabazi zuen eta aurten, Sun and Sea instalazioarekin bere herrialdea Veneziako Arteen Biurtekoan ordezkatu duen eta nazio mailako pabiloi onenaren Urrezko Lehoia irabazi duen Rugilé Barzdziukaité zinegile, antzerki-zuzendari eta diziplina anitzeko artista lituaniarrak; Chiara Marañón programatzaile eta komisarioak eta Adrian Martin arte kritikari eta ikus-entzunezko saiakeragile australiar ospetsuak osatuko dute.

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta beste ikastetxe batzuetako 18 ikaslek osatutako Epaimahai Gazteak, 2.000 euro izango dituen nazioarteko ZIFF – ZINEBI FIRST FILM sekzioko Epaimahai Gaztearen Saria emango du.

SEKZIO PARALELOAK
Beste alde batetik, eta programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako bederatzi film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko lehiaketatik kanpoko ziklorako. Film horietatik bat Europa mailan estreinatuko da Bilbon, eta lauk Estatu mailako estreinaldia izango dute bertan, oso gai eta lengoaia formal desberdinak erakusten dituzte, egungo munduan erabateko gaurkotasuna duten gaiak azaltzeko, eleberrigile baten eta zinegile baten adiskidetasunaren bitartez eutanasiari buruz egiten den gogoetatik Thailandia hego-mendebaldeko komunitate etniko bateko bizimodura; emakume baten gorputzetik eta mugikorren bitartez dituen harremanetatik, adiskidetasunezko hitzordu batean gertaturiko bortxaketa baten dramara; edo emakume argazkilari batek mafiaren kontra duen borroka, hilketa baten lekuko izan ostean.

Azpimarratzekoa da bi Oscar sari irabazita dituen Barbara Kopple dokumental egile ospetsuaren Desert One (Estatu Batuak, 2019. 108 min.) dokumentalaren Europako aurkezpena. Lana Torontoko Nazioarteko Zinemaldian (TIFF, Kanada) estreinatu zen, eta 1979ko gertakari bat kontatzen du. Bertan, Jomeini ayatollah-ren iraultzaile iraniarrek Teherango Estatu Batuetako enbaxada hartu zuten, eta 52 funtzionario bahitu zituzten 444 egunez. ZINEBIk bere lanen ziklo bat programatu zuen 2000. urtean, Ohorezko Mikeldia eman zitzaion urtean. Bertan ikusi ahal izan ziren lanak Harlan County, U.S.A. (1976), American Dream (1990) eta Wild Man Blues (1998), eta My Generation (2000) lanaren estreinaldia izan ziren. Horrez gain, 2013ko edizioan jaialdira itzuli zen, Running for Crazy estreinatuz.

Gainera, ZINEBI 61ek Ben Riversen eta Anocha Suwichakornpongen Krabi, 2562; Marina de Vanen –François Ozonen gidoilaria– Ma nudité ne sert à rien/My Nudity Means Nothing; eta Zang Yang txinatarraren Huo San/Up the Mountain lanen Estatu mailako premierea ere jasoko ditu. Locarnoko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen Krabi, 2562 lanak, Thailandia hegoaldeko Krabi komunitatearen bizileku den paisaia eta bertako kideen historiak aztertzen ditu.

Marina de Van eleberrigile, antzezle, gidoilari eta zinegileak, bere aldetik, emakumearen gaineko tabuei eta bere gorputzarekin duen harremanari egingo die aurre Ma nudité ne sert à rien/My Nudity Means Nothing lanean. Bilbora heldu aurretik Rotterdameko, Breslaviako, Bordeleko eta Montrealeko jaialdietatik igaro den filma autoerretratua da, eta bertan, emakumeak zalantzan jartzen ditu bere lana, bere gorputza eta telefono mugikorretatik lortutako hitzorduen bitartez dituen sexu harremanak. Azpimarragarriak dira dokumental egile ospetsuen beste lan batzuk, Sergei Loznitsarena, adibidez, edo Nazioarteko Visions du Réel Jaialdian (Nyon, Suitza) Film Berritzaileenaren Epaimahaiaren Saria lortu duen bortxaketa bati buruzko Alexe Poukineren Sans frapper/That Wich Does not Kill (Belgika, 2019. Dok. 85 min.) zinta.

Beste sekzio paralelo batzuetan, eta aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 61ek arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Oraingo honetan lau film luze dokumental eta 21 film labur aurkeztuko dira. Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiaren lankidetza duen Larraitz Zuazoren Bai, Bagara! lanen estreinaldiak azpimarratu behar dira. Bi ekoizpen lanek ETBren laguntza dute. Horrez gain, jaialdiak, Euskal Filmotekaren lankidetzarekin, gure ikus-entzunezko ondareko pieza historikoa eta ia ikusi gabea aurkeztuko du, Los hijos de Gernika 1968an Venezuelan, klandestinitatean, egin zen propaganda politikorako film labur dokumentala.

EMANALDI BEREZIAK
Mundu osoko emakumeek egindako zinearen ikusgarritasuna eta ikus-entzunezkoen industriako lanbide guztietan emakumeen presentzia eta lana gero eta handiagoa izaten laguntzeko xedez, eta aldi berean, berdintasuna eta askatasuna errealitate izatetik urrun dauden herrialdeetan emakumeak bizi duen egoeraren lekuko izanik, ZINEBI 61ek Again. Palestine. Palestinian Women Filmmakers programatu du, film luzez eta laburrez osatutako zikloa, egile begirada aipagarria duena. Komisarioa Reem Shileh, Jugoslavian jaio eta gaur egun Belgikan bizi den zuzendari palestinarra, izango da. Zikloak bost lan jasoko ditu: I Feel Nothing. Jumana Emile Abboud (8′, 2003, Palestina-Erresuma Batua), Ouroboros. Basma Alsharif (77′, 2017, Frantzia, Palestina, Belgika, Qatar), Am I the Ageless Object at the Museum? Noor Abuarafeh (15′, 2018, Palestina), Pasolini Pa*Palestine. Ayreen Anastas (51′, 2005, Palestina) eta Ibrahim: A Fate to Define. Lina Al Abed (75′, 2019, Libano, Palestina, Danimarka, Qatar, Eslovenia). Proiekzioa osatzeko, zinegileen eta zikloaren komisarioaren arteko topaketa irekia egingo da.

Oso bestelako tonua du Yo empecé pelando gambas izeneko saio bereziak. Horren bitartez EHUko Ikus-entzunezkoen Komunikazioko lehen promozioak omendu gura izan ditu jaialdiak. Belaunaldi horrek, gaur egun, estatu eta nazioarte mailan arrakasta duten filmak eta telesailak idazten, ekoizten eta zuzentzen ditu. Horrela, ikus-entzuleek Borja Cobeagaren (Cupido es áspero, 1998), Borja Cresporen (El trivial exterminador, 1993), Sra. Polaroiskaren (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe), (Tú y yo, 1996), Koldo Serraren (Photomatón 2, 1995), Nacho Vigalondoren (Tomar algo por ahí y eso, 1995) eta Haritz Zubillagaren (Autoestigma, 1999) lanak ikusteko aukera izango dute.

Horrez gain, 61. edizioan jaialdiak saio berezi bat proposatzen du, Iván Argüello zinegile nikaraguarrak zuzendutako Sergio Ramírez, La herencia de Cervantes en Centroamérica lanaren estatuko estreinaldiarekin. Literaturara egiten den hurbilketa interesgarria, Sergio Ramírez (Masatepe, 1942) idazle, kazetari eta politikari nikaraguar handiaren lanaren bitartez.

EL HOYO
ZINEBI 61ek, Bilbao – Bizkaia Film Commission-ekin lankidetzan, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako El Hoyo film arrakastatsuaren estreinaldia jasoko du Bilbon. Film horren munduko premierea Torontoko Nazioarteko Jaialdiaren 44. edizioan beldurrezko eta zientzia fikziozko erreferentea den Midnight Madness sailean izan zen. Izan ere, sail horretan parte hartu zuen gaztelaniazko zinta bakarra izan zen, eta zinemaldiaren historian Ikus-entzuleen Saria lortu duen Estatuko lehen filma. Estreinaldia Azaroaren 7an izango da, 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetan, eta talde tekniko eta artistiko guztia bertan egongo da.

Estatu Batuetako estreinaldia Austingo Fantasiazko Zinemaldian izan zen, eta, ondoren, Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldiaren 52. edizioan hartu zuen parte. Bertan lau sari garrantzitsu lortu zituen: Film Onena, Zuzendaritza Berria, Efektu Bereziak eta Ikus-entzuleen Saria.

Beste alde batetik, Edizio honetan ere, jaialdiak umeentzako espazioa erreserbatuko du, ZINEBITXIKI, eta bertan, Bilboko ikastetxe publiko eta pribatuetako umeek, orain arte Euskadin ikusi ez den aukeraketaz gozatu ahal izango dute. Hermína Týrlová (1900-1993) zinegile txekiar bikainaren sei film labur. Egungo zinearen historiako sortzaile ospetsuenetakoa da, animazioaren generoan batez ere, umeei zuzendutako lanak eginez batez ere.

ZINEBI NETWORKING
Aurten ere, jaialdia profesionalentzako topaleku ere izango da, zine dokumentalaren ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea bigarren foro profesionalean. Bertako talentua bultzatu eta Euskadiko ekoizpen dokumentala lagundu gura duen ekimena da. Horretarako, Euskal Produktoreen Elkartearen (EPE-APV), Euskal Telebistaren (ETB), Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BEAZ) eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren laguntza du. Gauzatze aurreratu edo ekoizpen fasean egon behar duten film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea joan den urriaren 14an itxi zen, eta 22 proiektu aurkeztu dira.

Jaialdiak sektoreko profesionalak deituko ditu, zuzendariei eta ekoizleei aholkularitza emango dion epaimahaia osatzeko, eta 10.000 €-ko saria banatuko du. Aukeratutako proiektuek batzordearen aurreko Pitching (proiektuen aurkezpena) saio batean hartuko dute parte. Saio hori, kreditatutako bertaratuei eta jende guztiari zabalik egongo da. Ondoren, aholkularitzarako bilera pertsonalak egingo dira ekoiztetxeen eta partaideen artean. Networking-a Azkuna Zentroko Bastida Aretoan izango da. Proiektu dokumental irabazlea zein den ZINEBI 61en amaiera ekitaldian jakinaraziko da, azaroaren 15ean, 20:00etan, Arriaga Antzokian.

EGOITZAK ETA SARRERAK
Aurten ere, jaialdiak hainbat egoitza izango ditu: Arriaga Antzokia, Golem – Alhondiga zine-aretoak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, BBK Aretoa, Arte Ederren Museoa eta Campos Antzokia. Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem – Alhondiga zine-aretoetan emango diren proiekzioetarako banakako sarrerak (4,5 euro) eta 10 saioko bonoak (35 euro) eskuratu ahal izango dira, urriaren 28tik aurrera, Golem zine-aretoetako txarteldegian. Berrikuntza gisa, edizio honetan, ZINEBIk bono bereziak aterako ditu erretiratuentzat (60 urtetik gorakoak), langabetuentzat eta 26 urtetik beherako ikasleentzat. Bono merkeago horrek 20 euro balioko ditu (10 sarrera).